INFO

Frankismoan Urduñako espetxeko presoak bortxazko lanak egitera behartu zituztela baieztatu dute

Urduñako Udalak eta Bizkaiko Aldundiak herriko kontzentrazio esparruko eta kartzelako presoak obra publiko zein pribatuak burutzeko erabili zituztela frogatu du Udalaren enkarguz egin den azterketa batek. 1937 eta 1941 bitartean lan-brigada iraunkorra osatu zuten.

Urduñako espetxeko biktimen deshobiratzea, herriko hilerrian. (IREKIA)

Urduñako Udalak egindako azterketa batek frogatu duenez, 1937tik 1941era Udalak berak eta Bizkaiko Aldundiak herriko kontzentrazio esparruko eta kartzelako presoak erabili zituztela obra publiko zein pribatuak egiteko.

Ikerlanaren helburu nagusia Urduñan 1937-1941 urteen bitartean egindako gatibu-lanen dimentsio kuantitatiboak eta kualitatiboak argitzea izan da. Emaitzak herritarren eskura egongo dira Udalak memoria historikoa zabaltzeko webgunean duen gunearen bitartez. Javier Gomez EHUko ikertzaile doktorea eta errepresio frankistari buruzko hainbat lanen egilea arduratu da lana egiteaz.

Lan horren emaitzari esker egiaztatu ahal izan dute Urduñako Udalak eta Bizkaiko Aldundiak kontzentrazio-esparruan eta Espetxe Zentralean zeuden presoak etengabe erabili zituztela, gerraren ondorioz suntsitutako espazio publikoak eta azpiegiturak berreraikitzeko ez ezik, baita era guztietako obra publiko eta pribatuak egiteko lan-brigada iraunkor gisa ere.

Azterketa bi dokumentu nagusitan banatzen da. Lehenengo dokumentuan udalerriko praktika esklabista aztertu eta berregiten den ikerketa historikoa aztertzen da. Dokumentu horretan, testuinguruarekin batera, biktimen eta biktimagileen berri ere ematen da.

Bigarren dokumentuak izaera grafikoa dauka. Baliabide sorta bat da, inoiz ikusi gabekoak batzuk, herritarrek gerrako presoen aurkako errepresioa ikusteko aukera izan dezaten.