Joseba Arregik kalean behar duela aldarrikatu dute Oñatin
Joseba Arregi Erostarbe aske utzi dezatela aldarrikatzeko manifestazio jendetsua egin dute bere herrian, Oñatin, gaur arratsaldean. 77 urte ditu Arregik eta 31 urte daramatza preso.
Joseba Arregi Erostarbek etxean behar duela aldarrikatzeko manifestazio jendetsua egin dute Oñatin ostiral arratsalde honetan, «Gradu erregresiorik ez. Joseba etxera» lelopean.
Arregi duela hiru egun itzularazi zuten berriro Martuteneko kartzelara, egun batzuk kalean igaro ostean. Aurreko astean Lakuako Gobernuko Justizia Sailak hirugarren graduan sailkatzea onartu zuen, baina Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, azkenaldian sistematikoki egiten ari den bezala, helegitea jarri zuen erabaki horren aurka eta epaitegi bereziak onartu egin zuen. Ondorioz, hirugarren gradua eten eta espetxera itzuli behar izan zuen 77 urteko oñatiarrak.
Izan ere, egun indarrean dagoen doktrina berriaren arabera, hirugarren graduaren aurkako helegite bat aurkezten denean horrek berehala espetxera itzultzea dakar.
Bigarren aldiz espetxera
Oñatiarraren kasuan, gainera, 3. gradua jaso ondoren kartzelara bueltatu behar izan duen bigarren aldia da. Aurrekoan zortzi hilabete egin zituen kalean. Dagoeneko 31 urte daramatza preso Joseba Arregik, 1992an Bidarten atxilotu zutenetik. Etxeratek ohartarazi duenez, hainbeste urteko espetxealdiaren ondorioz «multipatologia» asko ditu. Zigorraren hiru laurdenak 2019ko ekainean bete zituen eta frantziar Estatuan preso egin zituen 10 urteak aintzat hartu izan balizkiote «badira urte batzuk aske egon beharko zuela».