INFO

Ikastolen Elkartea: Hezkuntza Legeak «aldebakarreko» politika ahalbidetu diezaioke Lakuari

EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuak «aukera esanguratsuak» jasotzen ditu Ikastolen Elkartearen iritziz eta, beraz, «balekoa» dela esan du. Dena den, testuak gabezia ugari dituela nabarmendu du, tartean, zehaztapen falta, Lakuaren «aldebakarreko» politika ekar dezakeena.

Koldo Tellitu eta Nekane Artola, Hezkuntza legearen aurreproiektuaren balorazioa egiteko agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

EAEko Hezkuntza sistema arautuko duen legearen aurreproiektua «balekoa» dela esan du Ikastolen Elkarteak, baina dago, legearen zehaztapen faltaren ondorioz, hezkuntza eragileen parte-hartzea zailduko duela eta Lakuari «aldebakarreko» politika ahalbidetuko diola.

Pasa den apirilaren 25ean aurkeztu zen lege aurreproiektuak «aukera esanguratsuak» jasotzen dituela aitortu du Ikastolen Elkarteak eta, hala, iritzi dio egun indarrean dagoen Eskola Publikoaren Legearekiko «aurrerapauso handia» dela. Horrek ez du kentzen, elkartearen ustez, testuak hainbat «gabezia» dituela. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Nekane Artola lehendakariordeak aurreproiektuaren indargune eta hutsuneak aletu dituzte astearte honetan Donostian egindako agerraldian.

Alde on eta txarren balantza eginda, 2022ko martxoaren 31n EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosek sinatutako Euskal Hezkuntzaren Eraldaketarako Oinarrien Akordiotik eratorri den Hezkuntza Legea «balekoa» da elkartearen ustez. Dena den, astearteko prentsaurrekoan legeari hiru alde positibo aitortu dizkio –publikotasunari, doakotasunari eta euskarari dagokionak–, zortzi puntu negatibo namarmendu dituen bitartean.

Publikotasuna, doakotasuna eta euskara

Gainera, Hezkuntza Legean txalotu dituen hiru neurrietan denetan egin ditu ñabardurak Ikastolaren Elkarteak. Aurrerapausoen artean garrantzitsuenetako bat, Tellituk eta Artolak nabarmendu dutenez, «publikotasun eredu berri bat definitu eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean» Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren ideia jasotzen duela, titulartasuna edozein dela ere, diru publikoz finantzatutako ikastetxeek bete beharreko baldintzak jasotzen dituena.

Hala eta guztiz ere, puntu honetan, beste batzuetan bezala, «zehaztapen falta» kritikatu du elkarteak. «Publiko-pribatu dikotomia juridikoa ez du gainditzen. Ikastetxe guztiok, titulartasuna zein den kontuan izan gabe, baldintza berdinetan jokatzeko ahalmena izan behar dugu», agertu du Artolak.

Positiboa ikusten du elkarteak, halaber, hezkuntzaren doakotasunerako bidea jasotzea, ikastolak bat baitatoz, azpimarratu dutenez, «doakotasun printzipio eta helburuarekin, ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera».

Alta, hemen ere zailtasuna antzematen dituzte ikastolek, legeak ez baitu aipatzen doakotasun hori nola burutuko den, ezta erabiliko diren baliabideak zehazten ere. Gainera, ohartarazi dute egungo memoria ekonomikoak zehaztutako baliabideekin «ezinezkoa» dela doakotasuna gauzatzea, eta alternatiba bat proposatu dute, doakotasunera bidea «luzea eta konplexua» izan daitekeela aitortuz. Espainiako LOMLOEn jasotzen dena EAEko legean ere aplikatzea proposatu dute; hau da, lantalde bat sortzea doakotasunerako prozesua abiatu eta epeak zehazteko.

Azkenik, euskararen erabilera bultzatzeko Hezkuntza Legeak aurreikusten dituen baldintzekin ados agertu da Ikastolen Elkartea: bai irakasle guztiei C1 maila lor dezaten formakuntza eskaintzearekin, baita ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan euskararen B2 maila lortu behar dutela zehaztearekin ere. Baina azken hau bermatu egin behar dela uste du eta, horregatik, ez deritzo egokia maila horren ebaluazioa ikastetxe bakoitzeko irakasleen kargu uztea. «Kanpo ebaluaketa egitea ezinbestekoa litzateke objektibotasuna bermatzeko», agertu dute elkarteko ordezkariek.

Gai honetan sakonduz, euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen hezkuntza sistema ez du bermatzen legeak ikastolen ustez; «gehiago» behar da, egungo hizkuntza ereduek «ezartzen dituzten desberdintasunak gainditu» eta murgiltze eredua gauzatu, aldarrikatu dute. Lakuako arduradunek ez dute argi esan legeak hizkuntza ikastereduak baztertuko dituen ala ez; Ikastolen Elkartearen iritziz «isilbidez» indargabetzen ditu. Hori dela eta, «indargabetze zehatza» aldarrikatu dute ordezkariek.

Parte hartzeko zailtasunak

Iaz Hezkuntza akordioa adostu zenetik eta legea zirriborratzeko egin den prozesu guztian zehar, zehaztapena eskatu du Ikastolen Elkarteak. Eta berdin egin du astearte honetan ere. «Gai garrantzitsu gehiegi, deskribapen labur baten ondoren, araudi bitartez garatzeko geratzen dira», esan du. Horrek arrisku bat dakar ikastolen ustez: «Agindu eta dekretu bidezko garapenek aldebakarreko politika ahalbidetzen dute, eta hezkuntza eragileoi prozesuan parte hartzeko aukera zailtzen digute. Susmo hau egiaztatzeko aukera izan dugu ikasleen onarpen prozesuan ezarritako neurriekin, hezkuntza eragileok ez dugu eta prozesuan parte hartzeko aukerarik izan».

2023-2024 kurtsoko matrikularen kanpainan eskola segregazioari aurre egiteko hartutako neurriei buruz ari ziren Ikastolen Elkarteko kideak. Bezperan aurkeztu zituen neurriok Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuak, eta ikastolak ikasle zaurgarri eta ez zaurgarriak orekatzeko egin den proposamenarekin ados badaude ere, aurrez hartutako erabakiari eutsiko diotela berretsi dute: zenbait kasutan hartu dituzten familiak baino gehiago galdu dituzte ikastolek eta, kasu hauetan, ez dituzte errespetatuko Lakuako Hezkuntza Sailak zehaztutako neurriak. Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak erantzun die kazetarien galderei: «Hau ekiditeko eskura ditugun legezko baliabide guztiak erabiliko ditugu». Hilaren 22ra arteko epea dute matrikulazioari dagozkionean helegiteak aurkezteko.

Titulartasuna eta euskal curriculuma

Hutsune gehiago ere topatu dizkio Ikastolen Elkarteak Hezkuntza legearen aurreproiektuari. Batetik, titulartasunean jarri du arretik, gaitzetsiz testuak ez dituela aintzat hartzen ikastolek kooperatiba bezala duten kudeaketa eredua. Bestetik, agertu du legeak bidea ireki beharko liokeela «titulartasun partekatutako ereduak esperimentatzeari». Nola eta zein epetan zehaztu gabe, Tellituk esplikatu du udalen laguntzarekin herri bereko eskola-ikastola desberdinen arteko elkarlana sustatzea etorkizunerako estrategikoa izan daitekeela.

Bide beretik, Euskal Herriaren lurralde osoko ikastetxe guztien arteko harremanak eta proiektuak susta daitezela galdegin du Ikastolen Elkarteak, iritzi baitu legeak ez duela Euskal Herria bere osotasunean jasotzen. Unibertsitateek egiten dute, gogoratu du Tellituk, beraz, eredua maila guztietara zabal daitekeela nabarmendu du.

Bestalde, euskal curriculuma oinarri izango duen hezkuntza sistemaren aldeko jarrera berretsi du Ikastolen Elkarteak. «Oso-osorik, bertatik bertara eraikitako curriculumean oinarrituko dena, konpetentzien garapenerako ikasgai zerrenda, metodologia eta kosmobisio propioarekin», agertu du.