EH Bildu, Gipuzkoako irabazle handia Aldundian nahiz udalerrietan
Emaitza onak lirateke EH Bildurentzat inkestek aurreikusitakoak, bada, zuhur ez ezik xuhur izan zirela erakutsi du koalizioak: Gipuzkoako Foru Aldundian nahiz udalerrietan, alde handiz gailendu zaie gainerako taldeei. Irabazle argia bezala, galtzaile handia ere badu gaurko gau gipuzkoarrak: EAJ.
Irabaztea ez da sorpresa ez da izan, inkestek aurreikusitako alde estu-estuak, nahiz eta Eider Mendozak irabaziko zuela iragarri, ate biak –EAJ eta EH Bildurena– irekita utzi baitzuen. Aldiz, zirrikitu batetik ez, Gipuzkoako Foru Aldundiko atea parez pare irekita pasatu da Maddalen Iriarte hautagai jeltzalearen aurretik: Mendozaren hautagaitzak baino 15.141 boto gehiago lortu ditu. Lehen indarra izan da herrietan ere, botoen %37,15 lortuta. EAJ izan da gau honetako galtzaile handia, batez ere herrietan: txiki eta ahul geratu da.
Hala, Aldundirako botoen banaketa horrela geratu da Gipuzkoako bi talde nagusien artean: 120.578 EH Bildurentzat eta 105.437 EAJrentzat. Alderdi jeltzaleak boto-saldoa galdu du, 25.362 guztira. Batzar Nagusietan aulki dantza esanguratsua ere ekarriko dute emaitzok: 22 batzarkidek ordezkatuko dute koalizio abertzalea, 5 gehiagok, eta 3 ordezkari galdu ditu EAJk, 17ra jaitsita.
Alde handiz kokatu dira gainontzeko taldeak. Bi talde nagusien jite «abertzalea» kritikatuta desberdintzen saiatu da Jose Ignacio Asensio PSEko hautagaia kanpainan, eta estrategiak ez dio mesederik egin. 10.000 boto inguru galdu ditu eta Batzar Nagusietan 7 eserlekurekin geratu da, bi galduta. Batzarkide berdinak eta antzeko boto kopurua galdu ditu Miren Echevestek zuzentzen duen Elkarrekin Podemosen zerrendak ere, beheraldia nabarmenduz: 2 jarlekurekin geratu da. Sorpresa PPk ekarri du, batzarkide bakarra izatetik 3 ordezkarira igo baita.
Bihartik aurrera elkarrizketak hasiko dituzte taldeek. Aukerak irekita daude.
Abstentzioa izan da egun honetako beste protagonista bat. Hego Euskal Herrian erregistratu den parte-hartze txikiena izan da Gipuzkoan, %60tik beherakoa. Abstentzioak 6,65 puntu egin du gora 2019ko maiatzaren 26ko bozen aldean eta, itxuraz, eragina izan du emaitzetan, EH Bilduren alde.
Lehen indar munizipalista
Lehen indar munizipalista gisa bere burua indartu du EH Bilduk, ia herri guztietan emaitza hobeak lortuta. 419 zinegotzitik 462ra igo da eta, 2019an ez bezala, boto kopuruan ere gailendu zaie gainontzeko taldeei: 123.008 boto eskuratu ditu koalizioak (%37,15a).
Atzetik kokatu da EAJ, 259 zinegotzirekin –2019an baino 29 gutxiago– eta jaitsiera izugarria izan ditu bototan: 27.367 boto galdu ditu. 98 zinegotzi lortu ditu PSEk, 17 Elkarrekin Podemosek eta 7 PPk, gaueko beste irabazle bat.
Azken hauteskundeetan boto gutxigatik gailendu zen EAJ Arrasaten eta Tolosan, bada, oraingoan, EH Bildu izan da boto gehien jaso dituena bi herrietan. 10 zinegotzi eskuratu ditu Arrasaten eta 9 Tolosan, azken kasu honetan, jeltzaleek baino 1.100 boto gehiago lortuta. Alkatetza lortuko luke bi kasuetan, EAJ eta PSEk ez baitute lortu Gobernuak elkarrekin osatzeko beste indarrik.
Halaber, mantendu bakarrik ez, emaitzetan gorakada nabarmena izan du EH Bilduk orain lau urte berreskuratu zituen herrietan. Gorakada handia izan du Orion, 6tik 10 zinegotzira igo da eta EAJ 5etik 3ra jaitsi; PSE herriko mapa politikotik kanpo geratu da. EAJk galdutako zinegotzi bat irabazi du koalizioak Bergaran, 10 udal ordezkari lortuta (6ra jaitsi da EAJ), eta 2019an baino alde handiagoz irabazi du, halaber, Oñatin, Oiartzunen, Zestoan edo Zumaian.
Plaza berriak ere hartu ditu EH Bilduk. Eskoriatzan EAJri alde handiz gailendu zaio 4tik 7 zinegotzira pasatuta eta lehen indarra izan da Legazpin ere, nahiz eta EAJ-PSE baturak gehiengo absolutua ematen duen.
Andoain eta Pasaia dira nabarmentzeko beste bi plaza. Gaur bezala, batean zein bestean, 2019an lehen indarra izan zen koalizioa, baina EAJk PSE altxatu zuen alkatetzara. Oraingoan, jeltzaleen eta sozialisten baturak ez du gehiengo absolutua ematen, beraz, Andoain eta Pasaian alkatetza lortuko luke ezker independentistak. Ordizian, halaber, Elkarrekin Podemosekin konpartitzen duen Gobernuarekin segitzeko aukera izango du, eta Lezon ziurtatuta dauka alkatetza.
EAJ izan da igande gau honetako galtzaile handia: soilik zortzi udalerrietan lortu du lehen indarra izatea, eta kasu gehienetan zinegotzi bat gutxiagorekin: Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Urretxu, Urnieta, Aia, Lazkao eta Zarautzen, nahiz eta azken udalerri honetan mila boto galdu dituen.
Sorpresarik ere izan da: Hondarribia galdu du EAJk, Abotsanitz taldea izan baita irabazle 4tik 7 ordezkarira igota. Gainera, itxuraz galbidean zen PP 4 zinegotzitik 7ra igo da Gipuzkoan. Errenterian lortu du bat, non Aizpea Otaegik gidatzen duen zerrenda gailendu den beste behin; beste bat Lasarte-Orian; 3 mantendu ditu Donostian, eta bi eskuratu ditu Irunen, bat gehiago. Irungo kasuan, gainera, laugarren indarra izatetik hirugarren postura igaro da EH Bildu.
PSEk, bestalde, bereak dituen plazak mantendu ditu, Eibar, Irun, Lasarte-Oria eta Zumarraga mantendu ditu. Hala ere, zinegotzi bat galdu du herriotan, Irunen salbu –10 mantendu ditu, baina ia 2.000 boto galduta–.