INFO

Superberriak katea, langile bat jazartzeagatik 28.533 euro ordaintzera kondenatuta

Bilboko Alde Zaharrean Superberriak kateak duen dendako langile bat jazarri eta haren osotasun fisiko eta moralerako eskubidea urratzeagatik 28.533,67 euro ordaintzera kondenatu dute supermerkatuen taldea. LAB sindikatuak zabaldu du informazioa.

BM supermerkatu katearen Bilboko denda baten artxiboko argazkia. (EUROPA PRESS)

Langile batek Superberriak supermerkatu katea salatu zuen, Bilboko Alde Zaharreko dendako nagusiaren partetik laneko jazarpena jasan zuelako, LABek zabaldu duenez. Epaiaren arabera, «ez zen aldizkako portaera hutsa izan, baizik eta, egindakoaren garrantziagatik, langilearen baliabide psikiko eta psikologikoak urratu ditzaketen jarrerak» izan ziren. 28.533,67 euro ordaintzera kondenatu dute supermerkatu taldea.

Sindikatuak jakitera eman duenez, dendako nagusiak, bere botere egoera baliatuta, langileari zehapen bat ezarri zion. Zigor hori indargabetu egin du epaileak, zehapena «neurrigabea eta justifikaziorik gabea» zela ebatzita. Hala ere, gertakari horiek guztiak direla-eta, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran egon da. Antsietate erreaktiboa pairatu du eta tratamendu psikologikoa ere behar izan du.

Epaiak berak jaso duenez, kaltetu egin da «langilearen osotasuna, fisikoki ez bada ere eraso egin baitzaio, aldi baterako ezintasun-prozesua eragin duen presio-jardueraren bitartez». LABen arabera, «enpresak, antzeko kasu gehienetan bezala, ezikusiarena egin du, eta ez dauka gatazka-, jazarpen- edo indarkeria-egoeretarako jarduera-protokolorik, ez eta arrisku psikosozialaren ebaluaziorik ere».

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan Arloko Salak uste du «langilearen osotasun fisiko eta moralerako eskubidea lan-harremanean kontuan hartu beharreko elementua dela, ez dela enpresatik edo lan-kontratutik kanpo geratzen, baizik eta horietan integratzen dela». Gainera, enpresak langilearen babes-betebeharrak ez betetzeak lan-kontratua urratzea ekarri du, eta horrek langilearen osasunerako eskubideari eragiten diola ebatzi du auzitegiak.

LABek salatu duenez, «gaur egun, prebentzio eza, indarkeria edo jazarpenak oso merke ateratzen zaizkie [enpresei]; gehienetan soilik langileok ordaintzen dugu gure osasunarekin, baina ikusten hasten badira prebentzioa ez egitea eta lanean jokabide jakin batzuk ahalbidetzea garestiago ateratzen zaiela, agian norabide onean hasiko dira urratsak ematen, hori besterik ez baitute ulertzen».