INFO

Udaltzain baten euskara eskakizuna baztertu duen epaiaren aurkako helegitea eta elkarretaratzea

Uliazpiko epaian oinarrituta Bilboko epaitegi batek Erandioko udaltzain baten euskara eskakizuna batzertzeko epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko du Udalak. Berbots Erandion Euskaraz elkarteak, eta ELA eta LAB sindikatuek «oinarri juridiko sendoagoak lantzeko» eskatu diete erakundeei.

Erandion ostiral honetan egindako elkarretaratzea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Erandioko Udalak helegitea aurkeztuko du udaltzain bati euskarazko B2 maila eskatzea errefusatu zuen Bilboko epaitegi baten erabakiaren aurka.

Udalak ohar batean azaldu duenez, Administrazioarekiko Auzien Bilboko 1. Epaitegiak emandako ebazpena bere zerbitzu juridikoak aztertu ondoren hartu du erabakia.

Bide batez, administrazio publikoek «arau-esparruari jarraituz, beren burua antolatzeko gaitasuna dutela» gogorarazi du, eta kasu honetan hala egin dela.

Epai hori eragin zuen agentearen salaketa «ez zela onartu behar» esan dute, lanpostu horren 2007rako derrigortasun-data aurreko lanpostu-zerrendaren onarpenean jarri zelako, zeina irmoa baita eta bere garaian ez baitzen helegiterik jarri haren aurka.

«Ez da onargarria ─ diote Udaleko legelariek ─ administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, aurreko egintza behin betiko eta irmoen erreprodukzio diren egintzei buruzkoa, ez eta epe eta forma egokian errekurritu ez direlako onartutako egintzen berrespen-egintzei buruzkoa ere».

Azkenik, Udalak ziurtatu du «zerbitzuak ematen eta herritarrei arreta eskaintzen jarraitzeko borondatea» duela, «haien hizkuntza-eskubideak errespetatuz».

EH Bildurentzat, «eraso onartezina»

Epaiaren aurrean, Erandioko EH Bilduk Udalaren erabakia txalotu eta sententzia «euskararen eta euskaldunon eskubideen aurkako eraso onartezina» dela adierazi du ohar baten bidez.

«Herritarrok gure hizkuntza aurrera ateratzeko ahaleginak egiten ari garen, eta herritargoan euskararekiko atxikimendua nagusia den bitartean botere judizialak euskara etengabe erasotzen dihardu noraino, eta euskaldunon hizkuntz-eskubideak beraiek ere kolokan jartzeraino», salatu du.

«Oinarri juridiko sendoagoak»

Berbots Erandion Euskaraz elkarteak, eta ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin dute sententziaren aurka. Udalari eta alkateari eskatu diete hizkuntza eskubideak «irmoki babesteko eta erakundeei oinarri juridiko sendoagoak lantzeko».

«Hizkuntza berdintasuna bermatzeko tresnak eskatzen ditugu, eta jendaurreko lanpostuetan ofizialak diren bi hizkuntzak ezagutzea ezinbesteko baldintza izan behar du; horretarako beharrezko diren tresnak jarri behar dira, herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko, zerbitzu publikoa behar bezala bermatu ahal izateko», adierazi dute.

Gogoratu dutenez, ELAk, LABek eta Kontseiluak adostuta, «EAEko administrazio publikoa euskalduntzeari epe zehatza jarri genion,15 urtekoa, auzi honi determinazio osoz eta atzerapenik gabe erantzuteko garaia dela uste dugulako».

«Orain, 2023. urtean, epaile batek normalizatu nahi duena da espainolaren nagusitasuna, espainolaren inposaketa. Udal-autonomiaren aurkako eraso judizialei aurre egin behar zaie. Euskararen kontrako oldarraldi hori gelditu egin behar da, eta lan-eskubideak eta euskalduntzea bateragarri egin behar dira», gaineratu dute.

«Horregatik eskatzen diegu Udalari eta alkateari hizkuntza eskubideak irmoki babesteko, eta hizkuntza berdintasunerako lanari ekiteko, asko direlako oraindik Erandioko Udalean eta herrian ditugun oztopoak euskaraz lan egin eta bizi nahi dugunontzat. Eta beste maila batean, EAEko instituzioei eskatzen diegu oinarri juridiko sendoagoak lantzeko euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko», azpimarratu dute.