INFO

Osakidetzak eskainitako 7.639 lanpostuko EPEaren probak uztailean hasiko dira

Osakidetzak 7.639 lanpostuko eskaintza publiko berria iragarri zuen iaz, 110 lanbide kategoriatan banatuta. Probak uztailetik azarora bitartean egingo dira, Gasteizko EHUko eta Barakaldoko BECen.

2018an Barakaldo BECen egin ziren Osakidetzako EPEaren azterketak. (Marisol Ramirez | FOKU)

Pasa den urtean 7.639 lanpostuko eskaintza publiko berria iragarri zuen Osakidetzak. 2020, 2021 eta 2022ko EPEko eta 2021eko egonkortzeko probak aurtengo uztailetik azarora bitartean egingo dira Gasteizko EHUko campusaren eta Barakaldoko BECen artean banatuta.

Hala iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Gobernu Kontseilauren bileraren ostean egindako agerraldian. Bertan nabarmendu duenez, Osakidetzaren historian enplegu publikoa egonkortzeko eta finkatzeko prozesurik jendetsuena da.

Eskainitako plaza bolumenaren arabera, honako kategoriak nabarmentzen dira: Erizaintza (2.228), erizaintzako laguntzailea eta administrari laguntzailea (1.231 eta 727) hurrenez hurren, zeladorea (331 plaza) eta zerbitzuetako langilea (497 plaza). Medikuen lanbide kategoriari dagokionez, Familiako Medikuntzakoa da ugariena (314 plaza). Ondoren, Larrialdiak (151 plaza) eta Anestesia eta Bizkortzea (135 plaza) daude.

Guztira 109.029 pertsonak eman dute izena deialdi honetan. Bertan, 6.082 plaza lehiaketa-oposizio bidez eskaintzen dira, hau da, hautaketa probak eginez, eta gainerakoak (1.557) merezimenduen balorazioaren bidez.

Probak planifikatzeko, espezialitate bateko azterketak egin baino lehen, gutxienez, aurreko proben emaitzen behin-behineko zerrenda jakin behar da, 2018-2019ko EPEri dagozkionak. Guztira, 116.793 izangai izan ziren.