INFO

Euriaren meniak areago gozarazi du San Prudentzio eguna Gasteizen

Eguzkia lagun izan dute gaur Gasteizen San Prudentzio egunaren jaia ospatzeko. Euriaren arrastorik ez da izan aurten. Jendetza bildu zen erretretan eta danborradan eta jendetza hurbildu da ostiral honetan Armentiako zelaietara.

Armentian jendetza bildu da ostiral honetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Beroa eta eguzkia nagusi izan dira gaur Gasteizen, San Prudentzio egunean. Ohikoa denez, euriarekin heltzen da jaiegun hau, «Santu Pixontzia» ezizenaz ere ezaguna delarik San Prudentzio. Eguraldian azkenaldian izaten ari diren aldaketek esamolde hau dagoeneko zaharkitua gelditu dela iradokitzen dute. Gaur, aterkien ordez, txapela eta eguzkitako betaurrekoak izan dira nagusi.

Erretretaren doinuek eman zioten hasiera bart jaiegunari. Gaur, goizean goiz, bederatzietan, San Prudentzioren zortzikoa izan da egitarauko lehen hitzordua, Udala eta Arabako Foru Aldundiko agintarien parte-hartzearekin.

Gauean bezala, egunean zehar danbor hotsak Gasteizko Alde Zaharreko karriketan entzun dira. Bart San Prudentziorena izan zen, 25 elkarte gastronomikoen parte-hartzearekin. Eguerdian berriz atera dira danborrak eta txikienen txanda arratsaldeko seietan iritsi da, Probintziaren plazatik abiatuta.

Dena den, Armentiako ermita eta inguruko zelaietan izaten da festaren gune nagusia San Prudentzion. Eguzkia lagun dutelarik, jendetza bildu da bertan egunaz gozatzeko asmoarekin.

Protestarako tartea ere izan da Armentian. Hala, udal eta foru agintariak hainbat langileren kexak entzun behar izan dituzte, hala nola lan baldintzen homologazioa eskatzen duten Arabako egoitza pribatuetako langileenak; Tuvisako beharginenak autobusak zaharkituta dituztelako; suhiltzaileenak EPEaren auziagatik edota Indesako langileenak, lan hitzarmenagatik.

Hauteskundeetarako hilabete eskas falta dela kontuan hartuta, hautagaiek ere ez dute huts egin nahi izan eta Armentiako zelaietan izan dira bateko eta bestekoak.

Haurrentzako jolasak, herri kirolak, lehiaketa gastronomikoak eta 170 saltokitan erosteko aukera izan da Armentian San Prudentzio egunean. Berbenak, halaber, arratsaldean berotu du giroa, Berriztu taldearen eskutik.

Jakiei dagokionean, ohiturak perretxikoak –kiloa 45 euroan zegoen salgai– eta barraskiloak jan behar direla dio, eta hala egin dute hainbat lagunek, otordua eguzkiarekin gozatuta.