Nafarroa, etxe bat denona euskaraz biziko dena
Nafarroaren Egunak Baigorrin elkartu ditu bateko zein besteko nafarrak, fikziozko mugen gainetik kultura eta euskara elkarrekin ospatzera. Bide horretan antolatzen segitzeko deia luzatu du Basaizeak eta etxebizitzen garestitzean egin du azpimarra, euskarak etxe bizigarri bat behar baitu.
Hizkuntza berdinaren mintzaera desberdinek eragindako traba txikiak ere badira zubi hango, horko eta hemengo nafarrak lotzeko eta, beraz, huntsa nahiz ongi ulertu da igandeon Baigorrin ospatu den Nafarroaren Egunean bildu den jendetza, denak Basaizea elkarteak 40 urte baino gehiagoz euskara eta euskal kultura bizi dadin apiril amaiera epel-hezeetan sortzen duen plazan.
Lasai hasi du eguna Baigorrik. Goiztiarrenak patxadaz ibili dira elizako plazan jarritako merkatuaren postutik postura, baina lehenik tantaka eta gero saldoka, hasi da jendea plazaratzen. Askok destatu diote begirada Behereko plazan eskegita zegoen pankartari, zeinetan Erramun Martikorenaren irudiak erregu egin dien bertaratutakoei euskaraz mintza daitezen: «EEOA». Bestalde, herriko espazio desberdinetan jarritako pankartek argi adierazi dute Baigorrin ez dela erasorik onartuko, iazkoa gerta ez dadin, ordukoan emazte batek salatutako erasoak festa ilundu baitzuen.
Hamaiketan hastekoa zen desfilean parte hartzekoak ziren pertsonaia xelebreenei begira jarri dira haurrak. «Han Tartalo! Akerbeltz ikusi dut! Eta han sorgina!» Zirrara gehien, ziurrenik, herensuge motorizatuak eragin die umeei, nahiz eta batzuk nahiago izan duten gurasoen magalera babestu, buruhandi eta basaldunengandik ihesi. «Aita, buruhandi gehiagorik ez!» aldarrikatu du batek.
Bateko zein bestekoek Baigorrira erdutzeko izan dituzten arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina seguru gehienek bat egiten dutela 16 urteko neska koadrila batek esandakoarekin. «Gu zertara? Festa egitera!» Leku desberdinetatik etorrita egin du topo koadrila honek Baigorrin: Zugarramurdi, Sara, Senpere eta Hendaiatik heldu dira.
Eta batzuk festa egin dezaten, besteek lan. Janarien txosnan Maite, artean giroa lasaia zela. Larzabalgo Manex Erdozaintzi kolegikoko lankideekin izan da barraren atzean. Kontatu du «aspalditik» etortzen dela Nafarroaren Egunera, «beti lanera», eta 2023ko edizio honetan ere ez du kale egin. «Biziki giro ona egoten da, Nafarroko jendeen elkartzea egiten da hemen», agertu du.
Hasi da Nafarroaren Eguna Baigorrin! @Basaizea -k urtero mimoz antolatzen duen plaza honetan elkartuko dira han-hemengo euskaldunak, euskalduntasuna erakutsi, ospatu eta aldarrikatzea xede. @naiz_info pic.twitter.com/5XMEfMdCkP
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) April 30, 2023
Behereko plazan desfilea hastearekin jantzi da igandez Nafarroaren erdigunea hartu duen herria kolorez. Jende-saldoa kalearen bi bazterretan txaloka zela, Gaineko plazara egin dute eguneko protagonistak: basaldun ilunak, Anhauzeko makilari gazteak, txarangak, ziganteen koadrilak –Lekunberritik, Iruñeko Alde Zaharretik eta Baigorrikoak–, Irurutzungo, Leitzako nahiz Beasaineko dantzariak, gaiteroak, trikitilariak...
Atzerapenarekin, baina, azkenean, iritsi da desfilea frontoira, eta euskal-dantzak eta musika ikus-entzutera batu da jendea artisten bueltan. Makilari-malabaristekin harritu –eta badaezpada eskuak burura eraman–, ezpata-dantzarekin hunkitu eta erraldoien birekin gozatu dute herritarrek.
«Mugaz gaindiko sorkuntza kulturala saretu eta susta dezagun. Kultura loratzen segi dadila, kultura hizkuntzarik gabe ez baita kultura, eta herria hizkuntzarik gabe ez baita herria»
Saretzeko gogoaren garra
1979tik gaur arte –pandemiak eragindako etenak salbu– Nafarroaren Egunak hartzen du Nafarroa Behereko herria apirilaren azken igandean, urtez urte erakutsiz mugak fikzio politikoaz besteko indarrik ez duela. Basaizea elkarteak hartu du bere gain ekimenaren antolaketa hasieratik gaurdaino eta edizio guztietan ekitaldi batekin ematen dio aldarrikapen moldea jaiari.
‘Aitzina goaz’ leloarekin titulatu du Basaizeak Nafarroaren Eguna, bidea egiten ari dela erakustea baitu helburu egun berezi honek. Eta hala adierazi diete antolatzaileek «mapa baten gainean marra bat inposatzen» duten horiei: «Gaur, Baigorriko plaza honetan, elkarretaratu garen guztiak harremantzen ari gara euskaraz, euskarari zein kultura amankomunari esker. Elkar saretzeko gogoak inoiz baino indar handiagoa dauka».
Alta, igandeon Baigorrin elkartu direnak konbentzimenduz aitzina joaten ari badira ere, ardura erakutsi du Basaizeak azkenaldian euskarak jaso dituen erasoen inguruan. Horregatik, «hzkuntza-politika ahulen parean zein euskalgintzaren baldintza ekonomiko txarraren aitzinean», antolatzeko deia luzatu du. «Borroka gaitezen egunero gure hizkuntza espazio publikora eta ahal bezainbat esparrutara zabaltzeko», nabarmendu du.
Nola zabaldu? Bada, «erabilera handiagoaren aldeko apustua eginez, azterketetan euskararen presentzia bermatuz eta, azkenik, euskaraz bizi gaitezen baldintza duinak sortuz», proposatu dute.
«Martxan den herri bati gorputza eta hatsa emateko gogoz, onar dezagun dugun aniztasuna gure arteko desberdintasunean eta gorrotoak inposatutako politika gupidagabeetan sinestu beharrean. Mugaz gaindiko sorkuntza kulturala saretu eta susta dezagun. Kultura loratzen segi dadila, kultura hizkuntzarik gabe ez baita kultura, eta herria hizkuntzarik gabe ez baita herria», agertu dute elkarteko kideek.
Euskarak bizi behar duen herriak, baina, bizigarri behar du izan eta, horretatik, etxebizitzen garestitzean ere egin du azpimarra Basaizeak. «Hizkuntza eta kulturaz gain, aldarrika dezagun herrian bizitzeko eskubidea ere, urratua baitzaigu. Etxebizitzaren espekulazio gero eta handiagoarekin batera, gero eta zailagoa zaigu herrian bizitzea, herri batzuetan kasik ezinezkoa delarik», ohartarazi dute. Hala, «merkatuaren arau krudelek eta folklorizatze basatiak» eragiten dutenaren kontrara, bestelako Euskal Herri bat, Euskal Herri bizigarri bat, sortzeko aldarrikapena zabaldu du.
Mugaz gaindi euskara eta euskal kulturaren alde saretzeko gogoaren garra nabaria izan da igandeon Baigorrin. «Gaurkoan ere, seguru gaude egun hau balia dezakegula oztopoak eta zailtasunak gainditzeaz gain, ereiten eta joritzen dugun kulturari bultzada handia emateko. Aurten ere, bizirik iraun nahi duen herriari erakus diezaiogun gai garela herrian eta herritik antolatzeko eta gure lehentasunak erabakitzeko», borobildu dute antolatzaileek, eta inguruan zen jende-saldoak «gora Nafarroa!» ozen batekin erantzun.
Fernando Aire Etxart ‘Xalbador’ zenaren hitzak, frontoian jarritako pankarta batean ondo ikusgai, laburbiltzen dute Baigorriko festa handi honen arima: «Goi ta beherik ez da enetzat/ Naparro bat da bakarra».