INFO

‘Xe’ lelopean, Ondarroak «Ibilaldixe» jaia hartuko du hilaren 21ean

Ondarroan Ibilaldiari «Ibilaldixe» esaten diote, eta hortik hartu dute maiatzaren 21ean antolatuko duten jaiaren leloa. 26 ekimen antolatu dira, horietatik 18, guneetan; eta 8, ibiltariak. 

Maiatzaren 21an Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuko duen Ibilaldia aurkeztu dute. (Aritz Loiola | FOKU)

«Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea». Hauek izando dira maiatzaren 21ean Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuko duen Ibilaldiaren helburuak.

Gaur agerraldi batean antolatzaileek adierazi dutenez, «euskara eta euskal kultura ardatz dituen gure ikastola herrira zabaltzea, herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea, gure hezkuntza komunitateak ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea, ikasleei auzolanaren garrantzia erakustea guraso eta ikastolako komunitate osoa eredu izanik eta arkitektura pedagogia berrietara egokitzeko baliabide ekonomikoak lortzea» dira jomuga.

‘Xe’

Hizki bik osatzen dute 2023ko Ibilaldiaren leloa: «x» eta «e»: ‘xe’. «Hizki xehe bi. Hizki jolasti bi. Hain zuzen, horixe egin nahi izan dugu: hizkuntzarekin jolastu; Ibilaldia geurera ekarri. Geure gustuz busti. Izan ere, Ondarroan Ibilaldiari ‘Ibilaldixe’ esaten diogu, eta hortik hartu dugu gure leloa: ‘Xe’», azaldu dute.

«‘Xe’ esanez hitz egiteko modu bat ez ezik herri bat ere irudikatu nahi dugu. Euskara berea duen herri bat. Ibili dabilen hizkuntza bat. Bizia. Goroldiorik gabeko harria bezalaxe. Gure herria, gure herrixe, horrelakoxea delako: bixixe. Alaixe. Argixe. Iraixe. Bertakoon jolasteko gogoa, euskaraz bizitzeko gogoa, kutsakorra izan dadila Ibilaldira datozenentzat. Hezetu ditzagun mihiok euskaraz. Erabil dezagun guztiok, harro eta, zergatik ez, lotsagabe, bere itxura guztiekin».

Abestia

Kantua eta melodia Axular Arizmendi musikari eta ekoizleak sortu ditu AME estudioetan, eta abeslariak Aiora Renteria eta Eñaut Elorrieta izan dira. Fusio interesgarria lortzea izan da mutrikuarraren helburua: zati indartsuak eta zati epikoak edo sakonak elkarrekin sortzea eta lotzea. «Dantzarako energia eta ekoizpen modernoa dakar; euskal instrumentu zaharren eta elektronikaren fusioa. Erritual eta akelarre batean sortzen den sinergia da, eta Leokadi Ondarroako pertsonaia ere erritual horren barne dago. Melodia erraza duen abestia da, erraz abestekoa, eta Ondarroako eta Euskal Herriko mariñel guztiei», azaldu dute antolatzaileek. Aurtengo Ibilaldiaren abestiari Leire Bilbao idazle ondarroarrak ipini dizkio hitzak.

Bost kilometroko ibilbidea

Ibilbideak bost kilometro edukiko ditu, eta lau gunetan banatuta egongo da. «Norbere gustuaren arabera gunerik gune ibiltzeko aukera ematen du. Gainera, batetik besterako bidean, ibaia bidelagun, oso leku ikusgarriak daude», nabarmendu dute.

Gune guztietan denentzako moduko edukiak tartekatzen ahalegindu dira. Bestalde, ekimenak antolatzean ikastolako ikasle nagusien proposamenak jaso nahi izan dituzte, eta haiei protagonismoa eman erabakietan, ahal izan den neurrian.

Laburbilduz, 26 ekimen antolatu dira, horietatik 18, guneetan; eta 8, ibiltariak. Bestalde, ikuskizunaz eta jaiaz gain, aldarrikapenerako tartea ere egongo da lurraldetasunaren ikuspegiarekin, mobilizazioa egingo baita ‘Azterketak euskaraz’ lemapean euskarak Ipar Euskal Herrian daukan egoerari ikusgarritasuna eman nahirik.