Flor Chagasek eta Ygueravidek agur esan diete Kutxabank Araski eta Lointek Gernikari
Antolatzaile argentinarra uneotan Zeelanda Berrian ari da jokatzen Gasteizen urtebete eman ostean. Ygueravidek, bestalde, hurrengo bi denboraldietan Gironan jokatuko du eta talde bizkaitarrak goitik behera aldatu beharko du 2023/24 sasoiari begira.
Kutxabank Araskik eta Lointek Gernika Bizkaiak datorren denboraldiari begira sekulako aurpegi berri pila batu beharko dituzte, denboraldia amaitu berritan agurreko mezuak bata bestearen atzetik ematen ari baitira. Astelehen honetan Flor Chagas eta Sandra Ygueravideren txanda izan da, zentzu horretan.
Kutxabank Araskik aditzera eman duenez, Buenos Airesko antolatzaileak ez du Gasteizen segiko, nahiz eta jokalari argentinarra Arabako hiriburuan etxean bezala sentitu. Batez beste 7,5 puntu, 2,3 errebote eta asistentzia bat lortu ditu antolatzaile argentinarrak eta Endesa Ligan, Kopan eta Superkopan orotara Araskik jokatu dituen 32 neurketetan minutuak izan ditu. Egia da, bestetik, Chagasek eta Madelen Urietak beti ez dutela elkar ondo hartu; hau da, Chagasen izaera dela-eta, ausarta baina akaso patxada apur bat falta izan zaiona ekainaren 27an 22 urte bete behar dituen jokalari honi, tarteka aulkian eserita egotera «zigortu» du Amurrioko entrenatzaileak.
Chagasen talentua ez dago ezbaian jartzerik, ederki asko daki hori Madelen Urietak; ezta jokalariaren jarrera eta hobetzeko grina ere, baina erabakiak hartzeko unean ez du beti aukerarik onena hartzen egun Zeelanda Berriko Tokomanawa Queens jokatzen ari den jokalariak. Bada, beste antolatzaileren baten aldeko hautua egin beharko du talde gasteiztarrak 2023/24 denboraldiari begira.
Euskal Herritik Kataluniara
Beste horrenbeste esan liteke Sandra Ygueravideri buruz ere. Mario Lopez itzuli delarik talde bizkaitarreko aulkira, aldaketa mordoa egin beharko du hurrengo hilabeteetan, azken egunetan Andrijana Cvitkovic, Patricia Bura eta Laura Spreaficok ere agur esan baitiote Lointek Gernika Bizkaiari. Baita Sandra Ygueravidek ere. Valentziako antolatzaile beteranoak hurrengo bi denboraldietan Gironan jokatuko du.
Lointek Gernika Bizkaiak liderrik izan badu 2022/23 denboraldi honetan Ygueravide izan da. 38 urte abenduan bete arren, fisikoki bikain eutsi die Liga, Kopa eta Eurocupeko joan-etorriei. Hala, 10,5 puntu, 4,1 asistentzia eta 11,3ko balorazioa lortu ditu antolatzaileak batez beste.
Gironak, bestalde, pasa den denboraldi honetan oso zorte txarra izan du lesioak direla-eta, ondorioz, Laia Floren antolatzaile katalanak Gironan ez duela segiko jakinean, Ygueravideren aldeko apostua egin dute eta honek ez dio ezetzik esan.
Esan gabe doa Lointek Gernika Bizkaiak antolatzaile titular posturako norbait beharko duela, nahiz eta egia den bestalde pasa den denboraldian Itziar Ariztimuñok egundoko aurrerapausoa eman duen, batik bat hatz bat hautsi berritan, Sandra Ygueravidek bi hilabete inguru jokatu ezinik pasa zituen sasoian.