INFO

Urrats bat aurrera emateko iritsi zen ’sorioneku’ eskua

Egun ederra bizi izan da gaur Iruñean euskararen alde, Sorioneku herri ekimenak antolatuta. Arratsaldeko manifestazioak Nafarroak berezko duen hizkuntzan bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko balio izan du. Aurretik, hamaika jarduerek bizitza hori gauzatzeko eta gozatzeko plaza eskaini dute.


Irulegiko eskuak badu nori bostekoa eman. Baskoieraz duela bi milenio baino gehiago idatzitako mezu bat izkiriatuta daukan brontzezko xaflak Nafarroan euskaraz bizitzeko griñari bultzada eman dio gaur Iruñean. Hamaika jarduerekin, ‘Sorioneku’ hitzari gorazarre egin dio izen berarekin urtarrilean martxan jarritako herri ekimenak.

Aldarrikapenak arratsaldeko manifestazioan protagonista izan diren arren, goizean praktika izan da nagusi, Nafarroan euskaraz bizi, jolastu eta gozatzeko entsegu orokorra izan baitira herri ekimenak antolatutako jarduera desberdinak. Irulegiko eskua izan da jaun eta jabe egunaren hasieratik, Takonera parkean tamaina guztietako esku ahurrak egin eta margotzeko tailerrarekin hasi baita egitaraua.

Izan giltzari edo zintzilikario, kamiseta edo pankarta, Aranzadi Zientzia Elkarteak Iruñetik kilometro eskasera topatutako altxorrak izkin guztiak bete ditu, Sustrai Colinak eta Nerea Urbizuk hitzordurako prestatutako abestiak soinu espazio guztia hartu zuen bezala. Maitatu ala gorrotatu, erdibiderik ez du utzi kantaren errepikapen nekaezinak.

Giro aparta Takoneran goiz osoan zehar

Asteburu batean jendea batzeko gurasoei umeendako entretenimendua eskaintzea baino hoberik ez dagoela jakitun, jolastoki erraldoi bihurtu dute goizean Takonerako parkea. Eskulan tailerrarekin batera, goizeko lehen ordutik martxan egon dira puzgailuak. Eta 11tarako abiatuta zen Txantreako erraldoien kalejira. Eguraldi onak, ‘Gora Bihotzak’ ikuskizunak eta topadantzek egin dute gainerako lana, goiz osoan zehar giro ederra sortu eta mantentzeko.

Ez da dena umeentzat izan, helduek ere badakite eta bere burua zaintzen. Bermut musikatua izan da eguerdian Laban, Iruñeko bihotzean, eta Kantuz taldeek soinua jarri diote Alde Zaharrari. Goiza errematatzeko, herri bazkariarekin apaldu ahal izan du nahi izan duenak goizean pilatutako gose eta egarria.

Siestaren tentazioa saihesteko erremedio ona topatu dute antolatzaileek. Kafearen orduan, Igandea Txarangak erakutsi die sabel beteei arratsaldeko manifestaziorako bidea. Galbiderik ez: Takonera ondoko Antoniutti parketik abiatu da, 17.30ak pasata, «Nafarroaren bihotzean euskararen etorkizunari ongi etorri erraldoia» eman nahi izan dion mobilizazioa.

«Hau baita euskararen lurraldea»

Oinarri baino, Irulegiko eskua aitzaki, efemeride berriak sortu eta euskaraz historiaren orrialde berriak idaztera zetorrela esan zuen Sorionekuak herri ekimenak urtarrilean. Gaurkoa izan da lehenengo saiakera, manifestazio jendetsu, alai eta koloretsu batekin bukatu den jardunaldi ederra. Ibilbide labur eta ez ohiko bat jarraitu du «Euskara, nafar guztiona» aldarrikapen-pankarta buru izan zuen martxak; Donibane aldera aurrena, segituan Pio XII etorbidea hartu, eta zuzen jarraituta, berriz alde zaharreko bidean.

Iritsi gabe, Takonera ondoko ‘Bosquecillo’-an amaitu da hainbat mila lagun bildu dituen mobilizazioa, indar handiko hitzartze batekin. Oholtza gainean, Saioa Crespo Andueza Tutera-Fontellaseko Argia ikastolako zuzendariak jarri dio mamia goizean gozatutakoari. Bere begi aurrean, manifestariekin batera, Euskal Herriko ekimen desberdinetako hamaika ordezkari, tartean “Zonifikazioari hordago”-ko kideak, euren pankartarekin.

Nafarroa osoko herri eta auzoak errepasatu ditu Anduezak, «Euskara Nafarroan ez da toponimia hutsa» argitu aurretik. «Batzuek pentsatzen dutenaren kontrara, euskara ez da inondik heldu, euskara hemen zen, euskara hemen da eta izango da. Ez da museoetan gorde nahi dugun pieza, gure bizitza blaitzen duen ezinbesteko elementua baizik», adierazi du Crespok.

«Euskaraz aritu nahi dugu, ari garela konturatu gabe ere», laburbildu du, hitzak ituan jarrita. Jotak zein bertsoak nafar guztionak direla aldarrikatu, eta abesti zaharrari buelta eman dio: «Nafarroa euskararik gabe ez da arraroa, ‘sorionik’ gabe ez da arraroa. Euskararik gabe, Nafarroa ez da, hau baita euskararen herria, lurraldea». Beti abesti berrien bila: «Ezin da ulertu, ezin da onartu, ezin da gozatu, euskararik gabeko Nafarroa».