INFO

Arana Jauregia: Bilboko zaharrena, lau mendeko historia

1590ean eraikitzen hasia, hiribilduan uholde eta sute handiak izan ondoren, Arana Jauregiak Bilbon kontserbatzen den zaharrena izateko ohorea du gaur egun. Erriberako Merkatuaren aurrean dago eta Belostikale kalean duen portada errenazentista berantiarrak bisitarien arreta erakartzen du.

Arana Jauregiko arkupeak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko Alde Zaharrean itsasadarraren ertzetik paseatuz, Erriberako Merkatuaren parean edonork ikus ditzake Zazpi Kale historikoetarako sarbidea ematen duten arkupeak dituzten lau eraikinak. Begi hutsez ez dirudite garrantzi handiko eraikinak, baina horietako batek Bizkaiko hiriburuan bizirauten duen jauregirik zaharrena izateko ohorea badu.

Arana jauregia da, eta bere kokalekua ez da kasualitatez hautatua. Izan ere, orain Erriberako Merkatua dagoen gunea, San Anton elizaren aurrean, Hiribilduaren erdigune neuralgikoa izan zen urte askoan. Bertan zegoen ere Udaletxea eta Itsas Kontsulatua, eta bertan eraiki zituzten dorretxeak eta etxetzarrak leinu handiek, hala nola Arbolantxatarrek, Markinatarrek, Martinez de Salinastarrek edo Leguizamondarrek. Belostikale eta Harategi Zahar kaleen artean eraiki zuten Aranatarrek berea.

Arana Jauregia, Bilboko Alde Zaharreko Belostikale kalean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hala ere, XVI. mendetik aurrera, mende batez Bizkaia suntsitu zuten bando-gerrak iraganeko kontua izaten hasi ziren, eta ekonomia berpiztu egin zen. Herrialdeko hiribilduak txiki geratu ziren, eta askok harresiak botatzea erabaki zuten, hedatzeko asmoz. Horrela, dorretxe tradizionalek defentsa-zentzua galdu zuten ere.

Prozesu hori Bilbok nabarmen bizi izan zuen, eta, bere kasuan, herriak «aguadutxu» izenez ezagutzen zituen bi uholde indartsuk eta hiribildua suntsitu zuen 1571eko suteak azkartu. Gertaera horien ondoren, Bilbok hiria berrasmatu behar izan zuen, eta urbanizazioa nabarmen aldatu zen.

XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasiera bitartean, Aranatarren dorretxe zaharrak jauregi bati eman zion lekua, eta jauregi hori da, aldaketa eta birgaitze batzuekin, gaur egunera arte iritsi dena.

Errenazentismo berantiarreko estiloa du eraikina, eta Belostikalen dagoen portada nagusia da multzotik gehien nabarmentzen dena. Sarrera puntu erdiko arku batetik egiten da, erromanista, eta arkuaren alboetan kapitel korintiarrak dituzten pilastra bana dago; horietan apaingarriak ikus daitezke. Sarreraren gainean Echevarri, Aguirre eta Angulotarren armarri kuartelatua dago, eta alboetan giza irudi bana dago.

Arana Jauregiko sarrera nagusia. (Asier ROBLES)

«Sarrerako arkua gainditu ondoren, barruko patiora iristen da, lau angelukoa eta oso eraldatua, izan ere bertan hainba lan egin da eraikina etxebizitza partikularretan antolatzeko. Sarreraren ezkerraldean horma ikus daiteke, XVI. mendekoa, eta XVII. mendean gehitutako arkuteria. Litekeena da lehenagotik zegoen dorre baten orubean eraiki zen; barrualdean patio bat antolatu zen elementu antolatzaile bezala, eta tipologia hori ez da ezagunegia Bizkaian», deskribatzen du Lakuako Gobernuaren Ondarea webguneak.