Abortu sarea: borroka feministaren historia ezezagun bat, film bihurtuta
‘Las buenas compañías’ filmak ikusleen saria irabazi du aste honetan Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Silvia Munten lana ostiralean iritsiko da zinemetara. Abortatzeko eskubidearen aldeko borroka kontatzen du, mugimendu feminista zabalaren baitan eta Errenteriako emakume talde bat oinarri.
Andone Argüello, Nati Rufo, Asun Totorikaguena, Julia Irasuegi, Asun Urbieta eta Fani Herradorrekin egin dugu hitzordua, Errenteriako Txintxarrin. Elkarte hau garrantzitsua da euren bizitzan eta bertan egin nahi izan dute lehen argazkia. Handik, Emakumeen Etxera jo dugu, toki sinbolikoa hau ere, aspaldiko aldarria.
Goiz eguzkitsu bat da eta oraindik ez dakite Giza Eskubideen Zinemaldian sarituko dituztenik. Berritsu etorri dira, guri eta elkarri ere errateko aunitz dute. Elkarrizketa hau abiapuntu gisa hartu, beraz. Izan dadila, filma bezala, kontakizun gehiagoren hasiera.
Txintxarrin eseri gara. Mahaian, apunteekin batera, biltzeko tabakoa eta goxokiak. Klik. «Nola sortu zen ‘Las buenas compañías’?». «2015ean film labur bat estreinatu zen, izen berekoa, Larrotxene bideoaldian. Jorge Gil bideo irakaslea zen. Errenterian genuen abortu sareari buruzko lan bat egitea bururatu zitzaion. Hunkitu egin zuen gure historiak, batez ere ezezaguna zelako».
«Militatzen jarraitzen dugu gauza asko ditugulako lortzeko, besteak beste ez daitezela feminismoaz jabetu. Grebak ikusi eta esan zuten: honek botoak balio ditu.»
«Guk argi genuen abortu sarea Euskal Herriko mugimendu feministaren barneko Errenteriako emakume taldearen zati txiki bat zela. Zer eta nola egiten genuen kontatu genion, 1970eko hamarkadaren bigarren erdialdean genuen testuinguruan, eta handik hiru ordura esan zigun: ‘Film bat dudala uste dut’».
Silvia Muntek zuzenduko zuen. Ekoizleak ‘La trinchera infinita’ eta ‘Handia’ egin zutenak izanen ziren. Aktoreen artean, Itziar Ituño.
«Egun bat pasatu genuen zuzendariarekin Errenterian. Non elkartzen ginen erakutsi genion. 1978tik asko aldatu da herria. Orduan ez zegoen hormarik; pilatutako kartelen kartoiak ziren. Oroitzen zarete?», egin die keinu Asun Urbietak kideei. Irri konplizea.
Puri, Feli, Nati, Mariasun...
«Elkarrekin bazkaldu eta hizketan jarraitu genuen. Gidoi erdia aldatu genion! ‘Hau 40 urteko emakume bat da...’, esan zigun. ‘Gutako inork ez zuen adin hori! 20 urte inguru genituen’. Zeinen gazteak eta ausartak ginen harritu zen. Alderdi politikoetan militatzen genuen, diktadura betean. Polizien aurrean lasterka genbiltzan 14 urte genituenerako! ‘Orduan, Maiderrek Eiderri esaten dio...’, jarraitu zuen. ‘Barkatu, hemen Puri, Feli, Nati, Mariasun izena genuen’».
Taldearen barruan hainbat batzorde zeuden eta horietako bat zen abortuarena. Emakumeak sendagilearengana eramaten zituzten Biarritzeko klinikara, haiekin egon eta berriro ekartzen zituzten. Dirurik ez bazuen denen artean jartzen zuten. Pasaporterik ez bazuen zeinen antza zuen begiratu eta harena uzten zioten. Mugan, arazoak izan zitzaketen poliziarekin, baina inoiz ez zen ezer gertatu.
Beldurra genuen, baina beti joaten ginen alai eta dotore jantzita, gaur bezala», barrez. «Levisen eta jogurten bila gindoazela esaten genien. Gurina, angulak... denetarik».
«Basauriko 11 emakumeen epaiketa eztanda bat izan zen. ‘Nik ere abortatu dut’, genioen denok. Ikusten ez dena ez da existitzen. Hor atera zen txispa, eta mugimendu osoa martxan jarri zen».
Asun Totorikaguena erizaintza ikasten ari zela perrexilarekin abortatzen saiatu zen neska bat eraman zuten larrialdietara. «Etorkizunean umeak eduki ahalko ditut?», galdetu zuen. Eta medikuak: «Ez. Lehenago pentsatu behar zenuen». Beste erizain bat zegoen, helduagoa, eta sekulako errieta egin zion sendagile hari. Segidan abisatu zuten emakumea hil egin zela. «Bere historia jakin genuen: nondik zetorren, zergatik. Oso gaztea zen. Zirrara itzela eragin zidan, eta taldera batu nintzen».
Lagundutako emakume batzuk ez dituzte orduz geroztik ikusi, edo ez dute elkar agurtu kalean, klandestinoa baitzen. Baina berriki emakume bat etorri zitzaion ‘Toto’-ri: «Badakizu nire ahizpak abortatu behar izan zuela eta zurekin joan nintzela? Eskerrik asko!».
Batez ere emakumeekin hitz egiten zuten: «Abortua azken irtenbidea da, aurretik baliabide guztiak jarri behar ditugu ez gertatzeko. Ez hiltzeko. Abortatu behar izatekotan, baldintza duinetan egin behar zen, bizia arriskatu gabe».
Andone Argüello Herbehereetara, Leidenera, joan zen abortatzera. «Klinikan anestesia pixka bat jartzen zizuten eta xurgagailua bakarrik entzuten zenuen. Inpresio handia egiten zizun. Minik ez, baina zarata hori...».
«Nik ere abortatu dut»
Abortu sareena mugimendu feministaren lanetako bat izan zen antisorgailuak eta abortua legeztatu zituzten arte, emakumeen bizia eta osasuna jokoan zeudelako. Errenteriakoaz gain, sare gehiago zeuden: Tuteran, Bilbon, Donostian... Basauriko 11 emakumeen epaiketa eztanda bat izan zen. Orduan zabaldu zen abortuak egiten ari zirela zenbait klinikatan, eta abortuak librea eta doakoa izan behar zuela aldarrikatzen hasi ziren.
«Nik ere abortatu dut», erraten zuten. Pegatinak zituzten lelo horrekin. Ikusten ez dena ez da existitzen. Hor atera zen txispa, eta mugimendu osoa martxan jarri zen.
Basauriko epaiketa bi aldiz gelditu zen. Espainiako Gobernua ‘trantsizioa’ deitutakoan zegoen. «Frankismoa bukatu zela eta demokrazia iritsi zela erakutsi nahi zuten, baina ez zekiten zer egin abortuarekin eta atzeratu egiten zuten erabakia. Lehendabiziko aldiz hitz egin zen orduan emakumeen eskubideez prentsan eta irratian. Arnasa hartzeaz gain (hori 76an lortu genuen) eskubide gehiago genituen! Mugimendu indartsua genuen. Dibortzioa ere ez zen legezkoa. Bi eskubideak oso hurbil zeuden, denetara behartu baikintuzten».
Momentuan zeuden legeei aurre egin zieten. Aldatu, hautsi nahi zituzten. Elizaren aurka ere borrokatzen ziren.
Beti kontrako zelaian
«Beti jokatzen genuen kontrako zelaian. Hemen herri mugimendua, langile borroka eta aberria ziren inportanteak, eta feminismoa emakumeen gauza moduan hartzen zen. Guk ezetz esaten genien: politika egiten ari ginela. Zatitzen ari ginela leporatzen ziguten. Euskal Herria independentea izango zen egunean emakumeok dena izango genuela zirudien».
Udaletxeko itxialdietan denetariko emakumeak bildu ziren. Ehundik gora. Basauriko atxiloketen kontra, baita talde parapolizialen bortxaketak gaitzesteko ere, sasoi berean gertatu baitziren. Eztabaidak antolatzen zituzten. «Emakumeoi gertatzen zitzaiguna jainkoaren zigorra zen. Guk, eztabaida eta irakurketa horiekin, izena jartzen genion gertatzen zitzaigunari, eta eduki politikoa ematen genion». Gitarra ere eramaten zuten; abestu, afaldu, barre egin...
Kalea hartzen zuten gauez, eurena zela aldarrikatzeko, gaur egun bezalaxe. Mobilizazio handiez gain, txiki pila bat egiten zituzten. Agian hogei lagun ateratzen ziren arratsean eta buelta bat ematen zuten herritik, batzuk oinez eta bertzeak kotxez, zaintzen.
Oraindik horrela?
Lotura handiegia ikusten dute 70ko hamarkadaren eta oraingo garaiaren artean. «Zenbat emakume hiltzen dituzten, zenbat jipoi eta abusu. Zer harreman toxiko dituzten gazteek beren artean: ‘Mobila begiratuko dizut, ez jarri gona motza edo eskotea’... Oraindik horrela?»
«Badaude gauzak hobetzen direnak eta badaude gauzak irauten dutenak baina testuinguru modernoagoetan. Tratu txar eta abusu horiek gazteagotatik hasten dira eta niri beldurra ematen dit horrek».
«Abortuaren eskubideari dagokionez, hainbeste aurreratu dugu; orain bitartekoak nahi adina daude, badaude klinikak, biharamuneko pilula, azkar ematen dutena...».
«Horretaz hitz egin nahi dut!», altxatu du eskua Totok. «Gauez lanean ari ginela, bikote gazteak etortzen ziren ospitalera kondoia puskatu zitzaiela esanez. Gau batean, mutilak egiten zuen berba, eta neskari esan nion hori ez zela ona berarentzat. Ondoren, larunbat batean, tipo bera ikusi nuen beste neska batekin. ‘Oraintxe salatuko zaitut!’, esan nion, eta korrika atera zen».
Emakumeok militatzen jarraitzen dute aunitz dagoelako lortzeko. Adibidez, «bizi osoan borrokatu gara lokal bat izateko. Orain badugu Emakumeen Etxea, baina Udalarena da», ohartarazi dute.
Zorionak sariagatik, egiten ari zaretenagatik, eta aunitz urtez!