INFO

Astelenan ikuskizuna emateko prest, hitzordua egin dute Altunak eta Elordik

Azaroan Lau eta Erdiko Txapelketan erraz nagusitu zitzaion Amezketakoa Elordiri, eta Unai Laso 9 tantoan laga eta gero, gipuzkoarra izango da faborito. Hargatik, «galtzekorik gabe, dena irabazteko» duela kantxaratuko omen da igandean Eibarren Aitor Elordi.

Lau eta Erdiko finalerdietan aurrez aurre izan ziren bi pilotariok. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Igandean Eibarko Astelena pilotalekuan jokatu behar dute buruz buru Jokin Altunak eta Aitor Elordik, A multzoko ligaxkari dagokion bigarren jardunaldian. Astearte honetan izan dira biak ala biak material aukeraketan, baina pilotak halakoak edo bestelakoak direla esatea baino garrantzia handiagoa izan du pilotarien egoera fisiko eta batik bat animikoa aztertzea. Biek ala biek aurreneko jardunaldian 22 tantoak harrapatu zituzten; 19an laga zuen Mallabiko aurrelariak Danel Elezkano eta, bestalde, sekulako erakustaldia eman ostean, 9 tanto baino ez zizkion egiten laga Altuna III.ak Unai Laso Buruz Buruko egungo txapeldunari.

Ondorioz, Eibarko partida irabazteko faborito Amezketako aurrelaria izango bada ere, izotz apur bat bota nahi izan dio euforia orori Altunak. «Kontziente nintzen Unai 9 tantoan lagatzeko lan oso ona egin behar dela eta ikusten nuen partida oso oso ona egiten ari nintzela, baina, hori orain pasata dago. Partida txarragoa egindakoan dagoeneko ez naiz gehiegi itsutzen eta gainera, badakit partida ona egin ondorengo loreekin erlaxatuz gero, badakit zer datorren. Beraz, ahaztuta dago eta hurrengoaren bila noa», adierazi du aurrelari gipuzkoarrak.

«Ez orain bakarrik, denbora asko daramat oso oso gustora sentitzen naizela. Fisikoki ondo aurkitzen naiz, gauza garrantzitsua baita pilotari batentzat inongo minik gabe partidei aurre egin ahal izatea, eskuetatik ere ongi aurkitzen naiz eta inolako aitzakiarik gabe», gaineratu du.

Aurreko asteetako materiala baino «baxuagoa eta irteera gutxiagokoa» omen da Astelenan Altunak aurkitu duena, baina zentzu horretan, ez du kexarik adierazi. «Binaka aukeratzea izan balitz, komeria gehixeago izango genuen, baina banaka lau pilota aukeratzen direlako, nahiko ongi», azaldu du.

Gozatzeko partida

Altuna faborito izango dela jakitun, Aitor Elordik «gozatzeko partida» bat izango dela deritzo bere aldetik. «Igandean ikusi genuen Jokin nolako joko puntuarekin iristen ari den. Nik uste bere joko punturik onenarekin dabilela, baina ez igandean egindakoagatik bakarrik, aurreko partidetan erakutsia kontuan hartuta baino. Baina ni ere sentsazio onekin nabil azken aldian eta gozatzeko aukera handi bat izango da hau. Galtzeko barik aterako naiz kantxara eta, era berean, dena ematera eta ahalik eta gehien estutzeko asmoz. Mentalitate horrekin, garaipenaren bila joango naiz», iritzi dio Mallabiko pilotariak.

Ligaxka honetan aurrera egiteko aukera paregabea dauka Aitor Elordik berak ere, Danel Elezkano gainditu eta gero. Hargatik, harrigarri xamarra egin da aurrelari bizkaitarra «galtzekorik gabe» azalduko dela Astelenara aditzea. Nolanahi, Elordiren hitzetan, «egun dagoen pilotari onenaren aurka ez dut uste ikararik sentitu behar dudanik. Normalena galtzea litzateke, baina horregatik, ikararik gabe, irabazteko dena daukat bere aurka. Horren bila atera naiz, sorpresa ematera».

Gogoan izan behar da Jokin Altunak eta Aitor Elordik elkarren aurka jokatu zutela Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietako baten, joan den azaroan. Orduko hartan Amezketakoa erraz nagusitu zen, 22-7, Elordi berak erabili ohi duen sakearen eta errematearen aldeko joera horri sekulako etekina aterata.

Edonola ere, denbora pasa dela adierazteko tartea hartu dute biek ala biek, batez ere Mallabiko aurrelariak elitean egonkortzeko eman duen pausoa lekuko. «Partida hura aspaldi jokatu genuen eta distantzia bera ere beste bat da. Ordura arte hobetzen ari bazen, handik aurrera gainera nik uste hobetzen jarraitzen du. Ni ere bai, baina horregatik bete-beteko partida ikusten dut, Aitor aurkari gogorra baita. Jokoaren alor guztietatik hobetu du eta horregatik oso estu ikusten dut», azaldu du Jokin Altunak.

Bere buruari lorerik botatzeke, antzeko iritzia azaldu du Elordik berak ere. «Jokin aurrean denean gauzak zail jartzen ditu beti, aurkaria nornahi izanda ere, baina Lau eta Erdiko hori atzean geratuta dago; orain beste aukerak bat daukat aurrean eta nire helburua bera ahalik eta gehien estutzea izango da. Jokin estutzea, kantxan gozatzea eta, ahal dela, 22ra iristea».

Nolakoa izango ote da partida? Zentzu horretan, Altuna III.ak ez du zalantzarik azaldu. «Azkarra», erantzun du. «Ez dut uste partida asko luzatuko denik; lurra azkarra da eta biok ere, momentu onean iristen garelako, elkarri min emango diogula uste dut. Horrez gain, errematean ere biok fin gabiltza eta hargatik, uste dut erritmo handiko partida izango dela, baina ez oso luzea», gaineratu du, pozik, biek ala biek zale dexente mugituko duten esperantzarekin eta «ikuskizun ona» emango dutelakoan.