INFO

Izagirre: «Donostiarrak ez daude ados azken urteotako politikekin, emaitzek hori esaten dute»

EH Bilduk %15 gora egin du Donostian Juan Karlos Izagirre alderdi subiranistako alkategaiak adierazi duenez. Indar bozkatuenetik bereizten zituen 14.000 botoetatik, aldea 1.000 botora murriztu da. Adierazi du «beste modu bateko politika» egingo duela EH Bilduk, «donostiarrekin egingo dugu lan».

Juan Karlos Izagirre EH Bilduko zerrendaburua, zazpi zinegotzirekin batera (Maialen Andres | FOKU)

Juan Karlos Izagirre eta hautetsiak izan diren zazpi hautagaiek agerraldia egin dute astearte goizean Donostiako Udalean. Datu «historikoak» izan direla nabarmendu du EH Bilduko alkategaiak, guztira 23.387 boto jaso dituztela, 2019n baino %15 gehiago, eta indar bozkatuenetik, EAJtik, bereizten zituzten 14.000 botoen aldea, mila boto eskasera murriztu dela adierazi du.

Izagirrek aitortu du inkesten aurreikuspena «gainditu» duela jasotako emaitzak, Bilduren zein EH Bilduren ibilbide osoan bozka gehien jaso dituzten aldia dela nabarmenduz. Donostiarrek mezu argi bat mahaigaineratu dutela azaldu du: «Azken urteetan egindako politikekin ez daude ados, gauzak beste modu batera egin daitezke eta egin behar dira». Eta EH Bilduren taldeak horretan lan egingo duela baieztatu du.

Donostiako udalean bigarren posizioa mantendu du EH Bilduk, 3.000 boto gehiagorekin zortzi zinegotzi eskuratuz, aurreko legegintzaldian baino bi gehiago. Eta abestentzioak sei puntu gora egin arren, koalizio subiranistak gora egin duela nabarmendu du Izagirrek. EAJ-k, aldiz, %30 behera egin du, eta PSEk ere 600 bozka galdu ditu.

Auzoen garrantzia

21 auzotatik 11etan EH Bildu izan da lehen indarra, eta hori oso datu «garrantzitsua» dela esan du zerrendaburuak. Ekialdeko barrutian (Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta) eta Urumeako auzoetan lehen indarra izatearen garrantzia azpimarratu du, eta Morlans, Alde Zahara, Egia, Igeldo zein Ulian ere irabazleak izan direla gogoratu. «Emaitza hauek azken urteotan auzoekin eta auzotarrekin batera egindako lanaren emaitza dira; elkarrekin landu eta garatu ditugun proposamenen emaitza».

Zentzu horretan lanean jarraituko dutenaren kompromisoari eutsi dio Izagirrek: «Hiria egiteko beste modu bat nahi dugu, begirada hurbilago bat, pertsonak inplikatzen dituena. Agerian geratu da herritarrak azken urteetako gobernantzarekin ez daudela pozik. Horrela, eta gure posiziotik, beste eredu baten alde lan egingo dugu, donostiarrek Donostian bizitzeko eta gozatzeko aukera izango duten hiri baten alde».

Adierazi du beste alderdiekin ez duela oraindik hitz egin eta Gobernua osatzeko elkarrizketak Eneko Goiak «lideratu» behar dituela uste du, EH Bilduk hauteskunde gauean zoriondu zuela, baina ez duela bestelako elkarrizketarik izan. Hala ere baieztatu du EH Bilduk donostiarrekin egindako politika egiten jarraituko duela «indarrean nahiz oposizioan egon, guk ez dugu gure norantza aldatuko; ikusiko dugu zein proposamen eta aukera irekitzen diren».

Maddalen Iriarte garaile Gipuzkoan

Amaitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko emaitzak txalotzekoak direla gehitu du. «EH Bildu da lurraldeko zerrendarik bozkatuena 22 eserlekurekin, 2019an baino bost gehiago. Maddalen Iriarte garaile izateko herritarren babesak batzearen garrantziaz ohartarazi genuen, eta hala izan da».