INFO

Eguraldia lagun, jendetza bildu da Olarizun Araba Euskaraz jaian

Eguraldia lagun, jendetza biltzen ari da Olarizuko zelaietan Araba Euskaraz jaian parte hartzeko. Ttek elektrotxarangak sortutako kantaren erritmora,  ‘Lautada’, ‘Mendia’ eta ‘Erreka’ guneetan jai giroa da nagusi.


Goiz-goizetik ehunka dira Olarizura garraiobide ezberdinetan bertaratzen ari diren lagunak, Arabako zortzi ikastolek elkarlanean antolatu duten Araba Euskaraz jaian parte hartzeko. Hasierako orduetan euria egin badu ere, azken orduetan ateri da, eta asko dira Gasteizko hirigunetik oso gertu dagoen paraje natural horretara bertaratzen ari diren lagunak.

Goizeko 10.00etan izan da hasiera ekitaldia, antolatzaileen eta erakundeetako ordezkarien parte hartzearekin. Unai Mendizabalek Araba Euskaraz Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, «ikastolek gure prestutasuna berresten dugu Euskal Herrian zehar hezkuntza sistema propioa gorpuzten lanean jarraitzeko». «Inoren kontra eta guztien alde», azpimarratu du.

«Guztion eskuzabaltasunarekin egingo dugu bidea, bakarrik ezin delako», gaineratu du, eta eskaera bat egin du: «Erreparatu diezaiogun batzen gaituenari eta egin dezagun bidea hortik abiatuz. Benetan, euskal hezkuntza sistema berri batean sinisten badugu, batu gaitezen denok».

Zentzu honetan, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak ikastolek egindako lana goraipatu du, izan ere «gure gaur egungo hezkuntza sistema lan askoren fruitua da». 

Eta edizio honen ‘Ekin’ leloaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, «ez da jai egun bakar bateko leloa, baizik eta urte askoren emaitza, eta baita etorkizuneko begirada islatzen duena, ikastetxeen ekimenez gain, zerikusia duelako eragile guztien lankidetzarekin. Komunitate osoaren bulkadarekin».

«Premiazkoa da, inoiz baino gehiago, lankidetza ildo horri eustea, eta elkarlanaren erronka bizirik mantentzeko ikastetxeetan. Gizarte eraldaketan eragiten jarraitu behar dugulako euskararen eremuan», azaldu du, eta argi utzi du oraindik ere euskara indartu beharra dagoela.

«Baina aldi berean ezin dezakegu ahaztu azken belaunaldiek bizi izan duten hobekuntza, nabarmena delako», esan du Arabako ikastolen jaiari hasiera eman dion ekitaldian.

Araba Euskarazek, bestalde, duela berrogei urte argitaratu zen ‘Sinonimoen Hiztegiaren’ egile izan zen Bostak Bat elkarteari egin dio omenaldia. Gogoratu dutenez, 1981. urtean jaio zenetik «uzta oparoa» utzi du elkarteak hiztegigintzan. Bostak Baten izenean, Patxi Uribarren, Juan Luis Goikoetxea eta Ricardo Badiola elkarteko kideak hurreratu dira aitortza jasotzera.

Hiru gune nagusi

‘Lautada’, ‘Mendia’ eta «Erreka’ dira gaurko jaiak eskaintzen dituen hiru gune nagusiak, eta hiru espazio horietan, Potx eta Lotx pailazoak, Tor magoa, bertso emanaldiak, zunba saioak edota Amentia Ikastolak sortutako arte eszenikoen ikuskizunarekin gozatzeko aukera izan dute azken orduetan. Tonbola, tailer ezberdinak eta aurtengo ediziorako sortutako materialaren denda edota puzgarriak dira jaia eskaintzen ari den beste aukera batzuk.

Musika eskaintzari dagokionez, Trikidantz, STR, Kerobia edo Skabidean taldeak dira ordu hauetan Olarizun milaka gazte dantzan jartzen ari diren bandetako batzuk.

Azken kontzertuak 17.30an hasiko dira, eta txanda horretan Akerbeltz eta Malen Urbegain irakasleak idatzitako letran oinarrituta Araba Euskarazen kanta egin duen Ttek elektrotxaranga igoko dira eszenatokira.

Aguraingo Lautada Ikastolari bultzada emateko izango da gaurko jaian lortutako ekarpen ekonomikoa.