INFO

Egoera deserosoak bizitzera kondenatuak

Loratuz Lotu elkarteko kideak dira Brayan Altimasberes eta Mash Elizalde. Trans gizonak dira biak ere, eta eurek igarotako «bakardadea, ezjakintasuna eta isolamendua» ikusita, beste batzuena arintzea dute orain   helburu; besteak beste, ikusgarritasuna sustatuz eta erreferentziak sortuz.

Brayan Altimasberes eta Mash Elizalde, Hernaniko Loratuz Lotu elkarteko sortzaileak. (NAIZ)

Ikasketen bidez ezagutu zuten elkar Brayan Altimasberesek (Hernani, 1996) eta Mash Elizaldek (Iruñea, 1999); hain zuzen, Andoaingo Leitzaran institutuan, Gizarteratze zikloko ikasketak egiten ari zirela. Prozesua helduaroan egin duten trans gizonak dira, eta, behin ikasketak bukatuta, 2020an, Loratuz Lotu elkartea sortu zuten, bereziki antzeko bidea egingo dutenei laguntzeko. Hernanin dute egoitza fisikoa, eta gehienbat Gipuzkoan mugitzen badira ere, gainontzeko lurraldeetara ere joaten dira, eskarien eta euren baliabideen arabera. Euren lanaz, bizipenez eta nahiez hitz egin dute GARArekin.

Hasteko, Altimasberesek terminologiari garrantzia eman nahi izan dio: «Askotan erabiltzen dira trans, transexual, transgenero... sinonimoak izango balira bezala, eta kolektiboan aspaldi erabaki genuen trans terminoa erabiltzea, zabalagoa delako, inklusiboagoa, eta pertsona ez-bitarrak ere barne hartzen dituelako». Are zehatzagoa izan da Elizalde: «Mailaketarekin hausteko ere balio du. Gizarteak eskatzen duena da transexuala izatea, hau da, hormonak hartzea eta ebakuntzak egitea, eta trans hitzarekin hori alde batera uzten dugu; bakoitza den bezalakoa izan dadila».  

Bidelaguntza eta heziketa

Trantsizioa 18 urtetik gora zituztela egin zuten biek, eta igarotako trabak, «bakardadea, ezjakintasuna eta isolamendua», ikusita, beste batzuena arintzea dute orain helburu; besteak beste, ikusgarritasuna sustatuz eta erreferentziak sortuz. «Normalean bakarrik etortzen dira, eta senideekin etortzen direnean gehienetan horiek duten beharragatik izaten da. Hezkuntzan esku hartzea ere nahitaezkoa ikusten dute, eta horregatik ematen dituzte hitzaldiak.   

«Genero bereizketa oso hegemoniko mantentzen da oraindik ere. Biribil bat egiten badugu, neskak alde batera eta mutilak bestera joaten dira, eta lumadun mutil bat badago, neskekin jartzen da. Zalantzak argitzeko, neskek estereotipoen inguruan galdetzen dute eta mutilek genitalen eta sexuaren inguruan», gehitu du Elizaldek. Azken batean, nerabeek lehen baino kontzeptu gehiago ezagutzen dituztela diote, baina araututakoaren barnean jarraitzen dutela.
Paraleloki beste lanketa mota batzuk egin behar direla diote: «Gero eta borondate politiko handiagoa dago, baina ez alderdi guztien aldetik, eta gorrotoa ere elikatu dute batzuek. Politika sozialak ezinbestekoak dira, baina elkarren heziketa ere landu behar dugu».

«Gizarteak eskatzen duena da transexuala izatea, hau da, hormonak hartzea eta ebakuntzak egitea, eta trans hitzarekin hori alde batera uzten dugu; bakoitza den bezalakoa izan dadila».

Protestak eta manifestazioak ere bultzatzen dituzte, «mugimendu soziala bermatzeko». Aurten, bereziki, Trans Legearen kontuekin lanean aritu dira, Estatuko beste elkarte batzuekin elkarlanean. Sarean egotea ere ezinbestekoa dute, eta sare sozialetan profilak izateaz gain, orain podcast moduko lantegi bat egiten ari dira, trans pertsonen esperientziak kontatu, ikusarazi, eta bizitako egoerak salatzeko.  

Profesionalen formakuntza falta

Euren bizipenetan oinarrituta, argi dute profesionalen artean formakuntza falta handia dagoela. «Orokorrean formakuntza falta ikaragarria dago; administrazioan, adibidez, agian ez dago transfobiarik, baina bai desinformazioa. Askotan gu aritu behar gara azaltzen haiek nola egin behar duten euren lana», esan du Elizaldek. Osakidetzaren kasua, esaterako, oso larritzat jo dute behin eta berriro, eta medikuek gehienetan buruko gaixotasun bat izango balute bezala tratatzen dituztela diote.

Orain erregistroan gizon gisa izendatuta badaude ere, oraindik uteroa daukate, eta Osakidetzan oso zaila egiten zaie emaginarekin edo ginekologoarekin zita lortzea, Elizalderen hitzetan: «Askotan oso biolentoa da azalpenak eman behar izatea, leihatilan zaudelako eta inguruan, ilaran, jendea dagoelako, eta agian askok ez dakite transa zarenik ere».

Espainiako Gobernuak aurten onartutako Trans Lege berriari esker, ez da beharrezkoa hormonak hartzea Espainiako nortasun agiriko sexu aipamena aldatzeko: «Lege berriarekin, ez dago ebakuntza eta hormonarik hartu beharrik sexu aipamena eta izena aldatzeko, eta hori izan da orain arteko hanka-sartzerik handiena, pertsona batzuk hormonak hartzera behartzea».

Prozesu bakoitza desberdina dela azpimarratu du Altimasberesek: «Gure kasuan, adibidez, mastektomia egiteko, hau da, bularrak kentzeko, urtebete egin behar izan genuen hormonak hartzen, eta pertsona batzuk agian ez dute prozesu horren beharrik; batzuentzako asko suposatu lezake hilerokoa mozteak, baina horren beharra dute bularrak kentzeko. Niretzat prozesu horiek indarkeria dira. Gizarteak berak presionatzen zaitu horretara; gizona izan nahi baduzu, bada egin hau eta hau, bestela ez zaitugu onartuko».

Mash Elizaldek harago jo du: «Pauso horiek emanda mutil zisgenero bat izango zarela saltzen dizute, baina hori gezurra da. Gu ez gara inoiz hor sartuko, aldakak izango ditugulako edo ahots desberdina. Desberdintasun batzuk egongo dira beti, eta horrek ez du esan nahi txarra denik; arazoa da desberdintasunak eskubide falta bihurtzen direnean».

Transfobia egunerokoan

Komunak edo aldagelak izan daitezke eguneroko erasoen lekuko trans pertsonentzat, eta halako hamaika bizipen izan dituzte, zoritxarrez. Duela gutxi parrandan atera zen Altimasberes, eta komunetako ilaran arazoak izan zituen: «Mutilei zuzendutako komunak zutik pixa egitekoak ziren eta ni nesken ilaran geratu nintzen. Neska batzuk hasi ziren esaten besteak libre zeudela, ilara gehiago egiten ari ginela... hasteko, agian ez dut pixa bakarrik egin behar, eta, bestalde, hemen baldin banago, zerbaitegatik izango da. Ez zaie burutik pasatu ere egiten». Aldagelen kasuan, kiroldegi publikoetan ere arazoak izan dituztela azaldu du Elizaldek: «Dutxak irekiak direnean, aukera bakarra etxean dutxatzea da. Eta ez bakarrik transak garelako, konplexuak dituen norbait badago ere, ez dauka zer egin».

Ligatzerakoan ere oztopoak dituztela dio Elizaldek: «Pertsona batzuek esaten dizute zergatik ematen dituzun azalpenak, ez zaiola axola zer daukazun, eta beste batzuek esaten dizute ea zergatik ez diezun lehenago esan. Badirudi beti gaizki egingo duzula».

Irakasle batengandik jasandako transfobia kasua ere azaldu du: «Gizarteratzea ikasten ari nintzenean, tutoreak, denbora guztian, emakume generoa erabiliz hitz egiten zidan, beti ez zuen nire izena erabiltzen... baina esan behar dut gelakideen babesa jaso nuela». Hala ere, orokorrean, fobia hori ezjakintasunetik datorrela diote. «‘Ez, transa zarelako’ oso-oso gutxitan gertatzen da, desinformazioa da gehiago».

Argi dute, gainera, emakume transen kasua ez dela berdina. Pribilegio mailan gizon zuri dirudunak lehenengo postuan dauden moduan, transen kasuan, trans gizon zuri dirudunak eta dispasing ona dutenak daude. «Trans emakumeei gehiago nabaritzen zaie trans gizonei baino, eta ez dira publikoki agertu ere egiten. Ematen du emakume trans batek onarpena lortzen duenean, nahiago duela bere bizitza egin, oraindik transfobia gehiago jasan dezaketelako».

Aurrera begira, generoak ez existitzea eta pertsonak izatea nahiko lukete, konplexurik ez egotea eta aldagelak bereizi behar ez izatea. «Lurrera itzulita», ordea, errespetua sustatzea eta legeak betetzen direla bermatzea da eurentzat garrantzitsuena.