INFO

Presoen bandera jartzen saiatzeagatik epaitegira deitutako kideak babestera batu dira Donostian

Hainbat lagun Donostiako epaitegien aurrean elkartu da ostegun goiz honetan, Joseba eta Eñaut Alvarez deklaratuta deitzera zeuden egunean. San Sebastian egunaren bezperan Plaza Berrian presoen aldeko pankarta bat jartzen saiatzeagatik deitu zituzten deklaratzera.

Joseba eta Eñaut Alvarez, adierazpen askatasunaren alde egin den elkarretaratzean, deklaratzera sartu aurretik. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal presoen eskubideen aldeko pankarta bat jartzen saiatzeagatik 750 euroko isun bana eta deklaratzeko zitazioa jaso zituzten Joseba eta Eñaut Alvarez donostiarrek. Ostegun honetan sartu dira Donostiako epaitegira, 10.00etan. Bitartean, Piztu Donostia plataformak deitutako mobilizazio baten bitartez sostengua adierazi diete hainbat herritarrek.

Halaber, adierazpen askatasuna defendatzeko batu dira herritarrak epaitegi aurrera, salatu dutenez, «adierazpen askatasunaren eta oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako beste gertaera bat» baita Joseba eta Eñaut Alvarezen kontra abiatutako prozesua.

«Euskal Herriko auzo eta herrietako jaiak festarako eta aldarrikapenerako espazioak izan dira beti, biak jai giroan uztarturik», gogoratu dute elkarretaratzean zabaldu duten ohar batean. Hala, San Sebastian egunaren bezperan Plaza Berriaren erdian euskal presoen eskubideen aldeko pankarta bat jartzeko asmoa zuten Alvareztarrek beste kide batzuekin batera, teilatutik teilatura eskegita. Udaltzainek, baina, «borra eta ezkutuak baliatuz, oihu eta mehatxu artean», haien kontra egin zutela salatu dute, eta banderaren soka moztuta, bandera jartzea eragotzi zieten.

Hau gertatu eta bi hilabetera, zitazio bana jaso zuten Joseba eta Eñaut Alvarezek, ostegun honetan epaitegian deklaratzeko. Orain, epaileak erabakiko du bi donostiarren aurka epaiketa penala ireki edo ez. Bestalde, 750 euroko isun administratibo bana ere jaso zuten, ‘Mozal Legea’ aplikatuta.

«Oso gertaera larria deritzogu kalean aldarrikapen ezberdinak jartzen ari diren herritarren aurka poliziak era honetan ekitea, baina are larriagotzat dugu gertaerak judizializatu eta herritarren aurkako ondorio penalak bilatzea», salatu dute Piztu Donostiatik.