INFO
Interview
Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues
Max sarien irabazleak

«Bada talentua eta maila, baina gure onena emateko egitura falta dugu»

40 urte beteko ditu aurten Tanttaka Teatroak eta opari gisa jaso dute Arte Eszenikoen Max saria. Cadiz eta Bogota arteko punturen batean harrapatu ditugu bi sortzaileak, elkarrizketekin telefonoa bero, nekatuta eta kontent, aitortza ongi ospatuta. Ekoizpen lan onena izendatu dute ‘Sexberdinak’.

Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues, Max saria jaso zuten unean, Cadizeko galan. (FRANCIS | EUROPA PRESS)

Astelehenean Arte Eszenikoen Max saria irabazi zuen Tanttakak. Ekoizpen onena izendatu zuten ‘Sexberdinak-Sexpiertos’ Mireia Gabilondok zuzendu, Kepa Errastik eta Telmo Iruretak idatzi, eta Aitziber Garmendiak eta aktore zumaiarrak berak antzeztutako lana. Gabilondorekin eta Fernando Bernuesekin mintzatu gara. Konpainiaren bigarren hanka da bera.

Biharamun gozoa dute Cadizen. Galaren ondotik ederki ospatu zuten saritutako eta izendatutako euskaldun pilarekin batera, eta zorionez betetako asteartea izaten ari da. Goizeko bederatzietan hasi dira elkarrizketa eta argazkiekin eta arratsaldeko zazpietan oraindik ez dira gelditu.

Urtebetetze opari ederra jaso duzue.

Fernando Bernués: 1983ko udan jaio zen Tanttaka Teatroa, oso gazte ginela gauzak egin nahian hasi ginenean. 40 urte egin ditugu eta lau Max ditugu, bat hamar urtean behin.

Arima pozteaz gain, zer eragin dauka halako aitortza batek? Paco Mirrek (Tricile) adierazi zuen ez duela ezertxo ere konpontzen.

Mireia Gabilondo: Ateak irekitzen dizkizu.

F.B.: Argi bat pizten da egun batez eta animatu egiten zaitu. Egia da ez dizula bizitza aldatzen. Egindakoak perspektiba eta esperientzia ematen dizu, baina ez dizu ezer bermatzen eta lanean jarraitu behar duzu. Ikuskizunak desagertu eta berriak etortzen dira eta ikuskizun bakoitza irekitzen duzun jatetxe berri bat bezala da. Hori da ofizioaren zorakeria zoragarria.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuari esker jaio zen ‘Sexberdinak’. Eskerrak eman zenizkioten ekitaldian udalen sare horri, kultur politikak sormenera bideratzeagatik. Bada beharra, ezta?

F.B.: Gure herrian gauza inportanteak gertatu dira, duela 40 urte amestu ere egiten ez genituenak. Antzokiak ditugu herri ugaritan, baina instituzionalki gabezia bat dugu oraindik sorkuntzan. Ekimen pribatuak sostengatzen du sorkuntza, baina ekoizpen-marko publiko bat falta da. Bere hizkuntza eta kontatzeko istorio asko dituen herri batean instituzionalki sorkuntza eszenikorako espaziorik ez egoteak, ekimen publikoak sustatua, liga eta espazio batzuetan ezin lehiatzea ekartzen du. Egitura falta horrek arreta ematen du, baita antzoki publiko nazional bat izateko mugimendurik ez egoteak ere. Azken urteetan Max Sarietan  sortzaile euskaldun ugari egon da. Bada talentua eta maila, baina ez dago egiturarik gure onena eman dezagun eta mingarria da hori. Horregatik, Udalbiltzaren ekimena inportantea da. Sorkuntza dirua eta espazio bat emanez laguntzea eta era berean zabaltzeko aukera ematea oso ederra da. Nahiko genuke sorkuntza garaikidean zentratutako halako ekimen gehiago egotea.


«Dena da pixka bat kontraesankorra eta antolatzeko zaila, gurpil zoro bat bezalakoa. Asko ekoiztu eta gutxi saltzen da»

 

‘Sexberdinak’ obrako kideez mintzatzea nahi nuke. «Milesker, Telmo, ezagutzen dudan pertsonarik ausartena zara», erran zenuen galan, Mireia. Ederrena obrak garun paralisia duten pertsonei begiratzeko era aldatu duela entzutea izan da zuretzat.

M.G.: Proiektu hau Telmo Iruretarekin lan egiteko gogoagatik sortu zen. Aurretik beste piezatxo bat egin genuen, ‘Striptease’, eta oso gustura aritu ginen. Telmori eta Kepa Errastiri testu bat idazteko proposatu nien nik botatako ideia batzuekin, Telmok gauza batzuez hitz egiteko. Pentsatu genuen Aitziber Garmendia eta biak izango zirela aktoreak. Bi pertsonaia polit sortu ditugu eta lan itzela egiten dute. Beraien artean oso harreman ona dute. Guztiekin askotan lan egindakoa naiz eta lasai aritu gara, ondo ulertu dugu elkar, eta emaitza polit bat sortu dugula esango nuke. Horretaz gain, gure proposamena izan da gertutasuneko lan bat egitea, non publikoa gurpildun aulkietan eserita dagoen eta 70 pertsona sartzen diren emanaldiko. Bukaeran bueltatxo bat ematera gonbidatzen ditugu gurpildun aulkian.

Ibilbide polita egiten ari zarete eta aitzinetik emanaldi aunitz dituzue.

M.G.: Kolonbiara goaz denok, Bogotara, ‘Sexpiertos’-ekin eta Tanttakan daukagun beste antzezlan batekin, ‘Mi hijo solo camina un poco mas lento’.

Gutxienez bi hizkuntzatan egin ohi dituzue obrak, euskaraz eta gaztelaniaz. Batzuetan katalanez ere bai.

M.G.: Bai. ‘El Florido Pensil’ galegoz ere egin genuen.

Mugarria izan zen obra hori.

M.G.: Gutxitan gertatzen diren gauza horietako bat. Halako arrakasta soziala lortzea eta hainbeste urtetan lanean jarraitzea. Hamar urte pasa zirenean berriro egin genuen, gero neskena ere bai. Poztasun handiak eman zizkigun.

Konpainia eklektikoa zarete. Zein da zuen lan egiteko era?

M.G.: Talde bezala, aldiro zer gogo daukagun edo nondik jo nahi dugun, ez daukagu kale bat bakarra erabiltzen duguna. Batzuetan gaia da ildo inportanteena, besteetan estetika. Esango nuke badaukagula zigilu bat. Askotan liburu bat irakurtzen ari gara, pentsatzen dugu antzerkira eramateko aproposa izango litzatekeela, eta egokitzen hasten gara. Nahiko irekiak gaude, bizitzen eta sentitzen dugunaren arabera egiten dugu lan. Ez dugu beti aktore berekin lan egiten; ikuskizunaren arabera aukeratzen ditugu.

Solasta gaitezen martxan dituzuen bertze obrez. Lehen aipatu duzue ‘Semea pixka bat motelago dabil soilik’. Balkanetako testu bat, hagitz saritua, egokitu duzue.

M.G.: Ivor Martinic Kroaziako idazlearena da. Gustura gaude. Oso emanaldi hunkigarria eta beharrezkoa da. Familiarteko harremanez hitz egiten du honek ere.

F.B.: ‘El nadador de aguas abiertas’ ere badugu, K Producciones-ekin elkarlanean. Beraiek egin dute ekoizpenaren zatirik handiena. Pozik gaude. Abendurako ekoizpen berri bat prestatzen ere ari gara. Oso gustuko dugun nobela batean oinarritutako lana da, ‘Del color de la leche’, Nell Leyshon idazle ingelesarena.


«Abendurako ekoizpen berri bat prestatzen ari gara. Oso gustuko dugun nobela batean oinarritutako lana da, ‘Del color de la leche’ Nell Leyshon idazle ingelesaren nobelan»



Beti duzue proiektu bat baino gehiago esku artean.

F.B.: Lehen ekoizpen bat bukatu eta hurrengoan pentsatzen zenuen. Orain, produkzio bat estreinatu berri, bizpahiru proiektu izan behar dituzu etapa ezberdinetan. Antzoki askok hemendik urtebeterako programazioak ditu. Lehen, ondo bidean, obra batekin 250-300 «bolo» egiten genituen; orain, berriz, oso zaila da 40 emanalditik gora egitea. Hortaz, egitura mantentzeko gehiago ekoitzi behar da eta, ondorioz, merkatuan gero eta gehiago pilatzen dira produkzioak. Dena da pixka bat kontraesankorra eta antolatzeko zaila, gurpil zoro bat. Hemen asko ekoiztu eta gutxi saltzen da.

M.G.: Urtebete pasata ikuskizun bat jada bukatu egiten da.