INFO

Elkarrekin Podemos-IUk zerbitzu publikoak «hortzez eta haginez» defendatuko ditu

Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia den Pilar Garridok zerbitzu publikoak «hortzez eta haginez» defendatzeko konpromisoa hartu du eta bere alderdiari «hitzemandakoak betetzeko orduan hankek ez diotela dar-dar egiten» nabarmendu du.

Elkarrekin Podemos-IUk zerbitzu publikoak defendatu ditu Irunen. (Elkarrekin Podemos)

Pilar Garridok Elkarrekin Podemos-IUren hauteskunde ekitaldi batean parte hartu du larunbat honetan Irunen, Rafa Mayoral Podemoseko buruzagiarekin, Miren Echeveste Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiarekin eta David Nuño Irungo alkategaiarekin batera.

Pilar Garridoren esanetan, «asko kostatzen ari zaigu PSOEk gobernu akordioa bete dezan», eta, horregatik «zarata egiten dugu eta behin eta berriz esaten dugu programa herritarrekin egindako ituna dela guretzat».

Bestalde, Rafa Mayoralek honakoa azpimarratu du: «Hauteskundeak ez dira alderdien arteko gatazka bat, baizik eta herri klaseen eta multinazionalen arteko gatazka bat, azken hauek zerbitzu publikoak xurgatzera baitatoz». Ildo horretan, zerbitzuak kanporatzea zuzeneko prestazioa baino sei aldiz gehiago kostatzen dela adierazi du, eta, gainera, lan baldintzak eta zerbitzuen kalitatea okertzen dituela.

Miren Echevestek salatu du duela lau hamarkada Osakidetza bultzatu zutenak aspalditik ari direla euskal osasun sistemaren egiturazko zerbitzuak pixkanaka pribatu bihurtzen. «EAJk eta PSEk osasunarekin egiten dutena duintasunaren muga guztiak gainditzen ari da, eta maiatzaren 28an nahikoa dela esan behar dugu», aldarrikatu du.

Horrekin lotuta, gaitzetsi du «gainerako alderdi guztiek negozioa eta bezero sareak» ikusten dituztela zerbitzu publikoetan. «EH Bilduk gobernatzen duen lekuetan pribatizazioen eta negozioen trenera igo da», kritikatu du. Halaber, «maiatzaren 28ko hauteskundeen helburua gehiengoaren eskubideak defendatzea dela» ohartarazi du.