INFO

Albaceteko jokalari ohi Matilde Martinezek jasoko du Athleticeko ‘One Club Woman’ saria

Athleticek Matilde Martinezen futbol ibilbidea goraipatu nahi izan du ‘One Club Woman’ saria eskainiz. Gaztela-Mantxako jokalariak 20 urtez jokatu zuen Albacete taldean, horietako bost gorengo mailan.

Matilde Martinez, 2016-2017 denboraldian, Athleticen aurkako partidan, Maite Orozekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Futbola berarekin zorretan zegoen», adierazi du Athleticek bere komunikatuan. 2023ko ‘One Club Woman’ saria Matilde Martinezi emango dio, Albaceteko jokalari ohiari hain zuzen ere. 20 urtez jokatu zuen Gaztela-Mantxako taldean, horietako bost gorengo mailan.

14 urterekin hasi zuen futbol ibilbidea ‘Mati’-k eta 34rekin zintzililkatu zituen oinetakoak, bere bihotzeko taldearekin 1. RFEF mailara igoera lortuz. Izan ere, momentu gozoak zein gaziak bizi behar izan ditu Cuencako futbolariak. Gozoena, noski, 2014ean lehen mailara lortutako igoera historikoa dago, Fundacion Albacetek goia jo zuen unea, hain zuzen ere.

Bost denboraldiz mantendu zen elitean (2014tik 2019ra), ez sufrimendurik gabe, Matilde Martinez taldeko kapitain zela. «‘Mati’ bezalako jokalari baten ibilbideak emakumeen futbolaren munduarentzat suposatzen duen bultzada, futbolarekiko zuen pasioa bizimodua ateratzeko aukera ematen zion lanbidearekin uztartzeko gai izan baitzen», nabarmendu du Athleticek. Erizaina da Martinez, «garrantzi sozial handikoa, pandemia berrian egiaztatu ahal izan zen bezala».

Orain emakumezkoen futbola profesionala den honetan, urrats hau emateko itzalean lan egin zutenetako bat da Martinez. «Emakumezkoen futbolaren pixkanakako profesionalizazioa beti egongo da zorretan Matilde Martinez bezalako emakumeekin. 'Mati'-ren eta berak ordezkatzen dituen emakume guztien meritua apartekoa da. Hainbat emakume belaunaldik, euren formakuntza klubekin batera, gurditik tira egin zuten emakumezkoen futbola hazteko eta jokalari belaunaldi berriei etorkizun itxaropentsua eskaintzeko», dio komunikatuak.

Eli Ibarra Athleticeko jokalari ohiak emango dio saria Matilde Martinezi. Azkoitiarra ere aitzindaria eta erreferentea izan da. 15 urtez jokatu zuen talde zuri-gorriarekin, 413 partida jokatu eta 111 gol sartuta. Horrez gain, bost liga ere irabazi zituen. Matilde Martinez eta Eli Ibarra arerioak izan dira zelaian –hiru denboraldiz kointziditu zuten berdegunean– eta hurrengo ostegunean, maiatzaren 4an, San Mamesen, berriz ikusiko dute elkar, orain erreferente bilakatuta.