INFO

‘Las buenas compañías’ filmak irabazi du Ikusleen Saria Giza Eskubideen Zinemaldian

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak baditu bere saridunak. ‘The Lost Souls of Syria’ lanak jasoko du ostiral iluntze honetan Amnesty International saria. Horrekin batera, ‘Las buenas compañías’, Euskal Herrian kokatua, eta ‘Yellow’ film laburra ere txalotuak izango dira.

‘Las buenas compañías’ filmaren fotograma bat. (Giza Eskubideen Zinemaldia)

Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiko Ikusleen Sariaren irabazlea Silvia Munten ‘Las buenas compañías’ lanarentzat izan da, 9,20 punturekin. Munt beraren eta Jorge Gil Munarrizen gidoiarekin, istorioak 1976ra garraiatzen gaitu eta 16 urteko neska gazte baten begiekin ezagutuko dugu Euskal Herriak bizi zuen aldaketa garaia.

Beak borroka feministari ikusgarritasuna emateko eta abortatzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenak egiteko indarrak batzen ditu emakume talde batekin. Hilabeteetan zehar Mirenekin harreman oso estua egingo du. Neska hau bera baino zertxobait zaharragoa da eta familia onekoa. Aktibismo politikoa eta harreman berri hau Bearen bizitzan mugarri bat izango dira.

Errenterian garai hartan sortu zen emakume talde baten inguruko filma da honakoa, oraindik ere bizirik jarraitzen duena. Abortatu nahi zuten zenbait emakumeri Estatu frantseserako muga igarotzen lagundu zieten, bertan abortatzea legala zelako.

Gaia ez da berria. Izan ere, 2015ean Munarrizen Larrotxene kultur etxeko bi ikaslek film labur bat egin zuten horren inguruan. Gidoilariari istorioa gustatu zitzaion, eta harritu egin zen Euskal Herrian ez zelako ezagunegia. Orduan hasi ziren ‘Las buenas compañías’ filman lanean.

Arratsaldeko zeremonia

‘The Lost Souls of Syria’ izan da Amnesty International saria eskuratu duena. Stephane Malterrek eta Garance La Caisnek zuzendutako lana siriar erregimeneko artxibotik lapurtutako 27.000 argazkiren inguruko filma da. 2014an publiko egin ziren irudi horietan zibilak agertzen dira, atxilotuak eta hil arteraino torturatuak izan zirenak.

Biktimen senideak eta aktibistak saiatzen ari dira egia eta justizia bilatzen Europa osoko auzitegietan eta, bost urtez ikertzen eta borrokan jardun ondoren, agerian uzten dute zailtasun handiak daudela arduradunak epaiketara eramateko.

Amnesty Internationalek urtero ematen duen saria ebazteko orduan kontuan hartu dute, epaimahaiaren iritziz, ‘The Lost Souls of Syria’ filmak gordin-gordin erakusten digula, biktimen izen-abizen eta guzti, nazien krimenak gogora dakartzan gertaera bat, ustez gainditua genuena.

Jaialdia apirilaren 21ean hasi zen, eta ostiral arratsalde honetan amaituko da, zeremonia batekin, Victoria Eugenia antzokian. Zeremonia horretan banatuko dute Amnesty Internationalen saria. Aurtengo saria Koldobika Jauregi artistaren eskultura bat da. Liburu forma eman dio eta emakume afganiarren izenak dakartza orri markatzaileetan. Herrialde horretan emakumeek duten hezkuntzarako eta kulturarako oinarrizko eskubidea irudikatzen du.

Gazte Epaimahaiaren saria, berriz, ‘Yellow’ pelikula laburrak irabazi du, 8,44 punturekin. Elhan Ehsas zuzendari afganiarrak kontatutako istorioa da publikoa gehien harritzea lortu duena, hitz gutxi erabiltzen dituen arren. «Giza eskubideen aldarrikapen argi eta sentibera» eskaintzen dela uste du epaimahaikideetako batek.