INFO

Bi nafarrek irabazi dute Bilbon ospatu den Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketa

Giro paregabean ospatu dute, Bilbon, Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketa. 12 urtetik beherako kategorian, Aitor Ripa Eritze (Irurita-Baztan) izan da lehen postua eskuratu duena; 13 eta 16 urte bitartekoan, Izar Imbuluzqueta Arroabarren (Orkoien).

Aurtengo irabazleak, garaikurrekin. Aurten lehen aldiz ospatu da Bilbon txapelketa. (NAIZ)

Bilboko BBK Aretoak hartu du larunbat goiz honetan, Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketaren lehen edizio arrakastatsua. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 22 bakarlarik hartu dute parte, baita Nafarroatik etorritako bi taldek ere.

Azken 15 edizioak Hernanin ospatu ondoren, Bilbok hartu du lehen aldiz txapelketa hau. BBK Aretoan egin da, hain zuzen ere. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eta Bilbao Musikak antolatuta, aurten ere, arrakasta handia izan du jaialdiak. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat udalerritako 22 bakarlarik parte hartu dute (16 urte artekoak), baita Nafarroatik etorritako bi taldek ere: Sarasate Taldeak eta Iruñerria Taldeak.

12 urtetik beherako kategorian, Aitor Ripa Eritze (Irurita-Baztan) izan da lehen postua eskuratu duena. B kategorian, 13 eta 16 urte bitarteko bakarlariei zuzendua, Izar Imbuluzqueta Arroabarren (Orkoien) izan da irabazlea. Bi talde inskribatu direnez D kategorian, biek hartu dute parte atsedenaldietan beren obrak interpretatuz.

Aurten, Maite Sagastibeltzak, Iker Larraurik eta Maite Lomasek osatu dute epaimahaia. Epaimahai horrek arretaz entzun ditu gazte lehiakideek euren aurrean interpretatu dituzten doinuak, eta irizpide hauetan oinarritu behar izan dituzte beraien puntuazioak: exekuzioa, interpretazioa, soinuaren kalitatea, obraren zailtasuna eta emanaldia.

Hirurek lan zaila izan dute, aurten parte-hartzaileen maila oso altua izan baita. Beraien talentua urtetik urtera handitzen doa.

Era berean, eta sariak banatu aurretik, zozketa bat egin da, Gancedoko txistu enbor granadillo bat (Jose Ma Gancedo), Ezpelako txistu granadillo bat (Raúl Pariente) eta Agirreren Buruzagi bat zozketatu dira.

Interpretazio guztiak amaitu ondoren, 14.30ak aldera, sariak banatu dira. Ekain Basterretxea, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakaria, eta BBK eta Bilbao Musikako arduradunak izan dira sari eta txapelak banatzeko ardura izan dutenak.

Horrela gelditu da sailkapena:
A kategoria, 12 urte edo gutxiagoko bakarlaria: 1go saria (250 euro, garaikurra eta txapela) Aitor Ripa Eritze (Irurita-Baztan); 2. saria (200 euro eta garaikurra) Jon Iturrieta Urkiza (Durango) eta 3. saria (150 euro eta garaikurra) Jon Lainez Vicente (Iruñea).

B kategoria, 13 eta 16 urte bitarteko bakarlaria: 1. saria (300 euro, garaikurra eta txapela), Izar Imbuluzqueta Arroabarren (Orkoien); 2. saria (250 euro eta garaikurra), Enerko Irazoki Viela (Irurita-Baztan) eta 3. saria (200 euro eta garaikurra), Irati Axkoeta Beitia (Durango).