INFO

Ertzaintzak Txabi Etxebarrietaren argazkia eraman du Bibon eta beste hamarnaka «agertu» dira

Duela 55 urte Guardia Zibilak hil zuen Txabi Etxebarrieta oroitzeko ekitaldia egin zuten asteazken honetan Bilbon. Ertzaintzak Etxebarrietaren argazkia eraman zuen, baina 10 minututara Etxebarrieta anaien plaza argazkiz josia agertu zen.

Txabi Etxebarrietaren argazkiak eskuan, oroimen ekitaldia. (Sortu Bilbo)

Etxebarrieta Memoria Eblkarteak deituta, Txabi Etxebarrieta oroitu dute asteazken arratsalde honetan Bilbon. Duela 55 urte, 1968ko ekainaren 7an hil zuen Guardia Zibilak Etxebarrieta Tolosako Benta Haundin eta Etxebarrieta anaien plazan (Unamuno plaza) egin dute ekitaldia. Goizean ere Derioko hilerrian oroitu nahi izan dute.

Arratsaldeko zita hasi baino lehen, ordea, Ertzaintza agertu da eta Bilboko Sortuk salatu duenez, honen argazki handi bat eraman dute.

«Mila aldiz saiatu arren, ez dute lortuko bere aurpegia eta memoria ezabatzerik». Eta horrela egin dute. «Txabiren argazkia lapurtu diguzue», esan dute Etxebarrieta Memoria elkarteko kideek. «Auzo honi argazki bat lapurtu diozue. Baina hamar minututan hemen ditugu hamarnaka argazki.

«55 urte eta gero uste baduzue herri honetan, auzo honetan, bere betaurrekoetatik begira utziko dugula eta jarraituko dugula albo batera joaten zuek esaten duzuelako, jai duzue», gehitu du.

Guardia Zibilak nahita hil zuela frogatu zuten iaz

Ertzaintzaren jokabidea iaz Aranzadik eta UPV-EHUko Unesco Katedrak ateratako txosten ofiziala gezurtatzera dator. Izan ere, ikerketa sakon baten ondorioz Txabi Etxebarrieta Guardia Zibilak nahita hil zuela, lurrean babesik gabe zegoenean tiroa emanez, ondorioztatu zen. Mende erdiz izkutatuta izan den autopsiak frogatu du hori.

Txosten hau iazko urtemugan eman zen jakitera. Zalaparta eragin zuen egun horretan ETBko ‘Teleberri’k emandako tratamendua, ikerketaren berri ematearekin batera frankismoak zabaldutako tesia berretsi zutelako, hau da, heriotza talka armatu baten ondorioa izan zela eta biktima bakarra Pardines guardia zibila izan zela.

«Egiaren beldur dira»

Etxebarrieta Memoria Elkarteak ertzainen jarrera salatu du ostegun honetan. «Oroimen ekitaldia oztopatzen saiatu ziren beste behin ere. Bere argazkia lapurtu ziguten, auzokide batzuk identifikatu eta ekitaldia burutu genuen. Nekatu gara aho handiz zoru etikoaz ari direnetaz. Ez gaituzue gure bidetik aterako. Ezker independentismotik egi osoaren alde eta bake eskenatoki iraunkor baten aldeko apustua aspaldi egin genuen eta horretan ari gara», adierazi du.

«Hain justu, aho handienek, herritarrak inozotzat hartu eta errealitatearen zati bat baztertzen oinarritu nahi dute errelatoa. Badakite zigorrik gabe daudela. Inpunitate osoz, manipulatu, exijitu, torturatzaileak saritu,betiko komodina astinduz darraite, herritarrak atzera begira jartzeko», gaineratu du ohar batean.

Elkartearen esanetan, «egiaren beldur dira baina ez da gaurko kontua», izan ere «Txabiren figura eta hura hil zuten modua gogoratzea askotan izan da zigortua» «Egia osoa jakin nahi duen Herri bat gara. Ez inoren aurka jaurtitzeko, gatazkaren biktima guztiek behar duten aitortzaren eta etorkizuneko elkarbizitzaren alde lanean ari garelako ezker independentismotik», azpimarratu du.