Kantxan zoriontsu izanda berreskuratu du Bera Berak Kopako tronua
Bera Berak bere zazpigarren Kopa irabazi du finalean Granollers mendean hartu ostean (31-25). Hasiera gorabeheratsuaren ostean, donostiarrak nagusi izan dira eta atsedenaldirako errenta dotorea lortu dute (16-11), bigarren zatian mantendu dutena. 2024an Gipuzkoak jasoko du Kopako azken fasea.
Ezbairik gabe Bera Berak disfrutatu egin du Malagan jokatu den Kopa txapelketan. Helburu nagusia horixe zen eta hori oinarri hartuta, garaipenaren bidea marraztea. Aspaldi Kopan gertatu ez bezala, gorputz uzkurtu eta urduriak pabiloitik kanpo utzi eta konfiantzaz beterikoak kantxaratu dira; konfiantzaz baina ez gehiegi sinetsita, baizik eta galtzeko ezer gutxi eta irabazteko asko zeukatela benetan barneratuta.
Kontu bat diskurtsoa delako –aste osoko adierazpenetan behin eta berriz errepikatu zuten «disfrutatu» eta «kantxan zoriontsu izan» behar zutela, ordu batzuk lehenago halaxe nabarmendu zuen Mariane Fernandesek bere Instagramean– baina beste gauza bat da diskurtsoarekin bat egitea. Uztartu dituzte diskurtso eta jokaera eta hortik atera da Bera Bera txapeldun bat, kanporaketetan galduta zuen lehiakortasuna berreskuratu eta berriro ere Kopako tronua bere egitea.
Malagan irabazi zuen denboraldiko lehen garaikurra, Superkopakoa, eta hor atzeman zen aurtengo Bera Bera ezberdina izango zela, azken hiru urteetan ihes egindako garaikurra arerioaren etxean altxatu baitzuen. Izan ere, partida bakarrera, hil ala bizi, kale edo bale horietan talde hauskorra bilakatu izan da erregulartasunaren babesean garaiezina den ekipoa. Aurten, baina, hori ez ezik, lehiakortasuna bukaeraraino eramatea lortu du Imanol Alvarezek eta atzo irabazitako Kopa izan daiteke horren erakusle.
Granollersen lehen finala
Bera Bera hasieratik zen irabazteko faborito baina Tati Garmendiak NAIZi onartu legez, ez zen faborito bakarra. Kopan ematen diren ezustekoez ere mintzatu zen, baita Imanol Alvarez entrenatzailea ere. Granollers aipatu zuen prentsa agerraldian, Robert Cuesta taldera batu denetik hobekuntza bat nabari zuelako. Gutxik espero lukete talde katalana finalean –ligan jaitsiera saihesteko borrokatuko du– baina horrelako ezustekoek egiten dute Kopa berezi. Bera Berak bere azalean sufritu du edertasun hori azken hiru edizioetan eta aurtengoan, aurreko txapeldun Malagari egokitu zaio.
Atzokoa lehen finala zuten katalanek; donostiarrek, berriz, 16.ena. Hasiera gorabeheratsua izan dute gipuzkoarrek eta Nicole Wiggins atezainak eginiko lehen bi geldituekin mamuak ere azaleratu dira. 4 minutu behar izan ditu Bera Berak lehen gola egiteko eta 10. minutura arte ez du berdindu dema. Sentsazioa zen behin berdintuta eta gutxieneko errenta edukita, Bera Bera geldiezina izango zela Granollersentzat, eta halaxe izan zen; hala eta guztiz ere, katalanek ez dute sekula besorik jaitsi eta azken txanpara arte, adi jokatu behar izan dute donostiarrek.
Etxeberriaren lehen goletik zuzenean garaipenera
Maitane Etxeberriak 14. minutuan eginiko golarekin jarri da aurretik lehen aldiz Bera Bera (6-5) eta behin Esther Arrojeriak jokoaren gidaritza hartu duenean –Elke Karsten ordezkatu zuen–, Mariane Fernandesekin sortu duen konexioak errenta hiru golera handitu du (9-6, 20. minutuan). Arcos eta Gavilanek atea zulatu dute aldea gorenera eramateko (11-7) eta lehen zatiko azken txanpan kolpeak elkartrukatuta –Arrojeriak bi gol egin ditu kontragolean– 16-11ko emaitzarekin iritsi dira atsedenaldira.
Alice Diva atezain brasildarraren parte-hartzea ezinbestekoa izan da (9 gelditu lehen zatian) eta Nicole Wiggins arerioa ere fin ibili den arren –oro har, geldiketa gehiago egin ditu–, erasoan akats gehiago egiteak baldintzatu du Granollersen finala. Esaterako, Somazak ez du golik lortu –zortzi gol egitetik zetorren– eta Castañera hegalekoak 5etik bakarra sartu du,
Capdevila, Vegue eta Milagrosen golek bizirik mantendu dute Cuestaren taldea baina bost goleko errenta iraultzea gehiegizkoa zen. Bigarren zatia hasi eta berehala, gainera, bost baloi galera egin eta Karstenen bi golekin, 18-11ko markagailua jarri du Bera Berak. Borrokatu du talde katalanak eta 0-4ko partziala ere ezarri du, Imanol Alvarezen haserrerako (24-21). Malena Cavok hiru jaurtiketa erratu ditu eta defentsan kamuts aritu ziren.
Kontragolean aurkitu du Bera Berak oxigenoa –Louisek egin du 25.en gola– eta Arcos eta Mariane Fernandesen bina golekin, Gavilanen beste batekin eta, tartean, defentsa ona zein Alice Divaren geldituekin, 5-1eko partziala ezarri eta partida erabakita utzi du (28-22, 56. minutuan).
Irribarreak nagusi izan dira txapelketa osoan, defentsako jokaldi ona zein gola modu berean ospatu dituzte, partidan guztiz sartuta. Kantxan zoriontsu izanda berreskuratu du Bera Berak Kopako tronua.
Bera Bera: Alice; Cavo (2), Etxeberria (3), Karsten (2), Polonio (1), Arcos (5), Loidi (1). Aalla (o.a.), Hernandez (4), Fernandes (7), Arrojeria (2), Erauskin (2), Louis (1), Gavilan (2), Boada, Menendez.
Granollers: Wiggins; Milagros (5), Gonzalez (2), Kofler (2), Somaza, Vegue (6), Capdevila (4). Mera (o.a.), Brasil (3), Ben Chayhab (2).
Epaileak: Marin Lorente eta Garcia Serradilla. Bera Beratik Fernandes eta Karsten kanporatu zituzten; Granollersetik, Kofler eta Castañeda (2).
Markagailua: 1-2, 3-4, 6-5, 9-6, 13-9, 16-11; 18-12, 21-14, 23-18, 25-21, 27-22, 31-25.