INFO

Santa Graziko Herriko Etxeak Kakuetako arroilen gunea hetsirik mantentzea erabaki du

Santa Graziko udalerriak Kakuetako arroilak hetsirik mantentzea 2023ko denboraldirako erabaki du. 2020an istripu larria gertatu zen arte, Zuberoako tokirik bisitatuena zen naturagunea.

Kakuetako arroilen gunea itxi zuten 2020ko udaran luizi baten ondotik emazte bat hil ondoren. (Naiz)

«Santa-Graziko udalerriak erabaki du Kakuetako arroilen gunea 2023ko denboraldian itxita mantentzea». Mezu hori bere webgunean ezarririk aditzera eman du Zuberoako herriko Udalak 2020an istripu larria gertatu arte herrialdeko tokirik bisitatuena zen naturaguneak itxita jarraituko duela.

Nolanahi ere, naturagune berezia ezagutzeko bideoa ikusgai du Udalak bere webgunean.

Gironda eskualdeko emazte bat hil zenetik Santa Graziko herrian kokaturik dagoen Kakuetako Arroila hetsia da. Luizi bat gertatu zen arroilan 2020ko uztailaren 31an, bisitari anitz zegoen egunean eta eroritako harriek 31 urteko emazte bat kolpatu zuten. Beste hiru lagun zauritu ziren.

Istripu larri horren ondorioz Kakuetako Arroila itxi zuten, ezbeharra nola gertatu zen ikertzeaz gain naturagunearen segurtasuna aztertzeko.

Hala, mendiko lurren zaintzaz arduratzen diren zerbitzuek lehen ikerketa bat burutu zuten eta horrek agerian utzi zuen zenbait lekutan hauskortasunak zeudela harrian.

Lehen ikerketa egin ondotik, adituek gomendatu zuten bigarren bat egitea beharrezkoa zela natur gunearen segurtasuna bere osotasunean ikertzeko. Bistan da, azterketa horien egin artean Kakuetako arroilen gunea hetsia mantentzeko deliberoa berretsi zuen Udalak 2021ean.

«Santa Graziko udalerriak erabaki du Kakuetako arroilen gunea hetsirik mantentzea 2022ko denboraldirako». Herri zuberotarrak 2022ko martxoaren 9an jakinarazi zuen, aurreneko urtean bezala, iaz ere turismo gunea ez zuela berriz irekiko.

Mezu bera baliatuz jakin berri du Udalak aurtengo udan ere Kakuetako arroilen gunea bisitatzeko aukerarik ez dela izanen.

Kakueta, Pirinioko Amazonia

Kakuetako arroilak eta Ehujarreko arroilak euskal Pirinioetan ezkutatutako mirari naturaletako bi direla oroitarazten du naturaguneari NAIZek plazaraturiko Euskal Herriko Gidak Zuberoako ondare natural horri eskainitako atalean.

Zehazki, lehenak turismorako egokituta daudela, «baina bere erakargarritasun basatiari uko egin gabe», eta Ehujarreko arroila ezagutzeko aldiz, mendizale edo abenturazale arima eta oinak behar direla nabarmentzen aipaturiko gidan.

Santa Graziren sarreran, Kakuetako arroiletako lau kilometroen sarreran (bi joateko, eta beste bi itzultzeko) burdinazko ate bat dagoela oroitarazi ostean pare bat datu gehiago eskaintzen ditu gidak.

Hala azaltzen duenez «mirari natural horren sakonera 30 eta 350 metro artekoa da, eta, zenbait zatitan, ‘Grand Endroit’ izena duen pasaian, adibidez, haizpitarteko bi horma bertikalak ia elkarri itsatsita daude, eta pasatzeko metro gutxi batzuetako tartea uzten dute».

Izan ere, paseoa ez dela batere zaila gehitzen du, barandak markatutako bidetik eramaten duelako bisitaria. Baina, hori bai, gidak oharra gehitzen du «arroiletan zehar abiatzen denak oinetako onak eraman beharko ditu, ez irristatzeko oso erraza baita».

Tamalez, 2020ko udan gertatu zen istripu lazgarriak arriskua aintzat hartu beharrekoa dela agerian utzi zuen. Bezperan bero handia egin zuen Zuberoan eta muturreko tenperaturen ondorioz ekaitza heldu zen. Horrek eragin omen zuela luizia.

31 urteko emazte bat hil zen harriek bete-betean kolpatu zutenean beste hiru lagun –beste emakume bat, gizonezko bat eta neska gazte bat– zauritu ziren.

Istripua gertatu eta arroilaren gunea itxi zuten. Geroztik ez du bisitarientzako ateak ireki.