Gehiegikeriak, enplegu prekarioa eta grebak eragin dituen zaintza eredua aldatu edo biderkatu
EAJ eta PSE-EEk gidatutako administrazioek zaintzari dagokionean egindako kudeaketak, langileen grebak eta Txara I egoitzan antzemandako gehiegikeriak tarteko, zigorra ekar diezaieke bozetan. Sektoreko eskaera orokortuaren inguruan, gainera, ez dute aldeko iritzirik eman: zaintzaren doakotasuna.
Gipuzkoan, adinekoek etxean zainduak izan nahi dute, hamarretik zortzik, Lakuaren Adinberri programaren 2022ko txostenaren arabera, eta Gasteizko Gobernuko nahiz aldundietako ordezkariek sarritan errepikatu dute kanpainan herritarrek «etxean zainduak izateko» duten eskubidea. Aldarrikapen beretsua egin du Olaia Duarte Donostiako EH Bilduko zinegotziak astelehenean: «EH Bilduk, gobernatuko duenean, beharrezko baliabideak bermatuko ditu etxean zainduak izatea nahi duten adinekoek modu egokian egin dezaten». Alta, ñabardura bat egin zuen segituan: «Horrek ez duela inola ere esan nahi zaintza lanak emakumeengan soilik eroriko direnik, orain arte bezala».
Ñabardura hori egin du, hain zuzen, Lakuak ez dituelako ikuskatzen Dependentziaren legeak araututako dirulaguntzekin familiek kontratatzen dituzten zaintzaileek baldintzak, zeintzuetako asko emakumezko migranteak diren. Eta, beraz, langileek ez dute baldintza onetan aritzeko bermerik. Koalizio abertzalea Donostia gobernatzera iritsiko balitz, promesa bat egin zuen: «Udalak etxeko zaintzaileen lan balditzen jarraipena egingo du, prekarietate egoerak saihesteko eta zaintzak duintzeko».
Duartek gaitzetsi du azken zortzi urteetan Eneko Goiaren Udal Gobernuarekin koinzidituz, «atzerapausoak» eman direla «gizarte zerbitzuetan eta herritarren eskubideetan, batez ere etxez etxeko laguntza zerbitzua ez delako egokitu herritarren egungo beharretara eta okertu egin direlako auxiliarren lan-baldintzak, azken urteotan langileek egin behar izan dituzten bi grebek erakusten dutenez». «Eta ez da lanik egin –gaineratu zuen– etxeko zaintzaileen lan-baldintzak hobetzeko eta kontratatu nahi dituzten familiei laguntzeko».
Txara Ien memoria
Olaia Duartek Donostiako Intxaurrondo auzoko Txara I egoitzaren parean egin du «kalitatezko zaintza sistema publikoa» aldarrikatzeko agerraldia. Ez ausaz: 2021eko irailean Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen ikuskapen baten emaitzak erakutsi zuen Txara Ien ez zirela betetzen oinarrizko baldintzak, ez langileenak, ezta erabiltzaileenak ere. Ikuskapenak azaleratu zuen langile gutxiegi zegoela, ordutegiak gaizki banatzen zirela eta, ondorio larrienen artean, afaritik gosarira bitartean 14 ordu baino gehiago igarotzen zituztela ohean erabiltzaile batzuk, jan gabe.
Beharginek informazio hori berretsi zuten, eta ez hori bakarrik, segurtatu zuten Gipuzkoa osoko zaharren egoitzetan gertatzen direla halakoak. Txara Ien gertatzen dena «lurralde honetako zentroetan egunez egun gertatzen denaren lagin txiki bat besterik ez da», adierazi zuen orduan ELAk.
Horren guztiaren adierazle, Gipuzkoako erresidentzietako langileek azken urteetan egindako grebak, 260 egun baino gehiago. Aldundiari, zerbitzuaren %90a finantzatzen duenari, zuzendu zitzaien baldintzak hobetzeko eske, baina honek negoziazioa blokatu zuen.
Hala, Txara Ieko iskanbilak eta Gipuzkoako zaintzaren sektoreko grebek zalantzan jarri dute azkenengo legegintzaldian EAJ eta PSEren Foru Aldundiak egindako kudeaketa. Sindikatu eta langileek pribatizazioa bultzatzea egotzi izan diote, finantzatzen dituen erresidentziak enpresa pribatuen kudeaketaren esku uzteagatik, eta ongizatearen aurretik interes ekonomikoak gailentzeagatik. Horixe gertatu zen Txara Ien: Biharko Gipuzkoa SL enpresak kudeatzen du Intxaurrondoko egoitza.
Biderkatu bai; aldatu?
Zaintzaren kudeaketarengatik jaso dituen kritikek bozetan zigortu ez dezaten, kanpaina honetan Adinberri programa goratu eta ezagutzera ematen ari dira EAJ. Zenbakiak erabiltzen ditu: Lakuako Gobernuak 30 erresidentzia egokitzea aurreikusten du, egoitza eredu «etxetiarrago» batera salto egiteko, Eider Mendoza ahaldungai nagusiaren esanetan. Zentro berriak eraikitzeko planak ere baditu, horietako hiru –Adinberri Pasaian, Arbes Irunen eta Elgoibarko egoitza berria– obrak kontratatzeko fasean daude.
Alta, plazak biderkatzeak ez dakar baitezpadako hobekuntza zaintzaileen lan-baldintzetan eta egoiliarren ongizatean. Hori bainoago, zaintza sitema publiko eta komunitarioa sustatzea galdegin dute hainbatetan sindikatu, eragile eta mugimendu feministak –greba deialdi eta guzti–, eta doakotasunaren bidea urratzea. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek zaintza unibertsal bilakatzeko aldarria zabaldu dute kanpainan; kontrara, EAJ eta PSE ez dira doakotasunaren alde agertu.