INFO

Unai Nuñezen etorkizunaren inguruan Celtak dauka lehen hitza

Talde galiziarrean pozik daude atzelari bizkaitarrak emandako mailarekin. Lagapen kontratuan jasotako zazpi miloiak ordaintzeko asmoa daukate eta Vigon jarraituko duela dirudi, Athleticen atzeko lerroan toki bat izan dezakeen arren.

Unai Nuñez, Celtaren kamisetarekin, Athleticen kontrako partidan. (@AthleticClub)

Unai Nuñez San Mamesera itzuliko da larunbatean. Utzita joan zen udan Vigora eta bertan jarraituko duela hurrengo denboraldian ematen du. Athleticekin adostutako akordioan, talde galiziarrak lehentasuna dauka jokalariaren etorkizunaren inguruan erabakitzeko. Celtak nahi izanez gero, jokalariak Vigon jarraituko du.

Lagapen bezala aurkeztu arren, salmenta bat izan zela esan daiteke. Izan ere, Athleticek jokalariak Celtan jarraitzeko eskubidea gorde zuen, berreskuratzeko aukera bigarren maila batean utzita. Erabaki harrigarria Iñigo Martinez berriztu gabe zegoela kontuan hartuta. Klub zuri-gorriak diru kontuei eman die garrantzia eta zazpi miloi baino gehiago jasoko lituzke atzelaria Vigon geratzen bada. Kopuru horrekin irabaziak aurkeztu ahalko lituzke Jon Uriarteren Zuzendaritza Batzak bazkideen aurreko hurrengo Batzar Orokorrean.

Bestalde, Nuñezek bere etorkizunaren inguruko erabakia bi kluben artean adostu behar dutela azaldu du. Bera gustura dagoela nabarmendu du. Entrenatzaileen konfiantza eduki du eta jokalari garrantzitsua izan da. Laugarren erdiko atzelari bezala geratu zen azken denboraldian, jokatzeko gogoarekin atera zen Athleticetik eta helburu hori bete du.

Aldi berean, Ezkerraldeko atzelariaren familiak jatorri galiziarra dauka. Bere aita Barakaldon aritutako futbolari galiziar bat baita eta sustraietara itzultzea bezalakoa izan da berarentzat.

Iñigo Martinezen bikoitza jokatu du

Nuñezek ehun partidatik gora jokatu ditu Athleticen aritu den bost denboraldietan eta hiru gol egin ditu. Celtarekin Ligako 32 partidatan jokatu du eta guztietan sartu da hasierako hamaikakoan baten izan ezik. Kopan hiru partidatan parte hartu du. Guztira, ia 3.100 minututik gora jokatu ditu. Taldeak ez du denboraldi ona egin eta oraindik ziurtatu gabe dauka Lehen Mailan mantentzea. Coudet argentinarra kaleratu zuten denboraldi erdian eta Carvalhal portugaldarrak ordezkatu zuen.

Erdiko atzelari bizkaitarra Lezamako harrobian hezi zen eta 26 urte ditu oraindik. Goi mailan esperientzia izan arren, ez da agertzen Iñigo Martinez ordezkatzeko aukeren artean. Manchester Cityn ari den Laporte, Osasunako David Garcia, Valentzian dagoen Hugo Guillamon edo Bigarren Mailako hainbat jokalariren izenak prentsan aipatu izan dira. Ondarroako defentsak kontratua berriztu gabe jarraitzen du eta bere etorkizuna Bartzelonan dagoela ematen du. 32 urte egingo ditu Iñigo Martinezek asteazkenean eta azken denboraldian Nuñezen erdia jokatu du. Lesioen eraginez partida ugari galdu ditu. Ligako 15 norgehiagokatan parte hartu du eta Kopan hiru aldiz. Guztira, 1.600 minutu baino gehiago izan dira.