Presoen alde 3.100 lagunetik gora mobilizatu dira apirileko azken ostiralean
Joseba Arregi 77 urterekin berriro espetxera itzuli behar izan duela salatu dute Sarek eta Etxeratek deitutako apirileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan. Etxeratek emandako datuen arabera, 3.100 lagunetik gora bildu dira 60 mobilizaziotan.
Etxeratek eman dituen datuen arabera, 3.100 lagunetik gora mobilizatu dira presoen eskubideen alde Euskal Herrian zehar egindako 60 elkarretaratzetan.
Sarek eta Etxeratek deitutako ekitaldi hauetan gogoratu dutenez, bigarren aldiz, Joseba Arregiri hirugarren gradua eten eta Martuteneko kartzelara itzuli behar izan du. Lehenengo aldian, helegitearen tramitazioa zortzi hilabetez luzatu zen.
«77 urteko pertsona baten eskubideak urratzen dituzte. Arregik 31 urte bete ditu espetxean eta hainbat patologia ditu, adinagatik eta kartzelan hainbeste urte eman izanagatik. Espainiako zigorraren hiru laurdenak 2019ko ekainean bete zituen, etazigorraren 10 urteak zenbatu izan balitzaizkio, badira urte batzuk aske egon beharko litzatekela», nabarmendu dute elkarretaratzeetan.
«Joseba Arregirekin gertatzen ari dena, euskal presoen aurka mantentzen arin diren salbuespen egoera orokorraren erakusle da. Horietatik 39 baino ez daude 3. graduan, eta, legez, 110 izan beharko lirateke. 50 preso ingururi ez zaie zenbatzen Frantzian jada bete duten zigorraren zatia. Askok 40 urteko zigorra bete beharko dute, Aznarren denboretan onartutako 7/2003 Legea bere horretan aplikatzen baldin bada. 17 presok gaixotasun larriak dituzte, baina, hala ere, espetxean jarraitzen dute», gaineratu dute.
«Euskal presoen espetxe-ibilbideari buruz epaile naturalek erabaki beharrean, Auzitegi Nazionaleko hainbat sektore atzerakoiek, etxera itzultzeko bidea sistematikoki oztopatzen jarraitzen dute», salatu dute.
«Ez diezaietela euskal presoei begiratu inpunitateaz hitz egiten dutenean. Ez dago horrelako inpunitaterik. Presoen eta haien senideen eskubideak murrizten ari dira oraindik. Hiru hamarkada baino gehiagoko kondena luzeak bete ondoren, isolamendua eta zigor erantsia pairatu ondoren, ezin da etxerako beulta geldiarazi mendeku gisa», aldarrikatu dute.
Testuinguru honetan gaur eguerdian Donostiako Artzai Onaren katedralaren aurrean salbuespen neurrien aurkako agerraldiaren garrantzia nabarmendu dute.