INFO

Telesforo Monzonen ‘Txikia’ abestia ereserki bilakatu dute Hazparneko errugbi jokalariek

Hasparren Athletic Club errugbi taldeak Federale 2 mailara igoera lortu du eta Federale 3-ko final zortzirenak jokatuko ditu igande honetan, Oloroeren aurka. Emaitzak emaitza, baina, ospatzeko moduak hunkitu ditu euskaldunak: Telesforo Monzonen ‘Txikia’ abestiak girotzen baitu hauen partida ostekoa.

Hasparren Athletic Clubeko lehen taldeko jokalariak garaipena ospatzen. (HASPARREN A.C.)

Errugbi partiden ostean hirugarren zatiak duen ospea jakina da: zelaian arerio eta hortik kanpo, adiskidetza eta festa giroa. Azken asteetan oihartzuna izan du Hasparren Athletic Club errugbi taldearen partida osteko giroak eta, oihartzun horretan, zenbait euskaldunen bihotzak ere hunkitu ditu.

Telesforo Monzonen ‘Txikia’ abestia partida osteko ereserkia bilakatu dela dirudi, sare sozialetan antzeman daitekeenez. Jokalari guztiak batera, lau haizeetara zabaltzeko bezainbeste indarrekin abesten dute, denak elkar besarkatuta dauden bitartean.

Gainera, ez da soilik lehen taldearen kontua edo tradizioa. Sare sozialetan zabaldu den bideo hauetan ikusi daitekeenez, klubeko gazteenek ere nagusien ohitura bere egin dute. 19 urtez azpiko taldeak finalerako txartela erdietsi du Sarlat mendean hartu ostean (25-30) eta hauek ere ‘Txikia’ abestiaren doinuen erritmora ospatu dute garaipen handia.

Hazparneko lehen taldeak Federale 2 mailara igoera erdietsi du eta orain, Federale 3 mailako final-zortzirenetan dago buru belarri. Bihar, igandean, Oloroeko taldearen aurka arituko dira; Hazparnetik kasik 80 kilometrora, alegia. Autobusak antolatu dituzte klubetik, partida garrantzitsu horretan zaleen babesa ezinbestekoa izango delako.

Hain zuzen ere, zaleak Oloroeraino joan daitezen animatzeko, jokalari guztiak makurtuta euskaraz abesten agertzen diren bideo bat erabili du klubak: «Bat, bi, hiru lau; bat bi hiru lau; bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, bost sei zazpi; bost, sei zazpi, hazpandarrak, hazpandarrak; hazpandarrak irabazi, irabazi!».

Irabazi edo galdu, emaitza emaitza, argi dago euskal zaleen bihotzetan leku txiki baina, era berean, handia egin dutela Hasparren Athletic Club errugbi klubak eta bertako jokalariek.