INFO

Heriotzak ez du horrenbesteko beldurrik ematen grafiti eta hiri-arteari esker

Grafitia eta hiri-artea tresna legez erabilita, heriotza bizitzaren osagai naturala dela erakutsi nahi du ‘Adiós?’ izeneko lehiaketak. Funespaña beilatoki kateak babestuta, ekainean Bilbon jakingo da irabazlea. Lehiaketa, bien bitartean, martxan dago.

Raúl Morenoren lan honek (‘Hola’ izenekoa) irabazi zuen Zaragozan. (ADIOS ALDIZKARIA)

«Lehiaketa honek heriotza normalizatu nahi du grafitia eta hiri-artea tresna gisa erabiliz, eta lan hauek heriotza bera prozesu naturala dela erakusten du», aipatu dute ‘Adiós?’ lehiaketaren antolatzaileek. Deialdia ‘Adiós’ izeneko aldizkariak egin baitu, estatu mailan «kulturaren ikuspegitik, heriotzari buruz hausnarketa zabaldu eta informatzen duen aldizkari bakarra».

Grafiti lehiaketa honen bosgarren edizioa Bilbon izango da, baina dagoeneko egin da Zaragozan, Alcala de Henaresen, Valentzian eta Sevillan. Aurreko edizioetan, Eneko Azpiroz (hirugarren edizioaren irabazlea) eta Raul Moreno ‘Nauni’ (laugarren edizioaren irabazlea) hiri-artista gazteek irabazi dute, besteak beste.

Ekainaren 5era arte, 18 urtetik gorako edozein parte-hartzailek bidal ditzake bere sormen-proposamenak helbide honetara: www.revistaadios.es. Bidalitako zirriborro guztietatik, aldizkariak zortzi lan aukeratuko ditu, eta zortzi hauek behin betiko arte-topaketa batean bilduko dira. Horietatik epaimahaiak hiru onenak sarituko ditu, guztira 2.500 euroko sariak emanez.

Lanak ekainaren 17an jarriko dira ikusgai Bilboko Ingelesen Kaian, eta publikoaren botoa jaso dezakete, kontuan hartuko baita irabazleak izendatzerako orduan. Ekaina bukaeran, grafitien eta haien egileen sailkapena argitaratuko da.