INFO

Txell Alarcon da Kutxabank Araskik 2023/24 denboraldiari begira lotu duen lehen jokalaria

Pasa den udan iritsi zen Logroñotik oraindik 19 urte dituen eskolta katalana. Madelen Urietaren aginduetara, talde gasteiztarrak aurten jokatu dituen 32 neurketetan hartu du parte eta 7,7 puntu, 2,4 errebote eta 0,7 asistentzia lortu ditu batez beste.

Espero bezala, Txell Alarcon beste urtebetez Araskiren elastikoarekin ariko da. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Kutxabank Araski talde gasteiztarrak Txell Alarcón eskolta katalana lotu du 2023/24 denboraldiari begira. Orain arte Annika Holopainen, Chatrice White eta Maimouna Diarrari agur esan ostean, Bartzelonako hegalekoa da talde arabarrak datorren denboraldirako lotu duen aurreneko jokalaria.

Pasa den udan etorri zen Logroñoko Campus Promete taldetik uztailaren 31an 20 urte bete behar dituen Bartzelonako jokalaria. Printzipioz bi urterako lotu zuen Araskik, baina ostiral honetan konfirmatu da azkenean Alarconek, espero bezala, bigarren denboraldia ere beteko duela elastiko berdea soinean duela.

Emakumeen Endesa Ligan 17 urte bete berri zituela debuta egin zuen 1,78 metro neurtzen dituen eskoltak eta hiruko jaurtitzaile trebea dela erakutsi zuen lehenengo egunetik. Campus Promete talde errioxarrak Emakumeen Ligako bere plazari uko egin zionean, 2022ko udan, Kutxabank Araski inor baino arinago mugitu zen etorkizun oparoa antzematen zaion jokalari hau fitxatzeko.

Hala, Madelen Urietaren aginduetara 24 minutu jokatu ditu batez beste eta gasteiztarrek jokaturiko neurketa orotan lekua izan du; hau da, Emakumeen Endesa Ligako Fase Erregularrari dagozkion 30 neurketetan aritu da, bai halaber Superkopako finalerdietan eta Kopako final-laurdenetan ere. Hiruko jaurtiketan ohi baino irregularrago azaldu da, egia esan, baina mugitzeko eta jokatzeko estilo dotore askoa duela erakusteaz gain, jaurtitzailea baino askoz gehiago ere badela erakutsi du, defentsan asko hobetu baitu eta tarteka antolatzaile lanak ere egiteko gai dela erakutsi duelako ere. Ondorioz, 7,7 puntu, 2,4 errebote eta 0,7 asistentzia lortu ditu batez beste.

Lan horri esker, WNBAk draftean Washington Mystics taldeak aurkeratu du, 32. postuan, eta hilaren 4an Katalunyako selekzioarekin ere jokatu du Ukrainaren aurkako lagunarteko neurketa bat.

«Txellek gurekin jarraituko duela jakinda burura datorkidan hitza ‘ilusioa’ da», adierazi du Madelen Urietak. «Gogo handia dugu bidea partekatzen eta elkarrekin eboluzionatzen jarraitzeko, bera jokalari gisa eta gu klub gisa. Jokalari bikaina eta oso langilea da», gaineratu du Amurrioko entrenatzaileak.