INFO

Olio erabilia xaboi bilakatzeko makina

Almotech enpresa nafarrak garatu duen etxetresna elektrikoaren aurre-salmenta gaur hasiko da, Ingurumenaren Mundu Egunarekin bat eginez.

Yenxa etxetresnak kafe-makina baten itxura eta antzeko funtzionamendua du. (NAIZ)

Olioa edozein sukaldetan egon ohi den ezinbesteko osagaia da. Zenbait mota urre likidotzat dituzte gastronomoek, eta goxo jatearen zale direnek berresten dute. Tamalez, ordea, ontasun horrek badu bere alde iluna, behin erabilita hondakin oso kutsagarria bilakatzen baita. Arazo horri irtenbide iraunkor eta zirkularra topatu dio Almotech start-up nafarrak: Yenxa etxetresna elektriko berritzaile, olio begetal erabilia birziklatu eta modu errazean xaboi bilakatzen duena.

Ana Martinez Tanco eta Javier Vidorreta Salillas nafarrak dira 2018an Noainen eratutako enpresaren sortzaileak. Lehenak kudeaketa eta berrikuntza arloan eskarmentua du, eta bigarrenak, ingeniaritza eta produktu-diseinuan. Negozio aukera eta ingurumenarekiko kezka batuta, arazoari irtenbide berritzaile bat topatu diote, teknologia diseinuarekin uztartuz. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan aritu dira hori gauzatzeko eta, egun, Bartzelonako Leitat Teknologia Zentroarekin dihardute formulazio eta erabilera berriak lantzen.

Martinez Tancoren esanetan, Yenxa «gailu automatikoa da, intuitiboa, diseinu sofistikatua eta segurua duena». Kafe-makina baten itxura eta antzeko funtzionamendua du. Biltegia urez bete, olioa eta bi Almotech kapsula sartu, eta interfaze ukigarrian sakatu besterik ez da egin behar. Emaitza eraginkortasun frogatua duen fosfatorik, sulfatorik, zuritzaile optikorik eta parabenorik gabeko xaboia da. 150 ml oliorekin 750 ml garbigarri ekoizten da.

Betiko prozesua teknifikatu dute. Lehen urratsean, saponifikazioan, olioa eraldatu egingo da aurrez ezarritako kontzentrazio altuko erreaktiboari esker, eta, ondoren, zenbait ezaugarri emango dizkio. Merkaturatu berritan Marseilla lurrindun arropa-garbigarri likidoa bakarrik egin ahal izango da. Urte amaierarako plater-garbitzailea barneratuko dute, eta gerora, baliatutako kapsulen bidez, erabilera, ehundura, kolorea edota lurrina aukeratu ahal izango dira.

Kontzientziazioa eta konponbidea

Ingurumenaren Munduko Egunaren harira, aurre-erosketa kanpaina abian jarriko dute gailuaren merkatu potentziala baliozkotu eta erabiltzaileen beharrak asetzen dituen ebaluatzeko. Almotechen webgunean erreserba daiteke, 199 euroan, baina lehen egunetan beherapen gehigarri bat izango du; eta, horrekin batera, hiru litro xaboi egiteko balio duen kapsula biodegradagarrien kit bat ere salgai jarriko dute 9,95 euroan. Bidalketak urrian egitea aurreikusten dute, eta orain erreserbatzen dutenek doan jasoko dute.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko legearen arabera, 2025etik aurrera udalek olioa bereizita jaso beharko dute; beraz, biztanleek substantzia hori birzikla dezaten sustatuko da.

Yenxak hondakina lekuan bertan balorizatzea ahalbidetzen du; horrela, ingurumen eta ekonomia kalteak saihesten dira: «Kontzientzia sortzen dugu, ohitura ekologikoak errazten ditugu eta joan-etorriak saihestu, ‘do it yourself’ delakoaren alde eginez», nabarmendu dute.

Irtenbide bat eskura jartzeaz gain, olio isuriek eragiten duten kutsaduraz jabetzeko tresna izatea ere nahi dute. Izan ere, erabilitako olio litro bakarrak 1.000 litro ur edangarri kutsa dezake.

Kontsumitzaile bakoitzak, batez beste, lau litro olio hondakin sortzen ditu urtean, eta, zenbatesten denez, bi heren estolderiara heltzen dira. Alegia, herritar bakoitzak pertsona batek 35 egunean kontsumitzen duen uraren baliokidea kutsatzen du. Ibai eta itsasoen gainazalean gelditzen da eta, ez dienez ez oxigenoari ez eguzki-izpiei behar bezala pasatzen uzten, urpeko flora eta fauna kaltetzen du; lurzorua, berriz, antzutu egiten du, oxigenazioa eta uraren zirkulazioa ekiditen duenez landareak ezin baitira hazi. Horrez gain, hustubideetatik behera botatzeak izurriteak ugaritu ditzake, labezomorroek eta beste intsektu batzuek hodietan sortzen duen nahasketa atsegin baitute.

Merkatuaren erantzuna ezagutzear dira eta hori igarota, asmo asko dituzte zain Almotecheko arduradunek. Akordioak lortu nahi dituzte teknologia HORECA kanalera eskalatzeko, puntu garbiak garatu, sakelakoetarako app bat atera...