INFO

Hitzez betetzen diren absentziak marraztu ditu Oskar Gazteluk ‘Baserria (h)uz(s)ten’ liburuan

Baserriaren hustea eta bizitza uztea. Desagertzearen ekintzak ziurgabetasuna eragiten du gizakiongan eta sentimendu horri erreparatu dio Oskar Gazteluk ‘Baserria (h)uz(s)ten’ (Erein) poema liburuan. Ereinek argitaratu du iaz Ernestina Champourcin lehiaketa irabazi zuen olerki bilduma hau.

Oskar Gaztelu, olerki bildumaren aurkezpenean. (Maialen Andres | FOKU)

Heriotzak zauri ikusezinak marrazten ditu gizakion larruazalean. Galera bakoitzak ziurgabetasunez elikatzen den zulo berria sortzen du gure baitan eta sentipen horien kudeaketan kateatzen gara maiz. Halako zerbait bizi izan zuen Oskar Gazteluk amama, aita eta, azkenik, ama hil eta familia baserria husteko beharra suertatu zitzaionean.

«Guraso bat badoa, bigarrena zaintzen duzu... Haiek ezagutu egin gaituzte, gure historia pertsonalaren horri guztiak haiek dituzte eta hori desagertu egiten da», aipatu du ‘Baserria (h)uz(s)ten’ poema liburuaren aurkezpenean. Ereinekin argitaratu du bilduma, iaz Ernestina Champourcin lehiaketa irabazi ostean.

Olerki sorta hau galera bikoitz horretatik abiatzen dela azaldu du eta baserria badela, nolabait, itzuliko ez den zerbaiten adierazle. «Babesgabetasunaren aurrean baserria izan dugu mendeetan zehar eraikuntza erreferente bat. Gaur egun hilzorian dago, zoritxarrez, baserrian ematen diren bizitza moduak galtzen ari gara. Nire kasu partikularrean –jarraitu du–, gurasoak joan dira eta baserria hutsik geratu da, eta hori gertatzen denean errazena alde egitea da», hausnartu du.

Heriotza horien ondotik baserria husteko beharra suertatu zitzaiela eta horrek barruak mugiarazi zizkiola ere kontatu du. Baserria hustea ez baita soilik objektuak lekualdatzea, horiek harilkatzen duten historia desegitea ere bada: «Baserrian dauden objektuek mezuak bidaltzen dizkigute; garai batean bizi izan dugun haurtzaroa, zoriontasun puntu bat duen adin sakratu hori. Mugitzen ditugunean objektu horiek eraikuntzatik bertatik, zerbait sakona mugitzen da gure barruan ere».

Zentzu horretan, poesia bera «haurtzarorako bidaia» dela nabarmendu du Gazteluk. Saiakera bat ontzearen adibidea jarrita, prozesua informazio bilketak, sailkatzeak eta ondorioak ateratzeak osatzen duten bezala poesian eskema horrek zentzua galdu eta bestelako prozesuak irekitzen dituela jarri du balioan. «Aspaldi gertatu zen zerbait ekartzen digu gogora, iradoki egiten digu gertatu zen zerbait baina ez garena sailkatzeko gai. Horregatik, umearen begirada ikusten dut nik poesian», ziurtatu du. Inoiz hil egingo dela konturatu berri den eta hura hitzez adierazteko gai ez den horrena: «Nik uste dut hori dela poesian dagoena: zerbait gertatzen da, ezin dena neurtu, kontrolaezina, infinitua dena eta hitz mugatuekin ahalegintzen gara esaten. Hor dago magia, gauza gutxirekin ezinezkoa dena esatea».

Heriotza horien aurrean gizakiak hartzen duen jarrera ere izan du hizpide. «Batzuetan gauza batzuk desagertzen dira eta ez dago zereginik. Zer egiten dugu hondamendia gertatzen denean? Nola egiten diogu horri aurre? Hortik doa ibilbide hau. Baserria hustu behar duzu eta geratu zara zu ere hustuta, eta horri sostengu bat eman behar diogu».