INFO

Jokin Altuna eta Aitor Elordi; pilotaren gailurrerako bi bide

Lau egunek baino ez ditu bereizten Jokin Altuna eta Aitor Elordiren jaiotza egunak, baina amezketarrak, bere hamabigarren finalean banakako hirugarren txapela bilatzen duen bitartean, mallabitarrak bere bolada luzatu nahi du lehenengoa janzteko.

Lagun handiak dira Altuna eta Elordi, baina finalean ez dute barkatuko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Pilotaren gailurraren atarian, igande arratsaldean Bilboko Bizkaia pilotalekuan gurutzatuko diren Aitor Elordiren (Mallabia 1996/03/23) eta Jokin Altunaren (Amezketa 1996/03/27) jaiotza daten artean lau eguneko aldea baino ez dago. Kinta berekoak eta lagun handiak izanagatik ere, pilotaren bi errealitate oso desberdinetatik heldutako bi pilotari izango dira urteko zitarik garrantzitsuenean elkarren aurka arituko direnak, goraino bete gabe ­–152 sarrera inguru saltzeke zeuden­– giro ederrean jokatuko den finalean.

Kirol bakoitzean oso noizean behin agertzen diren sailez aparteko talentu horietako bat da Jokin Altuna, eguneroko lan zorrotz bati esker perfekziotik hurre jartzea lortu duena, bai teknikoki, bai fisikoki, bai eta mentalki ere.

Estatistikek sarri errealitatea lausotzen dute, baina amezketarraren palmaresari begiratzea besterik ez dago Altuna III.a egiten ari denaren benetako dimentsioaz jabetzeko. Profesionaletan bederatzi urte eginik ­–gaztetik ikusten zitzaion pilotarako grina eta 18 urterekin eman zuen profesionaletarako jauzia­–, bere hamabigarren finala izango du gaurkoa, eta, 22. kartoira heltzea lortuko balu, lehen mailako zazpigarren txapela luke: 3 Buruz Buru, 3 Lau eta Erdian eta 1 Binaka. Zenbaki hauekin historiako rankingean laugarren lekuan ipiniko litzateke. Aurretik Julian Retegi (20 txapel), Aimar Olaizola (14) eta Juan Martinez de Irujo (13) baino ez lituzke izango, eta hori guztia 27 urte baino ez dituelarik.

Ateak bota behar

Aitor Elordiren azken 9 hilabeteak ere ez dira nolanahikoak: 3. Lau eta Erdikoan, txapelduna Binakakoan eta finalista Buruz Buru­. Baina loraldi honetarainoko bidea askoz arantzatsuagoa izan zen. Debuta egiteko ia bi urte gehiago behar izan zituen, eta, amezketarra ia hasieratik estelarrak jokatzen aritu den bitartean, mallabitarrak Promozioko txapelketetan ateak botaz lortu du onenen artean burua sartzea. Are gehiago, lehen kontratua amaitzear zuela, bere jarraitutasuna zalantzan ikusi zuen Elordik eta hobekuntza fisiko baten bila jo zuen Gontzal Urionabarrenetxearengana. Elkarrekin egindako lanaren poderioz aurtengo fruitua heldu da. EPEL-en rankingaren arabera, Elordi da koadroko sasoiko pilotaririk onena, eta bere sasoi puntua eta azken bide honetan jasotako konfiantza ditu egoera horri eusteko argumenturik garrantzitsuenak.

Aurtengo Buruz Burukoak ere bikain islatzen ditu bataren eta bestearen ibilbideen arteko desberdintasunak. Txapelketa Añanako Gesaltzan aurkeztu zenetik, Altuna txapela janzteko faborito argia izan da, eta ia bakarra, lehen jardunaldian Unai Laso egungo txapelduna jipoituta. Fisikoki ondo egonda, eta amezketarra bikain dago azken orduko arazorik ezean, jokatzen dituen partida eta txapelketa guztiak irabazteko hautagai sendoa da. Bere jokoan ez da arrakalarik igartzen, eta azkenaldian erabateko egoeraren kontrola izatearen sentsazioa erakusten du zuriz janzten den bakoitzean.

Elordiri, berriz, gutxien espero zuenean heldu zitzaion Buruz Burukoan parte hartzeko aukera, Beñat Rezustak uko egin zuen arte txapelketatik at geratzea baitzen bere eta enpresaren ideia. Azken hilabeteetan garatutako sasoia eta konfiantza lagun, Binakako txapelak emandako indarra ahaztu gabe, entrenamendurik egin gabe jokatu zuen Mikel Urrutikoetxearen aurkako lehen partida, eta finalean sartu du burua, bidean Unai Laso bezalako beste txapeldun bati ere nagusitasunez gailenduta.

Altuna bera izan da, orain arte, Elordi bere lainotik jaitsi duen bakarra ­–22-18 irabazi zion Eibarren–, baina bizkaitarrak ondo estututa. Altunari irabazteko gai dela ikusi zuen Elordik, baita Altunari irabaztea zeinen zaila den ere.