INFO

120 proposamenekin, «Ezkerraldeko dinamismo ekonomikoa berreskuratzea» du helburu EH Bilduk

«Industriaren aldeko apustua» egin du EH Bilduk Santurtzin egindako agerraldian. Ezkerraldean «inoizko emaitzarik onenak» aurreikusten dituz eta 120 proposamen baino gehiago jasotzen dituen dokumentu bat aurkeztu du.

Miren Matanzas, Arkaitz Rodriguez eta Iker Casanova gainerako hautagaiekin, Santurtziko ekitaldian. (EH BILDU)

Santurtziko Gernika parkean izan da gaur EH Bildu. Bertan Arkaitz Rodriguezek, Iker Casanovak eta Miren Matanzasek hartu dute hitza eta maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean «Ezkerraldea berriz bultzatzea» jarri dute helburutzat, indar politikoen korrelazioa «desberdina» izango dela konbentzituta.

Honela adierazi du Casanovak. «Inoiz baino indartsuagoa izango den EH Bildu bat egongo da, lurralde honetarako ezkerreko alternatiba bat ordezkatuko duena», nabarmendu du. Ezkerralde guztian eta Santurtzin ere «inoizko emaitzarik onenak» aurreikusi ditu. Babes proposamenak eta herritarren beharrak erdigunean jarriko ditu koalizioak eta, horrekin batera, «industriaren aldeko apustua» izan du hizpide.

«Ezkerralderako alternatibak ematea proposatzen dugu, Ezkerraldea Gara prozesuko ‘Ezkerraldea 2030’ dokumentuan islatzen dugun bezala. Dokumentu horretan, 120 proposamen baino gehiago jarri genituen mahai gainean Ezkerraldeko dinamismo ekonomikoa berreskuratzeko eta bere behar sozialak konpontzearen alde egiteko», aipatu du.

Miren Matanzasek, EH Bilduk Santurtziko alkatetzarako aurkezten duen alkategaiak, «aurrera pauso bat» eskatu du, Santurtzi «justu eta solidarioa, pertsona eta auzo guztiak berdinak izango direna, beren eskubide eta behar guztiekin» eraikitzeko. Feminismo eta ekologismoa ere jarri ditu zentroan, baita «gazteei lan prekarietateari aurre egiten eta gurasoen etxea uzten lagunduko dien Santurtzi» bat lortzea eta «adinekoak zainduko dituena».

Arkaitz Rodriguezek, berriz, azken egunetan EH Bilduren zerrenden inguruko «eztabaida lokaztua» ekarri du gogora. «Zer nolako abertzalea da Feijoo, Cuca Gamarra eta Ayusoren PPren lausenguak jasotzen dituena? Zer arduragabekeria maila lortu behar izan dute gu legez kanpo uzteko mehatxua egiten dutenek lausengatu eta zakartu ditzaten? Erantzukizun garaia da, eta zuei falta zaizuela dirudiena, ezker independentistak soberan du», adierazi du EAJk polemika honetan hartutako jarrerari erreferentzia eginez.

«Argi gelditu da zein ari den aurrera urratsak egiten, eta zeinek jarraitzen duen iraganeko errotondari bueltak ematen. Batzuek lubakiak egiten jarraitzen dute, guk zubiak eraikitzen jarraituko dugu. Batzuek errelatoaren borrokan jarraitzen dute, gu bizikidetzaren eta bakearen eraikuntzan gaude eta egongo gara. Gu herri honi zor gatzaizkiolako. Herri honek etorkizunari begiratu nahi diolako, eta ez iraganari. Eta herri honek munduko eskubide osoa duelako bakean eta askatasunean bizitzeko», gaineratu du.