INFO

Munduko landare ikusgarrienak bildu dituzte Iturrarango azokan

Pagoeta Natura Parkean, Gipuzkoako Aia herrian, ekitaldi berezia burutzen ari da asteburu honetan; hain zuzen ere, Iturrarango Lorategi Botanikoan urtero egiten den Landare Berezien Azoka burutzen ari baita. Landarezaleen hitzordu galdu ezina da.

Landarezaleentzat galdu ezineko asteburua da hau. (GIPUZKOA-GURE LURRA)

Landarezaleek apirilaren azkeneko asteburu hau gorriz markatua dute beraien egutegietan, Iturraranera gerturatzeko ordua izaten baita. Larunbatean hasi eta gaur, igandea 30, arratsaldeko 18:00ak arte, Aian kokatutako Iturrarango Lorategi Botanikoan Landare Berezien Azoka burutzen ari baita.

Edizio honetan, Estatu frantsesa eta espainiarra, eta Euskal Herriko 50 mintegik beren aleak ikusgai eta salgai jarri dituzte bertan. Landare asko gure artean ezezagunak badira ere, arazorik gabe lorategietan edo etxeko leihoetan zaindu ditzakegun lore eta landareak aurkitu ahal ditu norbanako zein bildumagileek.

Munduko landare ikusgarrienak ikusi eta erosteko aukera dago bertan, azoka hau ez baita ohiko landare azoka. Antolatzaileek aipatu dutenez, salmentan eta erakusgai dauden landareen kalitatea eta barietatea lehenesten dira. Behar bezala etiketatuta, erosketa aukera zabala aurkezten zaigu: oso bereziak diren tomate landareak, antzinako larros barietateak, bonsai ikusgarriak, zentzua galtzeko moduko landare haragijaleak, beste mundu batekoak diruditen bromeliak, lore-erraboilak, bildumako zitrikoak, palmondoak, kameliak, landare bizikorrak, klima mediterraneoko landareak....

Parte hartzen duten mintegiak, barietate zaharrak edota erabiltzen ez direnak kontserbatzeko grinarekin ‘mintegi-saltzaile bildumazaleak’ izateaz harro daudela diote. Hitzordu berde honi jarraiki, Iturraranera beraien altxor partikularraren bila doazen zaleen gozamenerako genero bakoitzeko alerik hoberenak hautatzen dituzte, pedigridun landareak erosteko aukera emanez.

Pagoeta Parkearen inguruan bi aparkaleku gune antolatuko dir, bat Aia herrian bertan eta beste Txurrukan, Orio ondoan. Hauetatik etengabeko autobus zerbitzua dago azoka gunera. Zarauztik ere autobsak ateratzen dira orduro eta azokaren sarrera-prezioa lau eurokoa da (12 urte edo gutxiagokoak dohain) eta azokaren atarian egongo dira salgai.