INFO

Emaitza «historikoa» lortuta, Bizkaian EH Bildu alternatiba moduan sendotu dela dio Casanovak

Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak azpimarratu duenez, koalizio subiranistak Bizkaian bere historiako emaitzarik onenak lortu ditu, eta horrek herrialdeko «mapa politikoa aldatzen du, EH Bildu benetako alternatiba moduan sendotuz».

Iker Casanovak EH Bilduk Bizkaian lortutako emaitzen balorazioa egin du. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bizkaiko EH Bilduk foru eta udal hauteskundeetako balorazioa egin du astearte goiz honetan Bilboko egoitzan. Koalizio subiranistak bere historiako emaitzarik onenak lortu ditu herrialde honetan, 132.955 (%25,5) boz lortuz, 2019an baino 17.000 gehiago. Gainera, Batzar Nagusietan ere ordezkari kopururik handiena lortu du, hamar batzarkidetik hamabost batzarkidera pasatuz.

Era berean, Iker Casanova Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak nabarmendu du EH Bilduk 40 herritan irabazi duela. «Gainera, gure kudeaketa saritua izan da lehian zeuden hiru alkatetza nagusietan; EH Bilduren emaitzak eta izandako hazkundea ikusgarria izan da Durangon, Galdakaon eta Arrigorriagan», gaineratu du.

Hiriburuko emaitzak ere azpimarratu ditu EH Bilduko ordezkariak, eta Bilbon emandako «jauzi historikoa», 28.124 boto eta sei zinegotzi lortuta. Sestaon ere zinegotziak bikoiztu dituztela eta Santurtzin %27ra heldu direla gaineratu du. «Ezkerraldearen bihotzean hazkunde hauek gure alternatibaren izaera dudarik gabe sendotzen dute», nabarmendu du. Era berean, Alonsotegin, Plentzian edo Sopelan izandako gorakada aipatu du. Horietaz gain, Sopuertan, Larrabetzun, Bakion, Lekeition, Ondarroan edo Markinan ere izan da lehen indarra.

«Ez da koiunturala»

«Hau ez da abaguneko kontu bat, hau ez da koiunturala, ez da abstentzioaren ondorio soila. Datu hauekin guztiekin esan dezakegu Bizkaian mapa politiko berria osatu dela, alternatiba bat agertu dela, alternatiba erreala, sinesgarritasun eta zilegitasun guztiarekin», adierazi du Casanovak.

Bere esanetan, «Bizkaian jendeak erakutsi du PNVren gobernatzeko ereduak agorpen zantzu nabarmenak erakusten dituela eta mugiezina zirudiena mugitzen hasi dela». «Prozesu baten hasiera besterik ez da, EH Bilduren gorakada eta PNVren jaitsiera lehendik datoz, eta orain azkartu egin da. Pentsatzen dugu horrek horrela jarraituko duela, gure konexioa gizartearekin areagotzen ari delako eta besteen deskonexioa indartzen ari delako», gaineratu du.

Casanovak jendearen arazoek «gaur joan den astean bezala bere horretan jarraitzen dutela» gogorarazi du eta bere konpromisoa berretsi du jendearekin. Beraz, adierazi duenez, «lanean jarraituko dugu pertsonen beharrei irtenbidea emateko: etxebizitza, zaintza, zerbitzu publikoak, langabezia, bizitzaren garestitzea…» Ildo horretan, behar horiei guztiei erantzuna emateko egingo dituztela paktuak argitu du, «paktu programatiko eta politikoak eta ez paktu aritmetikoak. Politika aurrerakoiak aurrera eramateko aliantzak bilatuko ditugu».