Hondarribia, Donostiarra, Bermeo eta Kaiku, Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapeldunak
Zarautzek eta Lekeitiok Gipuzkoako eta Bizkaiko Traineru Txapelketak hartu dituzte igande honetan. Gizonezko zein emakumezkoen kategoriez gain, beteranoena ere jokatu da, eta bertan irabazleak Badok 13 eta Getxo izan dira.
Gipuzkoako eta Bizkaiko Traineru Txapelketek lehen bandera «ofizialak» banatu dituzte igande honetan. Zarautzeko uretan egindako proban, Hondarribia (gizonetan) eta Donostiarra (emakumezkoetan) izan dira txapeldunak. Lekeition jokatutako txapelketan, berriz, Bermeo Urdaibai (gizonezkoetan) eta Kaiku (emakumezkoetan) izan dira banderak astindu dituztenak.
Gauzak hala, datorren igandean Ondarroan jokatuko den Euskadiko Txapelketan honako traineruak arituko dira: gizonezkoetan Hondarribia, Donostiarra, Lapurdi, San Juan, Bermeo, Zierbena, Lekittarra eta Santurtzi; eta emakumezkoetan Donostiarra, Orio, Arraun Lagunak, Hondarribia, Kaiku, Deustu, Ondarroa eta Portugalete.
Hondarribia eta Donostiarra txapeldun emozio askorekin
Gipuzkoan "Ama Guadalupekoa" eta "Torrekua" ontziak izan dira garaile. Gizonezkoen kasuan, iaz bezalaxe, baina oraingoan emozio askorekin irabazi dute bandera. Izan ere, emakumeen estropada erdian –hauek izan dira azkenak arraun egiten– jakin dute berdeek txapeldunak zirela.
Hondarribia azkarrena izan da bere azken txandan eta gizonezkoen estropada guztian —lau luze eta hiru ziabogarekin–. Baina epaileen erabakiaren zain geratu dira denak azken luzean gertatutakoarengatik. Hirugarren eta azken ziaboga egin ostean, Donostiarra asko gerturatu zaio Hondarribiari, eta epaileak biei atera die bandera, aldentzeko. Palak jo dituzte, eta atzetik Donostiarrak ere jo dio Hondarribiari. Gero berdeek norabidea aldatu eta aurretik abiatu dira helmugaraino.
Donostiarrak inpugnazioa eskatu du, baina garaipena Hondarribiarentzat izan da azkenean. Berdeek honako tripulazioarekin irabazi dute: Amunarriz (patroia); Ondicola, Irigaray, Egiazu, Alday, Castrillo, Camarero, Sagarzazu, Alza, Legazkue, Ormazabal, Gonzalez, Gorostiaga eta Ezponda.
Lapurdi, oso nagusi lehen txandatik
Hirugarren txandan aritu diren traineruak Lapurdik lehenengoan egindako denbora zuten erreferentzia. Ipar Euskal Herriko traineruak ez du arazorik izan bere nagusitasuna erakusteko eta ezustekoa eman du lehen txandatik. Berak markatu ditu erreferentziak ziaboga guztietan eta baita helmugan ere. KAE1 Ligatik datorren ontziak KAE2 Ligako beste bi aurkari izan ditu eta denboraldiaurrean erakusten ari den maila bikaina berriro ere agerian geratu da gaurkoan Zarautzen.
Lehen luzean alde egin, lan erdietan alde handia atera die jada beste bi ontziei (minutu bat Hibaikari) eta gainontzekoan ez du inongo arazorik izan txandako azkarrena izateko eta lehen marka ezartzeko, ondorengoek izango zuten erreferentzia, alegia. Hibaika bigarren izan da (+1:10) eta Mutriku, hirugarren (1:39).
Hala, bigarren txandakoek –itsasoaren baldintzak pixka bat okertu direla zirudien– 20:29ko denbora zuten erreferentzia bezala. San Pedrok eta San Juanek lehia polita mantendu dute euren artean; eta atzerago Zarautzek eta Zumaia ere elkarren aurka aritu dira nor baino nor. Hala ere, pasaitarrek ezin izan dituzte Lapurdiren denborak hobetu biraketetan eta San Juan izan da txandako irabazlea.
Emakumeen estropadak –bi luze eta ziaboga bakarrarekin– une zoragarriak utzi dizkigu baita ere. Garaipena hirugarren txandan iristekoa zela zirudien, eta hala izan da. Oriok markatu du denborarik onena ziabogan, Donostiarrari bost segundoko aldea ateraz. Baina bigarren luzean Donostiarra asko gerturatu zaie «mirotzei» eta aurreratu egin die.
Azken metroak oso hunkigarriak izan dira, dena estu-estu baitzegoen, eta azkenean Gipuzkoako bandera "Torrekua" traineruak eraman du Donostiarantz honako arraunlariekin: Perez (patroia); Uribarrena, Canal, Piñeiro, Echave, Halsouet, Larrea, Belartieta, Perez, Azcue, Sanchez, Bereau, Goenaga eta Jaramillo.
Gizonezkoak - Sailkapena:
1 - Hondarribia 20:06.21
2 - Donostiarra 20:08.51
3 - Lapurdi 20:29.48
4 - San Juan 20:33.88
5 - Orio 20:38.47
6 - San Pedro 20:47.47
7 - Getaria 20:47.89
8 - Zarautz 20:59.24
9 - Zumaia 21:04.77
10 - Hibaika 21:39.58
11 - Mutriku 22:09.37
Emakumezkoak - Sailkapena:
1 - Donostiarra 10:49.55
2 - Orio 10:52.21
3 - Arraun Lagunak 11:05.69
4 - Hondarribia 11:14.05
5 - Tolosaldea 11:27.08
6 - Zumaia 11:31.44
7 - Hibaika 11:34.27
8 - Zarautz 11:48.22
9 - Hernani 12:14.17
Badok 13, beteranoetan Gipuzkoako txapeldun
Beteranoen estropada foto-finisharekin erabaki behar izan da. Helmugan argi eta garbi ikusi da Badok 13 izan dela lehen trainerua. Laugarren kaletik abiatu da eta bere atzetik Fortuna helmugaratu da, baina handikapa kontutan hartu behar dira beteranoen kasuan, adinengatik, eta gorabehera batzuk tarteko, epaileek garaipena Badok 13ri eman diote azkenean.
Gauzak hala, Gipuzkoan sei txapelketatik bosgarren garaipena lortu du Badok 13k, hegemoniarekin jarraitzeko. Beste garaipena Zumaiarena da. Gaurkoan oso lehia estua mantendu dute Badok 13k eta Fortunak. Bigarrengo hauek izan dira ziabogan lehenak, baina azken luzean, olatuez lagunduta, Badok 13k aurkaria aurreratu eta lehena izan da helmugan. Hori bai, epaileek ondo aztertu behar izan dute foto-finisha garailea nor zen erabakitzeko eta azkenean beraientzat izan da bandera.
Talde garailea honakoa izan da: Garmendia (patroia); Odriozola, Sarasua, Lasarte, Alday, Etxeberria, Jimenez, Zaldua, De la Mata, Elustondo, Arruti, Beraza, Roteta eta Iribar.
Beteranoak - Sailkapena
1 - Badok 13 10:17.86
2 - Fortuna 10:19.49
3 - Zumaia 10:49.61
4 - Trintxerpe-Ilunbe 10:56.44
Bermeo eta Kaiku, onenak Bizkaian
Lekeitioko uretan egindako proban, Bermeo eta Kaikuk eraman dituzte Bizkaiko banderak. Urdaibaik, Gorka Aranberri patroi lanetan izan dela, 14. Bizkaiko Txapelketa irabazi du eta Zierbena izan du aurkaririk indartsuena gaurkoan. Pentsa, zierbenarrek denbora onena markatu dute lehen ziabogan, zazpi segundoko aldea ateraz "Bou Bizkaia" ontziari.
Baina dena aldatu egin da bigarren luzean. Bermeotarrak lehen postua hartu eta aurretik abiatu dira estropadan zehar. Hirugarren biraketan aurretik jarraitu dute, hiru segundoko aldearekin, eta azken luzean emozio handia egon da. Kaiku eta Ondarroa garaipenetik kanpo zeudela, bazirudien beste bitako edozeinek irabaz zezakeela. Azkenean bandera Bermeo faboritoarentzat izan da, bost segundogatik.
Beste txandetan, azpimarragarria izan da Lekittarrak eraman duen garaipena bere txandan. Santurtzirekin oso lehia polita mantendu du Isuntza taldeak eta azkenean foto-finishak erabaki du estropada orokorreko hirugarren postua.
Emakumezkoetan, txanda bakarrean, Kaikuk ez du aurkaririk eduki gaurkoan eta 28 segundoko alde atera dio Deusturi, 36 Ondarroari eta 1:36 Portugaleteri.
Beteranoetan, Getxok irabazi du bandera, Mundaka, Bilboko Tigre Beteranoak, Iberia, Plentzia eta Santurtziren aurretik.