INFO

ELAk Maiatzaren Leheneko mobilizazioak aurkeztu ditu: «Grebek herri justuagoa egiten dute»

ELA sindikatuak manifestazioak deitu ditu Bibon eta Iruñean Maiatzaren Lehenean, pentsioen eta soldaten aldeko grebak bultzatzen jarraituko duela azpimarratzeko. Astelehen honetan aurkeztutako urtekariaren arabera, iaz lau egunetik behin garaipen bat lortu zuen sindikatuak.

Muñoak eta Lakuntzak 'Borrokan, irabazteko' kanpaina aurkeztu dute. (ELA SINDIKATUA)

Aurtengo Maiatzaren Lehenera soldaten eta pentsioen aldeko defentsan murgilduta iritsiko da ELA, eta horregatik ‘Borrokan, irabazteko (En la lucha, para ganar)’ leloa hautatu du. Aurten, sindikatuak deitutako mobilizazioak Bilbon eta Iruñean izango dira

«Europan greba uholdea dago; frantziar Estatuko, Portugalgo, Alemaniako eta Erresuma Batuko sindikatuak soldaten eta pentsioen alde mobilizatzen ari dira. Grebak ez dira iraganeko gauza bat, batzuek hala esan arren: gaurkotasun handiko tresna dira. Euskal Herrian ere langile asko greban daude edo egon dira. Hona datua: iaz, Estatuko greben %56 Hego Euskal Herrian egin ziren, adibidez», adierazi dute astelehen honetako prentsaurrekoan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak.

Lakuntzaren esanetan, «ELA, herri honetako sindikatu nagusia den heinean, harro dago Euskal Herria greba egiten buru delako. Lotura zuzena dago greba eta lorpenen artean. Berez, greba egiteko gai izateak patronalaren jarrera baldintzatzen du. Soilik konfrontazio eredu sindikaletik egin dakioke aurre pobretze testuinguruari. Elkarrizketa soziala, sindikalismoaren instituzionalizazioa edo moderazioak bide antzuak dira: mahai horiek hutsik daude eta patronala eta gobernuen kontrolpean daude».

ELAren ustez, grebek herrialde hobea egiten dute «lan eta bizi baldintza hobeak dituen herrialde bat herrialde justuagoa delako».

Muñoa: «ELAk lau egunero garaipen bat lortu du»

‘Borrokan, irabazteko’ leloaren isla zuzena da ELAk astelehen honetan aurkeztu duen 2022ko urtekaria. 48 orrialdetan, iaz lortutako 86 garaipen sindikal jasotzen ditu: «Sektore eta eskualde guztietan milaka langilek euren lan eta bizi baldintzak hobetu dituzte ELAren eskutik», azpimarratu du Amaia Muñoak. Urtekariaren 105.000 ale banatuko dira, eta afiliatu guztien etxeetara bidali da.

«Argitalpen honetan, hemendik aurrera urtero editatuko duguna, agertzen da oso modu argian zein den ELAren indarra: bere militanteen konpromisoa eta borrokak, negoziazio kolektiboaren fruituak eta zerbitzu juridikoen ezinbesteko lana».

Soldaten zein pentsioen kasuetan, genero irakurketa argia dago: «Patronalak gogor blokeatzen ditu emakumeak lan egiten duten arloetako hitzarmenak: zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, merkataritza, ostalaritza edo garbikuntza», adibide batzuk jartzearren. Hala ere, sektore horietako batzuetan akordio «onak» lortu ditu ELAk azken asteotan, betiere greba eta gatazkaren bidez, agerraldian nabarmendu duenez.

Muñoak gogoratu duenez, «hitzarmen on bat ez da zerutik erortzen. Lan eta bizi baldintzak hobetzeak zerikusi zuzena du antolatzeko eta konfrontatzeko gaitasunarekin; hori da sindikatuaren eginkizun nagusia».

ELAk hainbat atal eta esparrutan lan egiten du, eta aurtengo manifestazioak horren isla izango dira. Maiatzaren Leheneko mobilizazioak eta deialdiak Bilbon eta Iruñean izango dira. Bilboren kasuan, 11.30ean Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da; Iruñean, ordu berean, Gurutze plazatik.