INFO

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erregistro zibilek 133 sexu-aldaketa izapidetu dituzte martxotik

Martxoaren 2an sartu zen indarrean Trans Legea eta, ordutik, sexua aldatzeko egindako espedienteen artean 5 jada amaitu dira.

Transfobiaren aurkako manifestazio bat, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iragan martxoaren 2an espainiar Estatuko Trans Legea indarrean sartu zenetik, sexua aldatzeko 133 espediente izapidetu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erregistro zibiletan, eta horietatik 5 amaitu dira.

Arauak aukera ematen die 16 urtetik gorako pertsona transexualei erregistroan sexua aldatzeko, beren borondatearen adierazpen askearekin. Gazteagoen kasuan, 14 urtetik gorakoek gurasoen baimena behar dute, eta 12 eta 13 urte bitartekoek baimen judiziala; 12 urtetik beherakoek, berriz, izena aldatu ahal izango dute erregistroan, baina ez sexua.

Apirilean izandako traben ondoren, erregistro zibilek normaltasuna berreskuratu dute, eta hasitako prozedurak ia bikoiztu egin dira, apirilaren 14rako 71 espediente zeuden eta maiatzaren 12rako, 133.

133 espediente horietatik 13 Araban daude, 65 Bizkaian eta 55 Gipuzkoan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak EH Bilduri emandako erantzun parlamentarioan jasotzen den bezala. Donostia da eskaera gehien hasi dituen hiriburua (34), ondoren Bilbo (18) eta Gasteiz (9) daude.

Guztira, 5 amaitu dira, 41 aurretiko hitzorduaren fasean daude eta 87 hasita daude. Eskatzaileek dagoeneko egin dute hasierako agerraldia erregistroan, eta bigarren elkarrizketa baten zain daude, eskaera berresteko.

Ildo horretan, hasierako agerralditik berrespen-agerraldira hiru hilabete igarotzen dira batez beste, eta hortik aurrera beste bat gehiago, dagokion erregistroan sexua zuzentzeko ebazpena eman dadin.

Sailetik zabaldu dutenez, apirilean izandako pilaketak konpondu egin dira, espedienteak hilabetean bikoiztu egin direla azpimarratuta. Gogora ekarri dutenez, aipatutako hilabetean egoera zaildu egin zen pandemiaz geroztik izandako atzerapenengatik, abokatuen grebarengatik eta Estatuko legea onartu eta gero egindako eskarien hasierako bolumen handiagatik.

Erregistro zibilen lana arintzen lagundu dute aurretiazko hitzordua posta elektronikoz eskatzeko sistema iragankor bat martxan jartzeak eta bake-epaitegi bakoitzean, dagokion erregistro zibilaren bulego delegatu gisa, hitzordua aurrez aurre eskatzeko aukerak.