INFO

Errigora jantokietara: 20 jantoki eta 7 ekoizle elkarlanean

Errigorak datorren irailean kanpainatik kanpoko jantokien ildoa abiatuko du berriro. 2023-2024 ikasturtean 20 jantokik eta 7 ekoizlek hartuko dute parte. Euskal Herriko jantokiak «saretzea» eta prezio «justuagoekin» lan egitea ahalbidetzen du proiektuak, euskara eta auzolana bultzatzearekin batera.

Errigorak egindako agerraldia, irailean 20 jantokirekin elkarlanean hasiko da (Jon Urbe | FOKU)

Elikadura burujabetza, euskara eta auzolana korapilatu eta sustatzea da Errigoraren helburu nagusia, eta irailetik aurrera beste jauzi bat emango du, zazpi ekoizle eta 20 jantoki jarriko ditu elkarlanean, ikastola, eskola eta lantegietako jantokietara bertako arroza, olioa, piperrak edota tomatea sukalderatzeko proiektuan aurrera urratsak emango ditu.

Duela bi urte abiatu zuten proiektua, eta asteazken goizean Oiartzungo Laboren elkartu dira ekoizleak, jantokiak eta Errigorako kideak, orain dela bi urteko apustua biderkatzeko: Euskal Herri osoko 20 jantokitan platereratuko dira Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuak.

Peru Aranburu Errigorako kidearen esanetan, Errigorako kanpainaz kanpoko ildo honekin abiatu ziren jantokien partetik eskaria zegoelako, eta ekoizleen partetik interes bat ere bazegoelako: «Beste banaketa formatu batzuk eskatu arren, uste dugu badela bide bat elikadura burujabetza, euskara eta auzolana bultzatzeko». Aurtengoan, Euskal Herri osoko jantokiek hartuko dute parte, eta taldean egin ahalko dituzte eskariak, «elkarren arteko saretzea bultzatuz».

Ikastetxe edota lantegietako jantokientzat ez da erraza izaten behar iraunkorrak aseko dituzten ekoizleak aurkitzea, eta proiektu honen bidez tomatea, arroza edota olioa bezalako produktuak aldi berean biltegiratzeko aukera dute.

Lekeitioko Azkue ikastola izan da proiektuarekin bat egiten duen jantokietako bat. Aitor Zarragoitia bertako kideak kontatu du bat egiten dutela beraien filosofiarekin: «Jantoki moduan beti bultzatu dugu kilometro 0ko elikadura, ekologikoa dena eta bertako kulturarekin lotura duen produktuak sartzea jantokian, eta Errigora ezagututa hasieratik egin genuen bat».

Lekeitiarrak azaldu du urteetan inguruko ekoizleen barazkiak, ahalik eta gertuen dituzten esnekiak eta arrautzak sukaldera eramaten ahalegindu direla, eta oraingoan bertako produktuez gain «euskarari bultzada» ematea garrantzitsua iruditzen zaio. «Ikastetxe ezberdinak Euskal Herri mailan saretzea eta elkartzea lortzen du proiektuak, elkar ezagutzea oso ongi dago, interesgarria da».

Zazpi ekoizle

Hirugarren hanka ekoizleena izaten da. Errigoraren baitan aritzen diren ekoizleetatik zazpik hartuko dute parte jantokien proiektuan. Ager eremuko baratzeetan soilik dauden produktuak eta jantokien beharren neurriko kantitateetan ekoiztutako produktuak landuko dituzte.

Julio Navarro San Adriango Conservas Ebroneko kidea da; tomatea egiten dute. «Guretzat oso jauzi garrantzitsua da, bolumen industriala duten produktuak dira, eta prezio justua jarri ahal diegu; nekazariek prezioa igotzea eta guri, ekoizleoi ere, irabazien zati handiago batekin geratzea ahalbidetzen digu. Beste merkaturatze bide batzuen bidez dirua inork ez dakien lekuren batera joaten da; eta Errigoraren bidez kontsumitzaileak, nekazariak eta gu, guztiok ateratzen gara irabazten».

Conservas Ebronek iaz hartu zuen parte lehen aldiz proiektu honetan eta oso balorazio positiboa egiten dute: «10 jantokirekin abiatu ginen iaz, aurten 20rekin ibiliko gara, 600 haur ingururi emango diegu jaten. Nabaritzen da alde guztiak pozik gaudela, bikoiztu egin baitugu eskaintza eta eskaria».