INFO

Badator Trump gabeko trumpismoa

Alderdi Errepublikanoa Etxe Zurira itzularazteko dagoen hautagairik sendoenetakoak primarioetarako kanpaina aurkeztu berri du. Ron DeSantis Floridako gobernadoreak bart egin du hautagaitzaren aurkezpena, Elon Musk Twitterreko ugazabarekin batera.

Elon Musk Twitteren jabea eta Ron DeSantis hautagai errepublikanoa. (Angela WEISS-Cheney ORR | AFP)

Izaten dira erakustaldia egitera deituta diruditen kirolariak eta artistak. Luzaroan mundu guztiaren ahotan egoten dira eta ikusmin handia sortzen dute, baina gerta liteke behar baino gehiago luzatzea iragarritako erakustaldi hori, eta iristen denerako, indargabetuta heltzea.

Alderdi Errepublikanoko sektore askok itxaropen handia jarri zuten Ron DeSantis Floridako gobernadorearengan duela urte erdi; trumpismoaren politika jarraitzeko pertsona egokia zelakoan. Hautagai trumpista bat, Trump bera eskuinetik aurreratu duena zenbait politikatan, eta presidente ohiaren etengabeko eskandalu, auzipetze eta kondenarik gabea.

Irabazlearen figura landu nahi izan du Ron DeSantisek, Florida irauli duen errepublikano gazte gisa. Bi alderdien arteko lurralde lehiatuenen artean zegoen estatua errepublikanoen aldera lerratu da 44 urteko gobernadorearen agindupean.

Errepublikanoek espero baino emaitza okerragoak eta porroten bat ere eskuratu zituzten azaroan; Floridan, baina, estatuko ganberen erabateko kontrola eskuratu zuten. Horren ondorioz, agenda errepubikanoaren muturreko neurriak ezartzen hasi da: armak eramateko legeak arindu ditu, abortua ia erabat debekatu du, eta hezkuntzan homofobia sustatu du “Ez esan gay” legearekin.

Disneyrekin muturtuta

Errepublikano askoren artean doinu atseginak dira horiek, baina gerra kulturaletatik kanpo, korporazioen aldeko agendan huts nabarmena dauka DeSantisek: muturreko agenda horrek Disney konpainiarekin mokoka ibiltzea ekarri dio. Azkenean, auzitara jo du Floridako hainbat lekutan milaka lanposturen ardura daukan multinazionalak, eta Orlandon onartuta zeukan egitasmo bat –urteko 120.000 dolarreko soldata zeukaten bi mila lanpostu– bertan behera utzi berri du.

Hilabeteak daramatza DeSantisek Estatu Batuetan bidaian eta diru-bilketan, eta nazioartera ere egin du bisitarik. Eremu kontserbadorean eragina duten pertsonaien konfiantza lortu nahian dabil, Trump bezain eskuindarra dela erakutsiz baina haren motxilarik gabe.

«Azken urteotan gure alderdia kolpatu duen porrotaren kultura baztertu behar dugu», esan zuen DeSantisek duela bi aste Iowara egindako bisitan, Trump aipatu gabe ere harengana zuzenduz. Are gehiago, zortzi urteko gobernu errepublikano bateko buru izan litekeela gogorarazten dabil, presidente ohiak gehienez ere agintaldi bakar bat gehiago egin dezakeen bitartean.

Kontuak kontu, baina, inkestetan bigarren ageri da DeSantis, hautagai gehienen aurretik nabarmen, baina are nabarmenago Trumpen atzetik, 30 puntu baino gehiagoko aldea baitauka presidente ohiak. Erdian egote hori ez da berez ona: Trump kritikatzera ausartzen ez diren gainerako hautagaien jomugan dago alde batetik eta, bestetik, Trumpek behin eta berriz ukatu dio meritua, gobernadorearen lorpen guztia presidente ohiaren izendapenari egotzita.

Azken hilabeteotan jarraitzaile trumpisten irain eta burlen helburu bihurtu da DeSantis. Horrek guztiak, baina, Trumpi aurre egin diezaiokeen aurkari bakarra dela nabarmentzen du.

Eta babes handiarekin dator DeSantis, Twitterreko buruarengandik hasita. Elon Musken jarrera eskuin muturrean zebilela agerian geratu da beste behin ere.

Iazko hauteskundeen ostean, Muskek «pertsona zentzuduna eta zentrista» nahiago zuela adierazi zuen bere sare sozialean. Bart, DeSantisen hautagaitzaren aurkezpena egin du eta, bidenabar, errepublikanoen primarioen makineria guztia indar guztiz hasi da martxan.

Makineria horretan sartzen lehena Trump bera izan zen, azaroko hauteskundeak igaro eta berehala (lehenago ere egingo zukeen, alderditik geldiarazi ez balute, agintaldi erdiko bozetan kalte egingo ziela sinetsita baitzeuden).

Gero, Niki Haley NBEko enbaxadore ohia heldu zen otsailean, eta Tim Scott senataria izan zen azkena lehengo astean. Bitartean, primario errepublikanoetako hautagaitza aurkeztu dute Vivek Ramaswamy enpresaburuak, Larry Elder irrati-esatariak eta Asa Hutchinson Arkansaseko gobernadore ohiak ere. Badira oraindik ofizialki aurkeztu gabe ere lehian sartzeko asmotan direnak: Mike Pence Trumpen presidenteorde ohiak aurki aurkeztuko du hautagaitza, eta kinieletan daude Chris Christie New Jersey gobernadore ohia, Chris Sununu New Hampshireko gobernadore ohia eta egun Virginiako gobernadore den Glenn Youngkin ere.