INFO

Hezkuntza Lege «pribatizatzailearen» aurka protesta egin dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, EAEko Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren aurka protesta egin dute hiru herrialdeetako hiriburuetan, «pribatizatzailea» dela iritzita. Ia 500 pertsonak egin dute bat Bilboko protestarekin.

Bilbon euripean egin behar izan dute protesta. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euriak ez ditu kikildu Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta Bilbora gerturatu direnak. Ia 500 pertsonak adierazi dute EAEko Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuarekiko desadostasuna. Besteak beste, «pribatizatzailea» dela adierazi dute. Donostian eta Gasteizen ere egin dituzte mobilizazioak.

Sare publikoa ez lehenestea, segregazioarekin ez amaitzea eta euskarazko ikaskuntza ez bermatzea dira plataformak araudi berriari ikusten dizkion akatsetako batzuk. Lakuak joan zen hilean onartu zuen lege-proiektuak, haien ustez, euskal eskola publikoa «ahulduko» du eta uste dute «beta ematen zaiola itunpekoari aurrea hartu dezan, publikoaren kalterako», plataformaren izenean Arantza Fernandez de Garaialdek azaldu duenez. Eskola publikoa defendatzeko toki-erakundeak, sindikatuak eta irakasleen edo ikasleen gurasoen elkarteak biltzen ditu Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak.

«Lege proiektua bere osotasunean birplanteatzeko» nahia adierazi du Fernandez de Garialdek. «Legearen oinarria da esatea berdin dela titularitatea publikoa edo pribatua den eta ikastetxe guztiak, ustez, modu berean tratatzea» eta uste dute horrek abantailak ematen dizkiela itunpeko ikastetxeei.

Hala ere, onartu dute diagnostikoarekin ados daudela: «Segregazioa badago, euskara indartu behar da...». Baina, proposatutako bidea ez dute arazo horiek konpontzeko apropos ikusten. «Adibidez, segregazioa ez du konponduko mota bateko ikasleak banatzeak», baieztatu dute.

Donostiako mobilizazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Guk pentsatzen dugu sistema aldatu behar dela» eta adibide bezala jarri dute matrikulazio prozesuak kontrolatzeko beharra, «sare pribatuan ematen diren hainbat praktika saihesteko, hala nola, kuotak kobratzearena». Legea birpentsatzeko garaiz daudela uste dute, hala ere.

«Tematu dira esaten lege berri bat beharrezkoa dela eta guk uste duguna da premiazkoa dela hezkuntza sistema hobetzea» eta horren aurrean, Fernandez de Garaialdek adierazi du legeak bide horretan aurrerapausorik emateko balioko ez badu, nahiago dutela lege berririk ez egotea.

Halaber, zalantzan jarri dute Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren inguruan erabateko adostasuna dagoenik: «Ez dugu sinesten irudikatu nahi duten besteko adostasun maila altua dagoenik». Adierazi dutenez, «jakin badakigu alderdi batzuen baitan, adibidez, desadostasunak daudela eta sindikatuen alorrean ere ez dago batasunik». Horren adibide da, esaterako, ELAk gaurko manifestazioekin bat egin izana.