INFO

25 urteko kartzelaldiaren ostean aske geratu da Iñaki Bilbao Gaubeka

1998 urtetik espetxean zegoen Iñaki Bilbao Gaubeka urduliztarrarentzat amaitu da epaitegiek ezarritako zigorra. Duela bost urtetik aske egon behar zuen, eta tartean hirugarren gradua ere kendu diote, onartua izan ostean.

Basaurin euskal presoak etxeratzearen alde 2017an eginiko mobilizazioa; bertatik atera da gaur Iñaki Bilbao Gaubeka. (Marisol Ramírez | Foku)

Basauriko espetxetik aske atera da astelehen honetan Iñaki Bilbao Gaubeka Urdulizeko presoa. Honekin 25 urteko kartzelaldiari amaiera jarri ahal izan dio. Zigorraren azken egunerarte luzatu da kartzelaldia. Izan ere, Lakuako Gobernuak, espetxearen proposamena betez, hirugarren gradua onartu zion iaz, baina Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen hortik gutxira, Gorka Martinez Ahedorekin –hau ere urduliztarra– egin zuten bezalaxe.

Etxeratek jakinarazi du albistea.

 

1998 urteko ekainean atxilotu eta kartzelaratu zuten Iñaki Bilbao Gaubeka, ETAko «Bizkaia komandoko» kide izatearen akusaziopean, Gernikan, Ertzaintzak Ina Zeberio tiroz hil zuen sarekada berean. Iñaki Bilbaok zenbait zauri pairatu zituen ihes egiteko saiakeran.

Madrilgo espetxeetan egon da bereziki mende laurden honetan, gero Zaragozako Zueran, eta azken garai hauetan Basaurin, azkenik Euskal Herriratua izan ostean.

Etxeratek salatu zuenez, 2017 urtean gainditu zuen jada baldintzapeko askatasuna eskuratzeko zigorraren zatia, baina eskubide hori ez diote inoiz onartu.