INFO

Garraiolari bat hil da istripu ez-traumatiko batean Oiartzunen, LABek jakinarazi duenez

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, atzo gauean garraiolari bat hil zen Oiartzungo Transportes Insausti enpresan; heriotza ez-traumatikoa izan zen. Aurten hil den seigarren garraiolaria dela gogorarazi du sindikatuak.

Joan den astean Agurainen hildako garraiolariaren heriotza salatu zuten sindikatuek. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

61 urteko langile bat istripu ez-traumatiko baten ondorioz hil zen atzo gauean Oiartzunen. Transportes Insausti enpresako garraiolaria zen eta 2023an zendu den seigarren garraiolaria da, LABen arabera. Azkena Agurainen izan zen, joan den astean. Aurrekoa, Santakaran.

Sindikatu honek azkenengoz kaleratutako ezbeharren txostenean salatu duen bezala, istripuz hildakoen %33 dira «ez-traumatiko» gisa tipifikatuak. Garraiolarien artean, aldiz, 2022an hildakoen %75 izan ziren «ez-traumatikoak».

Ohar baten bidez adierazi duenez, «honek argi erakusten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko».

Gainera, sektore hau laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat dela dio sindikatuak eta argi utzi du «ez dela nekatuko» lan istripuak lan baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

LABen ustez, oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan baldintzak: «lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua eta lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak», besteak beste.

Horregatik nabarmendu du garraioaren sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta «borondate politikoa baino ez dela behar» garraiolarien lan eskubideak bermatu eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.