INFO

Udalaren hirigintza politika salatzeko manifestazioa deitu du Donostia Defendatuzek

Igande honetarako mobilizazioa deitu du Donostia Defendatuz koordinakundeak. Udal Gobernuak hiri ereduaren inguruan hartutako erabakiak salatu, eta bestelako Donostia bat nahi dutela aldarrikatuko dute. 12.00etan abituko da manifestazioa, Easo plazatik.

Larunbateko manifestazioa aurkezteko agerraldia egin du Donostia Defendatuz koordinakundeak. (DONOSTIA DEFENDATUZ)

‘Donostia ez dago salgai’ lelopean mobilizazioa antolatu du Donostia Defendatuz koordinakundeak igande eguerdirako, 12.00etan abiatuko da Easo plazatik. Udalaren hirigintza politiken ondoriotzat duten hiriaren «desegitea» salatuko dute, «hiritarraren zaintzatik urruntzen den eta turistengana hurbilduz egiten den hiriaren diseinua» izango da salatuko dutena. Izan ere, adierazi dute Udal Gobernuak etengabe erasotzen diela Donostiaren «nortasunari, ondare arkitektoniko, natural eta soziokulturalari eta saltoki txikiei».

«Donostiaren kezkak eta defentsak» elkartutako erakunde, auzo elkarte eta gizarte-mugimenduek osatutako koordinakunde «apartidista» da asteazken goizean mobilizaziora deitzeko Donostia Defendatuz prentsaurrekoan azaldu dutenaren arabera. Ondare-SS, Haritzalde, Satorralaia, Belartza 2 gelditu, Dendartean, Bagera, Uliako auzo elkartea, Bizilagunekin, Heriz Plataforma,  Parkea Bizirik eta Amara Bai elkarteek osatzen dute.

Bertaratutakoek gaineratu dute enpresa handien negoziorako eta turismo masifikaturako hiri-eredu baten modura eraikitzen ari dela: «Bizitzeko eta pertsona guztiak jatorri- edo baldintza-bereizketarik gabe zaintzen dituen hiria izan beharrean». Eta etxebizitzaren egoera «tamalgarria» jarri dute adibidetzat: «Hiri ereduaren sintoma argigarri bat da etxebizitzarena, milaka donostiarren kanporatzearekin eta fenomeno horren ondorioekin: «hiriaren zahartzea edota  auzokideen sareak ahultzea»

Adierazgarri batzuk

Gipuzkoako hiriburuko udalak interes ekonomiko handiei mesede egiten dien hiri eredua bultzatzen duela adierazi dute mobilizaziora dei egiteko egindako prentsaurrekoan: «Egungo hiria modu arriskutsu eta atzeraezinean saltzen ari dira, azalera handiei eta kateei mesede eginez».

Azken legegintzaldietan hartutako erabaki batzuk jarri dituzte «hiriaren desegitearen» adibidetzat: Basque Culinary Centerren bigarren eraikina, San Bartolome muinoan lau solairuko lurpeko aparkalekua eta merkataritza-gunea, Bellas Artes-en eta Renfe geltokiaren eraisteak, Antondegin olatu artifizialen parkea egiteko proiektua, metroaren pasabidearen zahubidea eta afekzioak, ingurumenaren suntsiketa eta multinazionalen makro parke baten proiektua Belartza 2n, Urbanizazio berriek etxebizitza espekulatiboari lehentasuna ematea alokairuko etxebizitza babestuen aurrean, hotelen etengabeko irekiera… izan dira aipatu duten zerrenda luzeko batzuk.

Jarduera horiek gizartean «alarma eta nahigabea» sortzen dutela azaldu dute, eta horregatik dei egin diote herritar orori igandeko mobilizazioan parte hartzera.