INFO

Erizainen saiakera, osasun publikoa mantentzeko

Ez daramate kaparik, pijama urdina baizik. Erizainek behar baino lan karga handiagoa hartu dute eta lehen ez zegozkien eginbeharrak betetzen dituzte. Osakidetzaren egoeraren aitzakiatzat erizainak falta direla esan ohi da, baina errealitatea da profesionalak «erreta» daudela, eta babesa behar dute.

Gasteizko protesten irudi bat. Hemen ere denek batera egin zituzten aldarrikapenak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Osasun sistema publikoa, edo haren kudeaketa hobeto esanda, aztertu zuten astelehenean NAIZ Irratiko “Bigarren Kafea” saioan. Bertan, Idoia Sanchez Garcia eta Edurne Arana Iturricastillo erizainek parte hartu zuten egunero bizi duten egoerari buruz hitz egiteko. Izan ere, ostegunean eta ostiralean Osakidetzako osasun langileen greba izan zen, haien baldintzak hobetzeko eskatzeko.

«Erizainok tratu oso zuzena dugu pazienteekin eta haien familiekin; deserosotasun eta kexak zuzenean guri igortzen dizkigute, eta askotan haiekin bat egiten dugu, noski», esan zuen Aranak. Kexa horien artean daude erizainen falta edo kontsultarako hitzorduak lortzeko arazoak, besteak beste.

«Osasungintzan, eta batez ere lehen mailako arretan, gure jarduna oso bakartia da», adierazi zuen Sanchezek. Hori dela eta, zaila da jende multzo handi bat antolatzea. Izan ere, nahiz eta egunerokotasunean erronka berdintsuei aurre egin behar dieten, bakoitzaren baldintzak eta egoera pertsonalak desberdinak dira, eta denak batzea ez da batere erraza.

Era berean, erizainek diote asko “erreta” daudela eta, brometan bada ere, aipatzen dutela agian hobeto egongo zirela beste lanbide batean. Izan ere, beste arlo batzuetara salto egitea errealitate bat da. «Aspalditik nago oso deskonektatuta unibertsitate girotik eta ez dakit zein den egoera fakultatean. Ez dakit benetan erizaintzako gelak hutsik dauden, baina gero gure eguneroko jardunean zabaltzen zaigun mezua da erizainik ez dagoela, oporrak edo egun libreak eskatzen ditugunean. Zein gogorra den benetan gustatzen zaizun gradu bat egitea eta gero ohartzea zorigaitzeko egiten zaituela zure lanak!», dio Sanchezek.

Ideia horrekin bat dator Arana: «Ezin dugu ahaztu duela gutxi pasatu dugun pandemia oso gogorra izan dela osasun munduan lan egiten duen edonorentzat; erizainez hitz egiten ari garenez, horrek asko erre du gure lanbidea. Pena handia ematen du, niretzat guztiz bokaziozkoa den lanbidea delako, eta oso polita».

Erizainen baldintza gogorrak

Arazoak askotarikoak dira, konplexuak, eta horiek konpontzea kudeaketa eraginkor batetik pasatzen da. «Lan karga erraldoia dugu. Gero eta gizarte zaharragoa dago, horrek ekartzen dituen osasun arazoekin. Gure jardunak gaixotasunen prebentziora, osasun hezkuntzara, fokuratuta egon beharko luke. Nik askotan aipatzen dut sexu hezkuntza dela gure gabezia nagusietako bat, baina osasun hezkuntzarik ere ez dugu. Ez dakigu osasun baliabideak erabiltzen, ez dakigu benetan zeren aurrean behar dugun arreta medikua edo erizainaren arreta, eta ez dakigu ez digutelako erakutsi. Nik gauza horiek dakizkit erizaina naizelako; bestela ez nituzke jakingo. Ez nuke jakingo larunbat batean, txiza infekzioa izanez gero, nora jo beharko nukeen», adierazi du Sanchezek.

Bere ustez, garrantzitsua da komunitatearen hezkuntza lantzea, etorkizunean paziente aktiboak eta ahaldunduak izateko, haien osasunaren kudeaketa eraginkorra egiteko gai direnak, eta gaixotasunaren ordez osasunari buruz hitz egiteko. Uste du hori izan beharko litzatekeela erizainen lana, baina ez dute denborarik ezta baliabiderik ere, eta azkenean ezerezean gelditzen da dena. «Presentzia galtzen dugu, eta medikuek baino maila baxuagoa duten profesionalak izaten jarraitzen dugu jendearentzat. Eta oso nekeza da hori», azaldu du.

Era berean, adierazi du «medikuen faltak erizainei eragiten» diela. «Nik egunero patologia pilo bat artatzen dut; lanean hasi nintzenean hori ez zen nire konpetentzia, baina orain, bai. Eta nik formakuntza bera izaten jarraitzen dut! Horrek guztiak bola erraldoi bat sortzen du».

Erizain behar handia dago, hor ez dago zalantzarik, baina horrek ez du esan nahi profesionalak lasai daudenik. «Alde batetik, badakizu lana izango duzula, eta baduzu segurtasun maila bat. Baina, bestetik, ez dakizu zein lan baldintza izango dituzun edo non egingo duzu lan -ez bakarrik zein herritan, baita zein zerbitzutan ere-. Formakuntza iraunkorra behar da. Eta horrek antsietatea eragiten du, ardura bat duzulako etengabe», esan du Aranak.

Horrekin lotuta, argi utzi nahi izan dute biek egoera horrek pazienteari ere eragiten diola, langileen inplikazioa murrizten delako. Pazienteekiko harreman estua garrantzitsua da, batez ere, lehen mailako arretan, baina bi astero postuz mugitzen badituzte, atxikimendu hori lortzea ezinezkoa da, eta euren lana ahalik eta ondoren egiten saiatzen dira, pazienteari laguntzen, baina osasun sistemak kalitate asko galtzen du horrela.

Gero eta okerrago

Osakidetzaren kudeaketaren gainbehera, azken urteetan bereziki, nabarmena izan dela esan dute biek. «Nik, neure lankideekin konparatuta, oso urte gutxi daramazkit lanean, baina lankideei entzun izan diet Osakidetza punta-puntan egon dela. Katalunian egin ditut ikasketak, eta askotan Osakidetza eredu bezala jartzen zuten. Egun, ez dut hori nabaritzen. Pena da, dirua duenak erabaki dezakeelako belaunetik operatzeko ez itxarotea eta pribatura joatea», dio Aranak.

«Soluzioa ez da partxeak jartzen joatea. Gu geure borondate onaz aritzen gara, lankidea lanean ibili edo ez. Horrela ateratzen dugu lana aurrera, ez pazienteak ez lankideak erortzen ez uzteko, baina borondate on horrek nekatu egiten du. Gure gainetik dauden pertsonengan ere ikusten dugu motibazio falta. Gauza batzuk konpontzea ez dago gure esku», adierazi du Sanchezek.

Gaineratu du beraien aldarrikapenek ez dutela baliorik jendeak ez baditu berresten. «Ikusi dugu anbulategiak, lehen 20.00ak arte zabalik egoten zirenak, nola dauden orain gehienak 17.00ak arte irekita. Nik uste dut herritarren partetik ez dela hainbeste kexarik izan. Kexa horiek guri iristen zaizkigu ahoz, baina horiek formalizatu egin behar dira».