INFO

Langabeziak berriro behera egin du Hego Euskal Herrian apirilean

Hego Euskal Herrian 2.297 langabe gutxiago zeuden apirilean, martxoan baino %1,6 gutxiago. Orotara 138.845 langabetu zenbatu ziren. EAEk azken 15 urteetako langabezia tasarik txikiena eta inoizko Gizarte Segurantzako afiliaziorik handiena izan du 2023ko apirilean.

138.845 langabetu zeuden apirilean Hego Euskal Herrian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerio espainiarrak ostegun honetan emandako datuen arabera, langabeziak %1,6 egin du behera Hego Euskal Herrian, martxoan 141.142 langabe izatetik apirilean 138.845 izatera igaro baita. Lau lurraldeetan murriztu dira langabeziaren zifrak.

Nafarroan izan da beherakadarik handiena, 1.106 pertsona gutxiago baitaude langabezian. Martxoan 31.950 langabe izatetik apirilean 30.844 izatera igaro da, hau da, %3,46 gutxiago. Aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, langabeen kopurua %7,72 murriztu da herrialde horretan eta 2.582 langabe gutxiago zenbatu dira.

Gainera, Nafarroako Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin du apirilean, batez beste 2.832 afiliazio gehiago izan baitira. Guztira 303.769 afiliazio daude.

Nafarroan lanik gabe dauden pertsona guztien artean 20.992 zerbitzuen sektorekoak dira (aurreko hilean baino 730 gutxiago), 1.446 nekazaritza alorrekoak (99 gutxiago), 3.730 industriakoak (203 gutxiago) eta 1.352 eraikuntzakoak (19 gutxiago). 3.324k ez dute inoiz lanik egin.

EAEk, berriz, azken 15 urteetako langabezia kopuru txikiena eta inoizko Gizarte Segurantzako afiliaziorik handiena izan du 2023ko apirilean. 108.001 langabe erregistratu ditu, martxoan baino 1.191 gutxiago (-%1,09).

Hiru lurraldeetan murriztu dira langabeziaren zifrak martxoarekin alderatuta: %0,79 Gipuzkoan (226 langabe gutxiago), %1,07 Bizkaian (654 langabe gutxiago) eta %1,61 Araban (311 langabe gutxiago).

2022ko apirilaren aldean, 7.553 langabe gutxiago daude izena emanda Lanbide zerbitzuan, hau da, duela urtebete baino %6,54 gutxiago. Lurraldeka, aurreko urtearen aldean, %8,40 jaitsi da Gipuzkoan (2.287 langabetu gutxiago), %6,67 Bizkaian (4.338 langabe gutxiago) eta %3,19 Araban (628 langabe gutxiago).